Gaur arratsaldean abiatuko da Bilboko Mendi Film zinemaldia. Guztira 55 pelikula erakutsiko dituzte —tartean euskal egiletza duten hamabi lan— 25 zinema saiotan banatuta, bi erakusketa nagusi izango dira, zortzi liburu aurkezpen, eta, horiez guztiez gain, mahai inguruak, tailerrak, gazteentzako eta haurrentzako saioak eta abar ere izango dira. Adin nagusiko egin den honetan, betea dator Mendi Filmen aurtengo ekitaldia.
Hasiera ekitaldia bihar, larunbata, egingo dute, baina gaur proiektatuko dute lehiaketako lehen pelikula (19:30, Euskaldunako 0B aretoa): Itsasora, Mikel Urdangarin musikariaren lana. Filma itsasoari buruzko kantu bat da, eta Unai Basurko nabigatzaileari eginiko aitortza. Egileak BERRIAko orriotan bertan azaldu zuen moduan, Itsasora magnetismo baten sakoneran murgildu nahia da, «zer indarrek erakartzen gaituen modu ia ulertezinean itsasorantz, alegia arriskurantz». Itsasora da «nabigatzaile bakartien arima kontatzeko ahalegina».
Horrez gainera, Poloniako Zakopane hiriko mendi museoak prestatutako Natura eta kultura: mendia, inspirazio iturri erakusketa inauguratuko dute, Trebunie Tutki folk musika talde poloniarrak girotuta. Folk musikan puntako taldea da munduan.
Jaiegun sendoak: Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, 'Best Day Ever', 'Climbing for Life', Antoine Le Menestrel...
Larunbatak, igandeak eta astelehenak bete-beteko programazioa dakarte, goiz, arratsalde eta gau.
Bihar, larunbata, Edurne Pasabani buruzko komikiaren aurkezpena izango da (12.00, Euskalduna 0B aretoa): Edurne Pasaban bera, komikiaren egileak eta Argiñe Areitio editorea izango dira ekitaldian.

Eguneko beste protagonista nagusia Juanito Oiarzabal alpinista izango da. Javier Alvarok hari buruz ondu duen Oiarzabal. entre Juan y Juanito pelikula izango da hasiera ekitaldiko estreinaldia (19:45, Euskaldunako auditorium nagusia).
Igandean bederatzi film proiektatuko dituzte. Best Day Ever (12:00etako saioa), Trango (17:00etako saioa) eta Climbing for Life (19:45eko saioa) dira nabarmenak. Lehena mendiko bizikleta egokituekin abentura bete-betean bizi duten txirrindularien istorio iparramerikarra da. Bigarrena, Karakorumeko Trangoko Dorre Nagusiaren eski jaitsiera ikaragarri bat. Eta hirugarrena, Junko Tabei alpinista japoniarrari buruzko pelikula, duela 50 urte Everest eskalatu zuen lehen emakumearen inguruko biopica.
Astelehenean, Antoine Le Menestrel eskalatzaile eta funanbulista frantziarrak bi lan ekarriko ditu: lehenik, Batisseurs de reves athomiques pelikula erakutsiko du (17:00etako saioa), eta, ondotik, eta Folambule liburua ere aurkeztuko du (19:00etako Mendi Talk). Eguna amaitzeko, berriz, Jesus Mari Lazkano margolariak Natura fugit (19:45eko saioa) animazio filma aurkeztuko du, formatu handiko 3.000 marrazkiren bidez Mont Blanceko Mer de Glace glaziarraren drama erakusten duen pelikula.
Lazkano ibilia zen aurrez ere Mont Blanceko inguru haietan, 23-24 urterekin, eta gogoan zuen glaziarra orduan nola zegoen. «Eta orain ikusi dudanean, arima bera ere pitzatu egin zait. Sekulako drama da». Horregatik, galderak sortu nahi ditu margolariak: «Zer egiten dugu ingurumenaren arazoari aurre egiteko? Zer egiten duzu zuk? Zer egiten dut nik? Natura fugit pelikularen arrazoietako bat hori da, nork bere buruari galdetzea zer ari den egiten, nola aldatu dezakegun gaur egungo joera».