Iranek su etena urratzea leporatu die AEBei, eta ezbaian daude elkarrizketak

Washingtonek Irango zamaontzi bat atzeman du. Izatez, Islamabaden elkartzekoak dira bi aldeetako ordezkaritzak, baina Teheranek esan du ez duela joateko asmorik.

Donald Trump, atzo, Las Vegasen. RONDA CHURCHILL/EFE
Donald Trump, atzo, Las Vegasen. RONDA CHURCHILL/EFE
Paulo Ostolaza - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko apirilaren 20a
09:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tentsioak gora egin du berriz ere. Iranek su etena urratzea leporatu dio Washingtoni, eta ziurtatu du «erasotzaileari aurre egiteko prest» dagoela. Atzo, Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak jakinarazi zuen Irango zamaontzi bat atzeman dutela Ormuzko itsasartean. AEBak joan den astetik ari dira Irango portuak blokeatzen, baina barku hori atxikitzea beste pauso bat da, eta ikusteko dago ekintza horrek zenbateraino baldintzatuko dituen bi herrialdeen arteko elkarrizketak.

Izatez, gaur eta bihar artean dira negoziazioei berrekitekoak. Ordezkaritzek Islamabaden dute hitzordua, baina ez dago argi Irangoa bertan izango den. Horretarako asmorik, behintzat, ez du Teheranek. Hala jakinarazi du gaur Esmaeil Baqaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak. AEBen jarrera kritikatu du, eta gaineratu ez dutela diplomazia «serio» hartzen. Horregatik, bigarren elkarrizketa sorta airean dago: «Negoziazio prozesuaren jarraipenari dagokionez erabaki egokia zein den deliberatu behar dugu».

Halere, Washingtonekin hizketan segituko dutela baieztatu du Ebrahim Azizi Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako batzordeko presidenteak, baina ez du zehaztu Islamabaden izango diren edo ez.

Al Jazeeran egin dioten elkarrizketa batean, esan du Teheranek «seinale positiboak» jasotzearen araberakoa dela erabakia: «Ez dugu negoziazioak hausteko beldurrik izan. Agian, gaur edo bihar, gauzak hobeto aztertutakoan, ordezkaritza bat bidaltzea erabakiko dugu, betiere AEBetako negoziatzaileen taldearen seinale positiboren bat jasotzen badugu». Haiek gaur dira Pakistanera joatekoak.

Iran Washingtonen erasoari erantzuteko prest agertu zen atzo, baina gaur erantzun hori atzeratu egin dutela jakinarazi du armadako bozeramaileak. Teheranek argudiatu du AEBetako armadak atzemandako itsasontziko tripulazioa eta haien senideen segurtasuna bermatzeko hartu duela erabaki hori .

AEBetako armadak, bestalde, atxiki duten zamaontziaren bideo bat argitaratu du sare sozialetan.

Eta, bitartean, petrolioaren prezioa gorantz hasi da berriro: azken orduetan, brent petrolio upela %5 garestitu da, eta 95 dolarreraino iritsi da.

Irekiera eta blokeoa

Joan den astean, Iranek Ormuzko itsasarte estrategikoa ireki zuen, baina, azkenean, 24 ordu ere ez zituen egin irekita; ostiral arratsaldean ireki ondoren, Teheranek larunbat goizean itxi zuen berriro, argudiatuta AEBek eusten ziotela oraindik Irango portuei ezarritako blokeoari. 

Tregoa asteazken goizaldean bukatuko da, eta, oraingoz, ez dago arrazoirik pentsatzeko Israel eta AEBak ez direla egun batzuk barru Iran berriro bonbardatzen hasiko.

2

 

Iranen gaur exekutatukoak. Iranek bi preso exekutatu ditu gaur, Mosad Israelgo zerbitzu sekretuekin kolaboratzea egotzita. Azken hilabeteetan nabarmen egin du gora Israelekin harremanak izateagatik kondenatutakoen kopuruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA