Eskalatzaile eta mendizale komunitatearentzat berezia da Xabier Ormazabal Mendi Festa, eta festa iragartzen duen kartela ere halakoxea izaten da urtero. Aurtengoa da adibide garbia. Gattiken komunikazio kooperatibako Alex Areizaga eta Aritz Ormazabal dira egileak. Kartelaren bihotza rokodromoko helduleku bat da, bihotz formakoa. Hortik aurrerako poesia jar dezala norberak. Izan ere, irudiak iradokitzen duena desberdina izan daiteke batentzat eta bestearentzat. Indarra, maitasuna, magnesioa eta izarren hautsa —halaxe du izenburua Xabier Ormazabalen biografia jasotzen duen liburuak—, tango bihotza —Francis Diezen emanaldi batekin bukatuko dute festa—, helduleku bat memoriarentzat...
Norberari iradokitakoa edozer dela ere, «bete-betean asmatu dute», Andoni Ormazabalen irudiko. Xabier Ormazabalen anaia da Andoni, haren garrari bizirik eutsi ez ezik festari beste zabaldu bat ere eman diona. «Kartelak oso ondo jasotzen du festa honen esentzia, bihotzetik bihotzera, jende askorengana iristen baita». Eta festaren esentziaren harira, maiatzaren 9an Martin Ramirez de Alda eskalatzaileari Araotzen egindako omenaldia eta hango hizketaldi bat ekarri du gogora Ormazabalek. «Han bildutako batek esan zuen, ‘la hostia da, beti horrelakoetan elkartzen gara’. Eta Josean Mulasek erantzun zion: ‘Ez, hemendik aste pare batera berriro elkartuko gara denok, eta bizi-bizirik’. Izan ere, Xabi oroitzeko eguna baino zerbait gehiago da mendi festa. Elkartzeko eta bizitza goresteko aitzakia bat da», Ormazabalen hitzetan.
«Dolua itxi ondoren, mendi festa honek zerbait ederra ekarri du: Xabiren inguruan jende hori guztia batzea eta jaiegun bat igarotzea sekulakoa da guretzat»
ANDONI ORMAZABAL Xabierren anaia eta Mendi Festaren antolatzailea
Mendi eta eskalada giroko komunitate zabala elkartzen da egun horretan Urretxun, eta Xabier Ormazabalen familiak asko eskertzen eta estimatzen du batasun hori: «Dolua itxi ondoren, mendi festa honek zerbait ederra ekarri du: Xabiren inguruan jende hori guztia batzea eta jaiegun bat igarotzea sekulakoa da guretzat. Bizirik gaudenak elkartzea, eta batak besteari esan ahal izatea zenbat estimatzen dugun, hurrengorako planak egitea, ekitaldiez gozatzea...».
Bekaren irabazlea
Larunbateko mendi festan jakinaraziko dute nork jasoko duen iazko deialdiari dagokion beka. Laguntza 9.000 eurokoa da, eta lau proiektu aurkeztu dira beka eskuratzeko. Urretxuko Udalak duela hamar urte egin zuen bekaren lehen deialdia, eta hasieratik 3.000 euro jarri zituen mendizale gazteen ekinaldiak bultzatzeko. Joan den urtean WOP-The Walk On Project fundazioak eta Mendi Film jaialdiak bat egin zuten bekaren egitasmoarekin, eta bakoitzak 2.000 euroko ekarpena egin zuen. Eta aurten, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) beste 2.000 euroko ekarpena egingo dio Xabier Ormazabal Bekari, materialean erabiltzeko. «Gazteentzako beka da, gazteen proiektuei bultzada emateko sortua. Sinesten dugu gazteen proiektuetan, haien ilusioan, eta jarraitu nahi dugu haiei laguntzen. Bestalde, oso eskertuta gaude bultzada eta babes horrekin guztiarekin. Sekulako hauspoa da gazteen proiektuak bultzatzeko», nabarmendu du Andoni Ormazabalek.

21:00etan iragarriko dute nor den bekaren irabazlea. Aurrez eta ondoren, egitarau osoa, betea eta erakargarria izango da Gernikako Arbola plazan. Goiz osoan, eskalatzeko, tirolina edo slack line egiteko eta natura tailerretan parte hartzeko aukera izango dute haur eta gazteek. Herri bazkariaren ondoren, berriz, haurrentzako zinema emanaldia izango da. Jarraian, Juan Vallejok (Istorioak) zero azpitik liburua aurkeztuko du, Juanjo San Sebastianek gidatutako ekitaldi batean. Eta, segidan, Patxi Arozenak eta Patxi Usobiagak kirol eskaladari buruzko solasaldia egingo dute.
Ondoren, belaunaldien arteko eskalada erronka egingo dute; 19.30ean afari merienda eta zozketa, eta 20.30ean Jon Maiak eta Gorka Hermosak kontzertua emango dute. 21.30ean Iker Urangaren Izarren zaunka dokumentala ikusteko aukera izango da, Uranga bera eta Mikel Saez de Urabain protagonistak bertan direla. Eta 22.00etan Silvia Vidalek Alaska: un pas mes dokumentala aurkeztuko du. Bukatzeko, 23.00etan Doctor Deseo taldeko Francis Diezek kontzertua egingo du, gitarristak eta saxofonistak lagunduta.
Festan elkartuko diren guztiak bezala, egitarauko gonbidatuak ere asmo berarekin bertaratu ohi dira Urretxura, bizitza ospatzeko gogoz, lagunartera haiek ere, eskuzabal, borondate hutsez. Francis Diez bera ere bai. Eskalatzailea da Doctor Deseoko abeslaria, eta aldian-aldian joaten da Andoni Ormazabalen fisioterapia kontsultara tratatzera, eta behin baino gehiagotan atera da hizpidera festa. «Aldi haietako batean, sorbaldako errehabilitazioa egiten ari ginela, festarako proposamena egin nionean, esan ez zidan ba ‘kosta zaizu, moteil’. Eta aurrekontuarekin-eta konponduko ginela aipatu nionean, erantzun zidan: ‘Andoni, ez duzu ulertzen hau ez dela Xabiren festa bakarrik? Hau beste zerbait da, eskalatzaile komunitatearen festa bat da eta nik ere parte hartu nahi dut, eta nire ekarpena egin’. Filosofia hori dago festaren muinean, guztiek jartzen dute beren apur hori eta oso eskertuta gaude».
Juan Vallejorena da beste adibide bat. Liburuaren salmenten bidez egile eskubideetatik jasotakoa hurrengo bekaren deialdira bideratzeko asmoa agertu du alpinista gasteiztarrak. «Hala esan zidan: ‘ez dut uste liburu asko salduko dudanik, eta egileok ez dugu %10a besterik jasotzen, baina jasotakoa bekarako izango da. Nik neuk laguntza asko jaso dut nire ibilbidean, eta niri ere badagokit eskuzabal izatea eta gazteei laguntzea’. Beraz, beste bultzada bat izango da Juanena».
Egitaraua
Maiatzak 22, ostirala
22:00. Geure(r)a. harrobi dantza bertikala
Maiatzak 23, larunbata
9.00. Eskalada, eskola kiroleko haurrentzako.
11:00. Boulderra hasi berrientzat. Tirolina, slack-line, salto-salto eta natura tailerrak (eguerdira arte).
12.30. Boulderra, eskarmentuko jendearentzat.
14.00. Herri bazkaria.
15.00. Haurrentzako zine emanaldia izango da. Mendi Filmeko film hautatuak.
16.00. Juan Vallejoren liburu aurkezpena: (Istorioak) Zero azpitik. Ekitaldia Juanjo San Sebastianek gidatuko du.
17.00. Patxi Arozena eta Patxi Usobiaga eskalatzaileen arteko solasaldia kirol eskaladari buruz.
18.30. Belaunaldien arteko eskalada erronka.
19.30. Afari merienda eta zozketa.
20.30. Jon Maiak eta Gorka Hermosa. Kontzertua
21.00. Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena eta bere egitasmoa ezagutzera emango dituzte. 21.30. Iker Urangaren Izarren zaunka dokumentalaren proiekzioa.
22.00. Silvia Vidalen Alaska: un pas mes dokumentalaren proiekzioa.
23.00. Francis Diezen (Doctor Deseo) kontzertua, gitarristak eta saxofonistak lagunduta.