Aireportuetako ilarak, kontrolak eta itxaronaldiak: hegaldi bat hartzeko orduan nagi gehien eragiten duten kontuetako batzuk dira. Bada, azken asteetan, AEBetako aireportuetako funtzionamendua moteldu egin da. Segurtasun kontroletako langileak soldatarik kobratu gabe daude, eta askok uko egin diote lanera joateari. Zenbaitetan, ilarak aireportutik kanpora ere luzatu dira, eta milaka bidaiarik galdu dituzte hegaldiak. Baina Donald Trump AEBetako presidenteak badu «soluzioa»: ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarra bidali du aireportuetara.
Kontua da polizia horiek ez daudela prestatuta aireportuetako segurtasun kontroletan lan egiteko, eta eztabaida sortu da ICEko agenteek beste operazio batzuetan egin dituzten gehiegikeriak direla medio.
Zergatik daude kobratu gabe aireportuetako langileak?
Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren aurrekontuak blokeatuta daude otsailaren 14tik, Kongresuko ordezkari demokratak eta errepublikanoak ez direlako ados jarri ICEren finantzaketaren inguruan. Demokratek ez zituzten agentzia horren aurrekontuak babestu, migranteen aurka egin dituzten sarekada masiboak salatzeko. Eta departamentuaren menpeko gainerako agentzien finantzaketa onartzea proposatu zuten; errepublikanoek, ostera, ez zuten onartu departamentuaren aurrekontuak zatitzea.
TSA Garraio Segurtasuneko Administrazioa ere Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren menpe dago. Eta TSAkoak dira aireportuetako segurtasun kontrolak egiten dituzten langileak. Hortaz, langile horiek soldatarik jaso gabe aritu dira lanean azken asteetan, eta askok lanera ez joatea erabaki dute.
Zergatik bidali ditu Trumpek ICEko agenteak?
Aireportuetako segurtasun langileei «laguntzeko» bidali dituela esan du, eta sortutako atzerapenak arintzeko. Igandean egin zuen iragarpena, eta astelehenetik immigrazioko poliziak dabiltza herrialdeko hainbat aireportutan.
«Astelehenean, ICEko agenteak aireportuetara joango dira beren postuetan lanean jarraitu duten TSAko agente zoragarriei laguntzera. Gure herrialdean legez kanpo sartu diren kriminal gogorrenak babesten baino ez dira ari ezker muturreko demokratak, eta AEBak arriskuan jarri dituzte kontratuetan adostutako dirua blokeatuta. Orain, Tom Homan handia dago agintean!», idatzi zuen Trumpek igandean, Truth Social bere sare sozialean. Urtarrilaren amaieratik, Tom Homan AEBetako mugen tsarraren agindupean daude ICEko agenteak.
Zer egiten dute ICEko agenteek aireportuetan?
AEBetako hainbat hedabidetan egindako adierazpenetan, Homanek ziurtatu du Immigrazio agenteek ez dutela segurtasun kontroletan parte hartuko. Baina ICEko poliziek aireportuetako agenteek egiten dituzten beste jarduera batzuk egingo dituztela argitu du; hala, «ilarak gutxituko dira». Esaterako, immigrazioko poliziek aireportuetako sarrerak eta irteerak kontrolatu ahal dituztela iradoki du Homanek, baita bidaiariak kontrol guneetara sartu aurretik identifikatu ere. «ICEko agente bat ez da X izpien makina bat gainbegiratzen arituko; ez gaude horretarako prestatuta», aitortu du.
Andre Dickens Atlantako alkateak argitu du ICEko agenteek ez dutela migrazio kontrolik egingo aireportuetan. Atlantako Hartsfield-Jackson aireportua da azken egunetan pilaketa handienak nozitu dituenetako bat: astelehenean, esaterako, hainbatetan hiru ordutik gorako ilarak egon ziren segurtasun kontrolak igarotzeko. AEBetan bidaiari gehien hartzen dituen aireportua da Hartsfield-Jackson.

Zenbat agente bidali dituzte?
«Ehunka» agente bidali dituztela jakinarazi du Lauren Bis Segurtasun Nazionaleko Departamentuko bozeramaileak. Baina ez du datu zehatzik eman, ezta zein aireportutara joango diren esan ere, «segurtasun arrazoiengatik». The Washington Post egunkariak kaleratu duenez, gutxienez herrialdeko hamalau aireportutan dabiltza jada ICEko agenteak: besteak beste, Atlantako Hartsfield-Jackson aireportuan, New Orleanseko Louis Armstrongen eta New Yorkeko J. F. Kennedyn.
Zerk eragin du kezka?
ICEko agenteak ez daude prestatuta aireportuetan lan egiteko. Hori salatu du Gobernuko Langileen AEBetako Federazioko presidente Everett Kelleyk —federazio horren kide dira TSAko 50.000 langile baino gehiago—. Horregatik, uste du aireportuetako segurtasun langileei soldatak ordaintzea dela soluzioa, ez «prestakuntzarik gabeko agente armatuak» bidaltzea: «Ikusi dugu zein arriskutsuak izan daitezkeen».
Bide beretik, Chuck Schumer Senatuan demokraten burua denak ziurtatu du immigrazioko Poliziak ez duela aireportuetako segurtasuna areagotuko. Are gehiago, astelehenean kaleratutako ohar batean ohartarazi zuen ICEko agenteen presentziak «tentsioa» sortuko duela: «ICEkoek arazoak sortzen dituzte joaten diren toki guztietan». Minneapolisen migranteen aurka abiarazitako operazioa ere aipatu du Schumerrek.
Metro Surge operazioaren baitan, immigrazio poliziek sarekada masiboak egin dituzte azken hilabeteetan Minnesota estatuan —operazioa amaitutzat eman zuten otsailaren 12an—; demokratek agente horien gehiegikeriak salatu dituzte: haurrak atxilotu dituzte, baimen judizialik gabe sartu dira etxeetan, eta bi pertsona hil dituzte.