«Dekadentzia ez, independentzia» eskatu dute Katalunian, Diada egunez

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera 45.000 lagun atera dira kalera, iaz baino 17.000 gehiago. ANCk «mobilizazio handi bat» iragarri du datorren urteko udazkenerako, U-1aren hamargarren urteurrenaren harira.

Milaka lagun atera dira kalera gaur Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
Milaka lagun atera dira kalera gaur Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 11
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kataluniako mugimendu subiranistari indarra hartzeko deia egin dio gaur ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidenteak, Josep Vilak. «Inflexio puntu bat» planteatu du datorren urteko udazkenera begira «mobilizazio handi bat» egiteko, hamar urte beteko baitira 2017ko urriaren 1eko erreferenduma egin zutenetik; erantsi du hilabeteko epean erakunde subiranistek goi bilera bat egingo dutela mobilizazio hori prestatzeko. «Dekadentziarik ez, independentzia», esan du Bartzelonako Katalunia plazan gaur arratsaldean egindako ekitaldian, milaka lagunen aurrean.

Egun nazionala dute gaur Katalunian, eta manifestazioetara deitu dute arratsalderako ANCk eta Omnium erakunde subiranistek, Hor nago. Hor gaude. Independentzia lelopean. Bartzelonan, Gironan eta Ampostan deitu dituzte manifestazioak, eta, urtero bezala, 17:14an abiatu dira —Ampostakoa 16:30ean—. Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 45.000 lagunek hartu dute parte hiriburuko manifestazioan; iaz baino 17.000 gehiago dira, betiere udaltzaingoak orduko hartan emandako datuen arabera.

ANCk eta Omniumek, berriz, esan dute guztira 130.000 lagun mobilizatu direla hiru hirietan: 100.000 Bartzelonan, 17.000 Gironan eta 13.000 Ampostan. Horren berri eman du TV3 kateak.

Bartzelonan bi zutabe atera dira, «orainarena» eta «etorkizunarena»; bata Kale Nagusitik abiatu da, bestea Via Laietana kaletik, eta Katalunia plazan topo egin dute biek, manifestazioa abiatu eta ordubete ingurura. Bi zutabeek bat egin dutenean, emakumezko gazte bat eta gizon heldu bat elkartu egin dira, sinbolo gisa.

Aurrez, eguerdian, instituzioek eta erakunde zibilek lore eskaintza egin dute Rafael Casanovaren omenezko oroitarrian, Bartzelonan. Horretan parte hartu ondoren hitz egin dute ANCko presidenteak, Josep Vilak, eta Omniumeko buruak, Xavier Antichek, eta «beste kolpe independentista bat» emateko eskatu diete herritarrei: Vilak esan du independentziaren aldeko «eskaintzarik hoberena» estelada hartu eta «indarrez bultzatzea» dela; Antichek, berriz, adierazi du «zapalkuntzaren karpeta» itxi behar dela, «autodeterminaziorako eskubidearen karpeta» bueltan irekitzeko, aintzat hartuta, gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «aurki» ebatziko duela prozesu subiranistaren ondorioz erbesteratuta edo inhabilitatuta dauden politikarien geroaz —besteak beste, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiaren eta Oriol Junqueras presidenteorde izandakoaren geroaz—. Irailaren 22an hasiko da kasua aztertzen, eta espero da udazkenean iritsiko dela sententzia.

Bestalde, aske utzi dituzte mossoek atzo Bartzelonako Fossar de les Moreres plazan atxilotu zituzten hiru lagun, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi duenez. Aliantza Katalana alderdi ultrakoek elkarretaratzera deitu zuten atzo arratsalderako, eta, hainbat hedabidek kaleratu dutenez, CUPen bueltako erakunde batzuek deialdia egin zuten Aliantza Katalanaren presentziaren kontra. Plaza horretan oroitu izan dituzte 1714an Bartzelonako setioan hildakoak, horietako batzuk bertan baitaude lurperatuta.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA