Kirol eskaladako zailtasuneko Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute larunbatean Barakaldoko Climbat rokodromoan

Goizean, sailkapen fasea izango da, eta, 17:00etatik aurrera, finalak. Izen nagusi asko faltako dira, eta, ondorioz, oso irekia ageri da txapela lortzeko lehia.

Bi eskalatzaile larunbateko lehian, Barakaldoko Climbat rokodromoan. FELIX PEREZ / ANDER GARCIA
Bi eskalatzaile iazko txapelketan, Barakaldoko Climbat rokodromo berean. FELIX PEREZ / ANDER GARCIA
ramon olasagasti
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirol eskaladako zailtasuneko Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da larunbat honetan Climbat Barakaldo rokodromoan (Bizkaia). Maiatzaren 10ean jokatu zen Iruñeko Bihatz rokodromoan boulderrekoa –Ines Allende eta Eneko Carretero izan ziren txapeldun–, eta orain sokakoa egingo da. Blokeko txapelketa bezala, Barakaldokoa ere Nafarroako Mendi Federazioak eta Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatu dute elkarrekin, Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra organoaren barruan. Horrez gain, Opena ere izango da, eta beste herrialde eta erkidego batzuetako eskalatzaileak ere lehiatuko dira. «Helburuetako bat beti da eskalada sustatzea, eta eskaladaren inguruan festa erraldoi bat sortzea», azaldu du Aitor Usonek, EMFko eskalada ataleko arduradunak.

Larunbat goizean sailkapen fasea izango da, 09:00etatik 14:00etara. Kategoriak gaur egungo araudiaren araberakoak izango dira: 15 urtez azpikoak, 17 urtez azpikoak, 19 urtez azpikoak eta nagusiak. «Azken bi kategoria horietako eskalatzaileak elkarrekin lehiatuko dira, baina gero sailkapenak mailaka bereiziko dira. Hau da, 19 urtez azpiko eskalatzaile bat bietan izan daiteke Euskal Herriko txapeldun: maila nagusian eta 19 urtez azpikoetan», azaldu du Usonek.

Horrenbestez, goizeko sailkapen fasean, mailaz maila, eskalatzaileek bi bide gainditu beharko dituzte, eta horietan lortutako emaitzen arabera zehaztuko da finalera nor sailkatzen den. Kategoria bakoitzeko aurreneko seiak igaroko dira finalera. 17:00etatik aurrera izango dira finalak, bistaz –bidea aurrez ikusteko eta lantzeko aukerarik gabe– eta bide bakar batean.

Ekipatzaile lanetan Iñaki Arantzamendi, Beto Rocasolano eta Martzel Vicario ariko dira, azken hau praktiketan. Atzo hasi ziren bideak ekipatzen.

Iaz ere Barakaldoko Climbat rokodromoan jokatu zuten zailtasuneko txapelketa, baina joan den urtean Euskadikoa izan zen, eta Ines Allende eta Jon Barrutia izan ziren txapeldun. Aurten Ines Allende ez da izango Barakaldon, ezta Udane Mugika ere, lesio bat tarteko. Mikel Linazisoro, Eneko Carretero eta beste zenbait ere faltako dira, nazioarteko lehiaketetan baitabiltza. Beraz, oso irekia ageri da aurtengo txapelketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA