AEBek Ekialde Hurbilean dituzten hainbat base militar bonbardatu ditu Iranek

AEBetako gerraontziek eta hegazkinek Irango ehunka guneri egin diete eraso. Gutxienez pertsona bat hil eta beste lau zauritu dira eraso horietako batean.

Emakume bat AEBen aurkako mural baten aurretik igarotzen, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH/EFE
Emakume bat AEBen aurkako mural baten aurretik igarotzen, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH/EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko uztailaren 13a
08:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ormuzko itsasarteak piztu du azken krisia. Handik igarotzen diren ontzien kudeaketa bere esku egotea nahi du Iranek, eta AEBek, berriz, pasabide librea izatea. Ondorioa, hauxe: elkarrizketa mahaia utzi, eta berriz ere bonbak jaurtitzen hasiak dira bi aldeak. Igandean egin bezala, AEBek Ekialde Hurbilean dituzten base militarrei egin die eraso Teheranek, AEBek Irango ehundik gora gune bonbardatu ostean. Gutxienez pertsona bat hil eta lau zauritu dira horietako batean. 

Washingtonek Omanen eta Bahrainen dituen baseak dira Teheranen erasoek jotako bi, baina ez bakarrak. Ormuzko itsasartea itxirik dago oraindik, eta Irango Guardia Iraultzaileak ohartarazi du ez dutela irekiko «AEBen esku hartzea amaitu eta itsasartean dauden herrialdeen subiranotasuna errespetatu ezean». Teheranek nabarmendu du petrolioaren eta gasaren merkatuak «gorabehera handiagoak» izango dituela gerra ekintzak eten ezean. Horren erakusgarri, petrolio upelaren prezioa nabarmen igo da, 79 dolarreraino. 

Ormuzko itsasartean dauden herrialdeen ekonomia petrolioaren salerosketan oinarritzen da batez ere. Ondorioz, itsasarteko joan-etorriak etenda edo ia erabat geldituta egoteak zuzeneko eragin du haiengan, baina baita nazioarteko merkatuetan ere, are gehiago kontuan hartuta Iranen eta AEBen arteko bitartekari lanak egiten ari diren herrialdeak ere bonbardatu dituztela, Qatar eta Oman alegia. 

Bi estatuen arteko meniari bide eman zion memoranduma ere bertan behera geratu da. Hain zuzen ere testu horretako bosgarren artikulua izan da bien arteko elkarrizketak blokeatu dituena. Teheranen arabera, ontzi orok Iranen baimena izan beharko luke handik igaro ahal izateko, iritzita Teheranek eskumena duela baimenik gabe igaro nahi dutenak geldiarazteko. AEBek, ordea, uste dute nabigazioak erabat askea behar duela izan, eta Teheranek ez duela eskumenik itsasontziak geldiarazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA