Minneapolisen (AEB) ICEÂ Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarreko agenteek 37 urteko gizon bat hil dute gaur, tiroz. Minnesotako hiriburuan hiru astean hil duten bigarren pertsona da. Hain zuzen, ICEko agenteen indarkeria eta sarekadak salatzeko egindako greba orokorraren biharamunean gertatu da bigarren hilketa.
Minnesota estatuan Immigrazioko Polizia egiten ari den lana txalotu eta txalotu aritu da asteon Donald Trump presidentea, Etxe Zurira itzuli zenetik urtebete igaro zela-eta emandako hitzaldian: milaka «gaizkile» atxilotu dituztela, atzerritik etorritako jende «arriskutsua» kanporatzen ari direla... Etxe Zurian elkartutako kazetarien aurrean, ordea, ez zion garrantzi handirik eman urtarrilaren 7an Minneapolisen jazotakoari. Orduan, ICEko agenteek Renee Nicole Good 37 urteko emakumea hil zuten tiroz, eztabaida bat izan ostean. Ez zuen aipatu hiri berean ICEren indarkeria salatzeko protestetan gizon bati hanka batean emandako tiroa, eta hitzik ez asteon agente horiek Texasen atxilotu duten 5 urteko haurraren inguruan ere.
Horren guztiaren harira, atzo greba orokorrera deitu zuten Minneapolisen; ehunka saltoki itxi zituzten, eta milaka herritar atera ziren protestan. Gaur, baina, ICEko agenteen beste indarkeria kasu baten berri izan dute Minneapolisen. Albistea zabaldu eta segituan poliziei aurre egin diete dozenaka herritarrek. Facebook sare sozialean zabaldu da hilketaren bideoa. Polizia batekin eztabaidan ari da gizona, eta beste hainbat agentek inguratu eta lurrera botatzen dute. Lurrean jo ostean, agente batek hainbat tiro egin dizkio.
2025eko uztailetik hona, ICEko 2.000 polizia baino gehiago zabaldu ditu Trumpen administrazioak Minnesotan, eta azken asteetan sarekadak areagotu ditu estatu horretan. Horrek Minnesotako gobernu demokrataren haserrea eragin du. Eta gaurko gertakariaren ostean honako adierazpen hauek egin ditu Tim Walz gobernadoreak sare sozialetan: «Etxe Zuriarekin hitz egin berri dut. Higuingarria da. Presidenteak operazioa geldiarazi beharra dauka. Atera ditzatela Minnesotatik prestakuntzarik ez duten milaka agente biolento hauek. Orain bertan!».
Trumpen administrazioaren arabera, ICEko agenteak «legez kanpoko migrante bat» atxilotzera bidean zirela gizon bat agenteengana hurbildu da. Eta, Segurtasun Departamentuak zabaldutako ohar baten arabera, gizonak arma bat zeraman soinean. Horregatik egin zioten tiro. Minneapolisko Poliziak argitu du gizonak armak edukitzeko baimena zuela.