Nienke Brinkman holandarra eta Stian Angermund norvegiarra gailendu dira Zegama-Aizkorriko Kilometro Bertikalaren XII. ekitaldian. Eguraldi baldintza makurren eraginez ibilbidea laburtu eta gero, partaideek 4,2 kilometroko distantzia eta 756 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan dituzte. Irauleko tontorrean (1.520 metro) izan beharrean Itzubiagan izan dute helmuga 250 partaideek.
Nienke Brinkmanek 38 minutu eta 21 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Gogoan izan behar da Brinkmanek berak duela Zegama-Aizkorriko maratoiaren egungo marka, 2022ko ekitaldian lortutakoa: 4.16.43. Maite Maiorak 2017an lortutako denbora 18 minutu hobetu zuen holandarrak. Aurten ez du maratoian parte hartuko, baina bertikalean behintzat erakutsi du lehengo lepotik duela burua. Gaurko bertikalean bigarren Mirosława Witowska poloniarra izan da (39.48), eta hirugarren, Sladjana Zagorac espainiarra (40.23). Naiara Irigoien nafarra, azken hiru ekitaldietako irabazlea eta gaurko faboritoetako bat, laugarren izan da.
Brinkman pozik zen helmugan: «Oso lasterketa ona izan da. Irteera baino lehen pixka bat urduri nengoen, agian beldurtuta ere bai, azkenaldian ez bainaiz asko lehiatu trail running-ean. Lasterketan ondo sentitu naiz, eta estutzeko aukera izan dut, nahiz eta baldintzak zailak izan. Lokatz ikaragarria zegoen, eta tarte batzuetan zaila zen heldulekua aurkitzea, baina, hala ere, oso dibertigarria izan da. Horren bila etorri naiz, hain zuzen: lasterketa ona egitera eta gozatzera. Oso pozik nago garaipenarekin, eta, jakina, emaitza honek gehiagorako gogoz utzi nau».
Gizonezkoetan, Stian Angermund norvegiarra izan da Zegamako plazatik Itzubiagarako bidean azkarrena. Duela bederatzi urte, 2017ko ekitaldian, biak irabazi zituen norvegiarrak: kilometro bertikala eta maratoia. Bietan erakustaldia eman zuen, eta maratoian, gainera, ordura arteko markarik onena lortu zuen Angermundek: 3.45.08. Gero, Kilian Jornetek 2022an hobetu zuen marka hori eta egungoa ezarri (3.36.40). Gaurko bertikalean, Dominik Tabor poloniarra izan da bigarren (33.15), eta Jose Antonio Bellido espainiarra hirugarren (33.31).

Lasterketa amaitu berritan, «izugarria eta oso gogorra» izan dela adierazi du Angermundek. «Dominik Taborrekin eta nire taldean hirugarren zihoan beste korrikalari batekin borrokan aritu naiz. Igoera osoan oso lehia bizia izan dugu, eta kosta egiten zitzaidan haiei jarraitzea. Baina azken zatian, tarterik tenteenean, haiengana iritsi eta tartea zabaltzea lortu dut. Azken bost minutuetan bakarrik joan naiz buruan, izugarri sufritzen, hala ere. Jatorrizko bertikala egin ezin izan dugun arren, sekulakoa izan da igoera osoan publikoa animatzen sentitzea. Horrek energia handia eman dit. Lurra oso labainkor zegoen; oraintxe bertan lokatz zentimetro batzuen gainean nago zutik… eta izugarri gustatzen zait».
Kilometro bertikaleko sailkapen guztiak esteka honetan.
Bihar omenaldia, irabazle guztiei
Hain zuzen, bihar, larunbata, 12:30ean, Zegama-Aizkorriko garaile guztiei egingo zaien omenaldian izango dira Brinkman eta Angermund. Ekitaldi guztietako 30 hamar txapeldunetatik 24 bertaratuko dira Zegamara.
Igandean, berriz, mendi maratoia izango da. Egunotako euriarekin eta gailurreriako elurrarekin ibilbidea ez da gozoa egongo. Ez da lehen aldia izango: aurrez ere izan dira halako ekitaldiak, euria erruz egin duen urteak eta elurra egindako urteak. Alberto Aierbe lasterketaren zuzendari izandakoak oraindik gogoan du 2010ekoa. «Bezperan elurra egin zuen, eta hura erakustaldia Kilianek eman zuena, orkatza bezala elurretan saltoka, Irauletik Arbelarrera zapatilen gainean eskiatzen bezala».
Igandean ere hori da galdera: Gaindituko ote ditu inork Tove Alexandersson eta Kilian Jornet? Biak dira faborito nagusiak, ibilbide zailekin ondo moldatzen dira gainera, baina Zegamako irteeran izango diren korrikalarien maila izugarria da, eta ikustekoa izango da lasterketa.