AEBek Taiwango auzian duten jarreraz ohartarazi dio Xik Trumpi

«Gaizki kudeatzen bada, baliteke bi nazioak gatazkan sartzea, eta hori oso arriskutsua litzateke», adierazi dio Txinako presidenteak AEBetakoari, Pekinen. Bi herrialdeen arteko harremana goratu du Trumpek. Lagun arteko giroan hitz egin dute.

Xi eta Trump Pekinen, gaur. MAXIM XEMETOV / EFE
Xi eta Trump Pekinen, gaur. MAXIM XEMETOV / EFE
Igor Susaeta.
2026ko maiatzaren 14a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pekinek harrera lagunkoia egin dio Donald Trump AEBetako presidenteari. Irribarreak, desfile militarra, haurrak AEBetako eta Txinako banderak astintzen... Baina Xi Jinping Txinako presidenteak argi adierazi dio zerk baldintzatu dezakeen munduko bi potentzia ekonomiko nagusien arteko harremana: Washingtonek nola jokatzen duen Taiwango auzian. Izan ere, AEBek ekipamendu militarra saltzen dio 1949ra arte Txinaren parte izandako uharteari. «Gaizki kudeatzen bada, baliteke bi nazioek tupust egitea, gatazkan ere sartzea, eta hori oso arriskutsua litzateke», ohartarazi dio Xik Trumpi gaur, bi agintarien arteko aurrez aurrekoan. Etxe Zuriak bilerari buruzko ohar bat kaleratu du, «ondo» joan dela azalduz, baina aipamenik ez dio egin Taiwango auziari. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkaria ere Txinan dago, eta NBC hedabideari esan dio AEBen politika auzi horretan ez dela aldatu. 

Trump atzo gauean heldu zen Pekinera, eta han egongo da bihar arte bidaia ofizialean. Gaur, eguna hasteko, Txinako Gobernuak ekitaldi solemneetarako erabiltzen duen Herriaren Areto Handian bildu dira Xi eta Trump. Biek azkeneko hamarkadan egindako zazpigarren bilera izan da; 2017az geroztik Txinan egindako aurrenekoa.

Beren arteko gerra komertzialean tregoan daudela batzartu dira, eta Xinhua Txinako berri agentziak kaleratu duenez, Xik eskatu dio Trumpi «lagunak izatea, ez arerioak», bi herrialdeen interesek bien arteko «aldeak» gainditzen dituztelako. Eta berretsi egin du beste batzuetan esandakoa: «Ez dago garailerik gerra komertzial batean». Eta ondoren, afarian, hitza hartu duenean, giro onean, ideia hori bera plazaratu du. Ekitaldi berean, Trumpek adierazi du «oso berezia» dela bi herrialdeen arteko harremana, topa egin du bi herrialdeen «oparotasunarengatik», eta Xi Etxe Zurira gonbidatu du; eguna ere jarri du: irailaren 24a.

Goizean, bilera gelako ateak itxi aurretik, komunikabideen aurrean, afarian egin gisan mintzatu da, eta esan bi superpotentzien arteko harremana izango dela «inoiz baino hobea». Bide batez, Xi «lagunarekin» duen harremanaz ere mintzatu da. «Erlazio bikaina eduki dugu, ondo konpondu izan gara, eta arazoak egon direnean irtenbidea eman diegu. Nik deitzen nizun, zuk deitzen zenidan».

Itxi dira ateak, eta, Txinako hedabideen arabera, hitz egin dute agendan zituzten gaiez: Ekialde Hurbileko egoeraz, Ukrainako gerraz, Ipar Koreaz, harreman komertzialez... Eta Taiwanez. «Auzirik garrantzitsuena da AEBen eta Txinaren arteko harremanetan», azpimarratu dio Xik Etxe Zuriko maizterrari, Xinhuak argitaratu duenez.

Teheranek erasoak egitea egotzi dio Abu Dhabiri

Frogarik erakutsi gabe, baina Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak egotzi die Arabiar Emirerri Batuei Israelek eta AEBek Iranen kontra egindako erasoen parte izatea. «Ez dago inolako zalantzarik», esan die gaur kazetariei New Delhin, non parte hartzen ari den BRICSekoen bilera batean. Araghtxiren esanetan, Abu Dhabik baimena eman zien Israeli eta AEBei, beren lurraldetik Irani eraso egin ahal izateko. Horren guztiaren harira, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak adierazi zuen atzo Netanyahu bildu zela Mohamed bin Zayed al Nahyan Arabiar Emirerri Batuetako printzearekin, erasoaldiaren erdian —otsailaren 28an hasi zen; tregoa bat dago apirilaren 8tik—. Abu Dhabik ukatu egin du.

AEBen komunikatuan ez diote erreferentziarik egin horri. Oharrak dioenez, hitz egin dute bien arteko lankidetza ekonomikoa hobetzeko moduez; Ormuzko itsasartea ere izan dute hizpide, eta biek uste dute hori ireki behar dela —Teheranek blokeatuta dauka otsailaren 28tik, AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik—; hori bai, Etxe Zuriaren esanetan, Txina prest agertu da etorkizunean AEBei petrolioa erosteko, itsasarte horretako gorabeheren «menpe» ez egoteko.

Hitzik ez Taiwanez. Pekini ez zaio gustatzen, ordea, AEBek zer jarrera duten auzi horretan. Txinarentzat, Taiwan bere lurraldearen parte da oraindik, eta ez du baztertzen posizio hori indarrez defendatzea. Washingtonek anbiguotasun estrategikoa delakoari jarraitzen dio auzi horretan; hau da, eragotzi egin nahi du bai Txinak hura hartzea, baita Taiwanek estatu gisa aitortza edukitzea ere nazioartean. AEBentzat leku inportantea da hura bai geoestrategikoki, bai ekonomikoki —munduko mikrotxipen erdiak baino gehiago han ekoizten dituzte—, baita Txinaren gaitasunak higatzeko orduan ere.

(ID_16073776) CHINA USA DIPLOMACY
Xi eta Trump Pekinen, gaur. MAXIM XEMETOV / EFE

Horregatik, besteak beste, militarki laguntzen du. Iaz, urtearen amaieran, Etxe Zuriak Taiwani 11.000 milioi dolarreko —9.400 milioi euroko— arma salmenta bat egitea onartu zuen, orain arte herrialde horri egindako handiena, eta horrek Txina sutu zuen, eta gerra arriskuaz ohartarazi. Azken urteetan ohikoa bihurtu da Txinako armadak ariketa militarrak egitea Txina Ekialdeko itsasoan, Taiwan inguruan. Eta Taiwanek erantzun izan du ez diola muzin egiten borrokari. Aintzat hartu behar da, gainera, Lai Ching-te Taiwango presidenteak statu quo-ari eutsi nahi diola; alegia, nabarmentzen duela ez daudela Pekinen menpe. Txinak independentistatzat jotzen du.

Eta Xiren gaurko adierazpenak argitaratuak izan eta gutxira, Taiwango Gobernuaren bozeramaile Michelle Leek agerraldi bat egin du, eta adierazi Txinaren mehatxu militarrak direla bi herrialdeen artean «ezegonkortasun iturri bakarra», eta berretsi du AEBen babesa dutela. Lai presidenteak ere hori bera azpimarratu nahi izan zuen Trumpen bidaia hasi aurretik. 

Hain zuzen, Txinara eraman duen hegazkina hartu aurretik, Trumpek azaldu zuen badakiela Xik ez duela gustuko AEBek Taiwani armak saltzea, eta horri buruz eztabaidatuko zutela. Dena den, Ronald Reagan AEBetako presidente zen garaian, 1982an, AEBek Sei Bermeak delakoa onartu zuten, zehazteko zein rol jokatu behar zuten Txinaren eta Taiwanen arteko harremanean. Sei printzipio dira, eta horietako batek zehazten du ez diola Pekini galdetuko Taiwani saldutako armez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA