Kolokan dago Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko bigarren elkarrizketa sorta; izatez, gaur eta bihar artean dira negoziazioei berrekitekoak, duela bi asteburu hasitako diplomaziak ez dezan porrot egin. Horri gehitu behar zaio asteazken goizaldean amaituko dela bi herrialdeek adostutako bi asteko su etena —Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, akordiorik lortu ezean «litekeena da» ez luzatzea—. Teheranek menia urratzea leporatu dio Washingtoni, AEBetako armadak Irango zamaontzi bat atzeman baitzuen atzo Ormuzko itsasartean, eta ziurtatu du «erasotzaileari aurre egiteko prest» dagoela. Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramailearen hitzak dira horiek; prentsaurreko batean AEBei leporatu die diplomazia «serio» ez hartzea, eta adierazi du «oraingoz» ez dutela aintzat hartu Islamabaden berriro biltzeko aukera: «Negoziazio prozesuari dagokionez, erabaki egokia zein den ikusi behar dugu».
AEBak joan den astetik ari dira Irango portuak blokeatzen, baina aipatu zamaontzi hori atzeman izana beste pauso bat da, eta ikusteko dago ekintza horrek zenbateraino baldintzatuko dituen bi herrialdeen arteko elkarrizketak. Are, Trumpen arabera, akordioa lortu arte eutsiko diote blokeoari.
Masud Pezexkian Irango presidenteak ere aditzera eman du oraingoz ez dutela biltzeko asmorik: «Elkarrizketa esanguratsuen oinarria konpromisoak betetzea da», idatzi du arratsaldean sare sozialetan. Erantsi du Teheranek «mesfidati» begiratzen diela Washingtonen ekintzei, eta, finean, herrialdea errenditzea nahi dutela: «Indarraren aurrean, irandarrak ez dira makurtzen».
Halere, hizketan segituko dutela ziurtatu du gaur Irango Parlamentuko Segurtasun Nazionalerako Batzordeko presidenteak, Ebrahim Azizik, baina ez du zehaztu ordezkaritzak Islamabaden bilduko ote diren. Al-Jazeeran egin dioten elkarrizketa batean, esan du AEBen «seinale positiboen» arabera hartuko dutela erabakiren bat. Batera edo bestera, JD Vance AEBetako presidenteordea eta Steve Witkoff eta Jared Kushner Etxe Zuriaren ordezkariak bihar dira Pakistanera iristekoak.
Su etena adostu eta gero, duela bi asteburu bildu ziren bi aldeak lehen aldiz aurrez aurre, Islamabaden, baina ez zuten lortu inolako akordiorik. Orain, Pakistango hiriburua prest dago bigarren bilkura hartzeko, nahiz eta ikusteko dagoen bihar bilduko ote diren; badaezpada, eta lehenbiziko bilkuran egin bezala, herrialdeko instituzioen eta enbaxaden egoitzak dauden gunea blindatu dute.
Elkarrizketak ez atzera eta ez aurrera dauden honetan, Donald Trump AEBetako presidenteak esan du lortuko duten akordioa Iranen programa nuklearra mugatzeko 2015ean sinatutako ituna baino «askoz hobea» izango dela —uranioa aberasteko muga bat ezarri zioten Teherani—. Trumpek bere lehen agintaldian (2017-2021) utzi zuen itun hori bertan behera, eta sare sozialetan idatzi du oraingo akordioak «bakea eta segurtasuna» lortuko dituela, non-eta «Israelen, Ekialde Hurbilean, Europan, Amerikan eta gainontzeko guztietan».
HEZBOLLAHK BERE GAIN HARTU DU ISRAELGO ARMADAREN AURKA EGINDAKO ERASOA
Hezbollah Libanoko milizia xiitak bere gain hartu du Israelgo armadako bi soldadu hil ziren erasoaldi bat. Joan den asteko ostegunean ezarri zuten hamar eguneko su etena Tel Avivek eta Beirutek, eta orduz geroztik Hezbollahk egin duen lehen erasoa izan da. Miliziak ohar batean zehaztu duenez, aurrez jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen asteburuan Libano hegoaldeko Kafr Kila herritik gertu, Israelgo armadak eraikinak-eta eraisteko bidalitako bulldozer bat lehergailuen gainetik igaro zenean. Armadak kaleratutako ohar baten arabera, erreserbistak ziren hildako biak.
Ormuz eztabaidagai
Negoziazio horien erdian, Arabiar Ligak bilera bat egingo du bihar, Ormuzko itsasartearen blokeoa dela-eta erantzun bateratu bat adosteko. Magrebeko eta Ekialde Hurbileko 22 herrialderen talde horren gertuko iturriek jakinarazi dutenez, Bahrainek antolatu du bilera, bideokonferentzia bidez egingo dute, eta herrialde bakoitzeko Atzerri ministroek hartuko dute parte. Efe albiste agentziak iturri horiek aipatuz zehaztu duenez, «eskualdeko gertakariak eta Iranek haien aurka egindako mehatxuak» aztertuko dituzte. Hala ere, ez dute esan AEBek bilera horretan parte hartuko duten edo ez; izan ere, Arabiar Ligako estatuen aliatu estrategikoak dira.
Kremlinek, berriz, adierazi du espero dutela Washingtonen eta Teheranen arteko negoziazioek aurrera egitea, Ekialde Hurbilari eta munduko ekonomiari kalte egingo dioten ondorioak saihesteko. «Egoera hauskorra da, eta ezin da aurreikusi nola jarraituko duen hemendik aurrera. Errusia ez da bitartekari lanetan ari negoziazio prozesuan, baina prest gaude laguntza emateko konponbide baketsu bat eta akordio bat lortzen laguntzeko», esan du Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.
AEBetako armadak, bestalde, atxiki duten zamaontziaren bideo bat argitaratu du sare sozialetan.
U.S. Marines depart amphibious assault ship USS Tripoli (LHA 7) by helicopter and transit over the Arabian Sea to board and seize M/V Touska. The Marines rappelled onto the Iranian-flagged vessel, April 19, after guided-missile destroyer USS Spruance (DDG 111) disabled Touska’s… pic.twitter.com/mFxI5RzYCS
— U.S. Central Command (@CENTCOM) April 20, 2026
Eta, bitartean, petrolioaren prezioa gorantz hasi da berriro: azken orduetan, brent petrolio upela %5 garestitu da, eta 95 dolarreraino iritsi.
Irekiera eta blokeoa
Joan den astean, Iranek Ormuzko itsasarte estrategikoa ireki zuen, baina, azkenean, 24 ordu ere ez zituen egin irekita; ostiral arratsaldean ireki ondoren, Teheranek larunbat goizean itxi zuen berriro, argudiatuta AEBek oraindik ere eusten ziotela Irango portuei ezarritako blokeoari.
Tregoa asteazken goizaldean bukatuko da, eta, oraingoz, ez dago arrazoirik pentsatzeko Israel eta AEBak ez direla Iran berriro bonbardatzen hasiko egun batzuk barru.
2
Zenbat lagun exekutatu dituzten gaur Iranen. Iranek bi preso exekutatu ditu gaur, Mosad Israelgo zerbitzu sekretuekin kolaboratzea egotzita. Azken hilabeteetan nabarmen egin du gora Israelekin harremanak izateagatik kondenatutakoen kopuruak.