Ez dute akordiorik itxi. Islamabaden, Pakistan bitartekari zela, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Irango ordezkariek hogei ordu baino gehiago eman dituzte aurrez aurre negoziatzen, baina ez dute aurrera pauso erabakigarririk eman. Dena den, bi aldeek hitz egiten segitzeko asmoa erakutsi dute.
JD Vancek, AEBetako presidenteordeak, esan du mahaitik altxatu direla Iranek ez dituelako AEBen baldintzak onartu, besteak beste, ez duelako hartu arma nuklearrik ez garatzeko konpromisorik. Bilera amaitu berritan, Vancek Pakistango bitartekarien lana goraipatu du: «Benetan saiatu dira laguntzen, arrakalak ixten eta akordio bat lortzen. 21 ordu eman ditugu horretan, eta benetako hainbat eztabaida izan ditugu irandarrekin. Hori da albiste ona».
«Albiste txarra, berriz, akordio bat ez erdietsi ez izana da. Uste dut hori albiste okerragoa dela Iranentzat, AEBentzat baino. Argi utzi diegu zeintzuk diren marra gorriak, baina gure baldintzak ez onartzea erabaki dute». Vanceren arabera, «oso proposamen sinplea» egin diote Irani, «gure azken eskaintza». «Ikusiko dugu onartzen duten ala ez» esanez amaitu du, hizketan jarraitzeko asmoa dutela agerian utziz.

Fars berri agentziaren bidez, Teheranek azaldu du AEBen «eskakizun zentzugabeak» izan direla akordio bat lortu ez izanaren arrazoia; besteak beste, ez dira ados jarri Ormuzko itsasartearen kudeaketaren inguruan. Dena den, ziurtatu dute alde bietako adituak eta Pakistango bitartekariak adostasun puntuak topatzeko lanean jarraitzen dutela, «jarrerak gerturatzeko». Iranen arabera, proposatutako testuak aztertzen ari dira adituak, eta lan hori amaitutakoan elkartuko dira berriro.
Iranen ordezkaritzaren buruak, Mohamad Baqer Qalibaf parlamentuko presidenteak, bi baldintza jarri zituen herenegun negoziazioei ekiteko: Washingtonek zigor ekonomikoak kentzea Teherani, eta Israelek Libanoren kontrako erasoaldia etetea. Ez bata ez bestea ez dira bete.
Ordezkaritzak
AEBetako ordezkaritzaren burua JD Vance izan da, eta alboan eduki ditu Donald Trump presidenteak Ukrainako eta Gazako gatazkak konponbidean jartzeko egindako bileretara ere bidali ohi dituen negoziatzaileak: Steve Witkoff, iazko urtarrilean Etxe Zurira iritsi arte higiezinen sektorean jardundakoa; eta Jared Kushner, presidentearen suhia. Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik ere bilkuran parte hartu du.
TRUMPEk esan du ORMUZEN MINAK KENTZEN hasi direla aeb-ak
Â
Iranek Ormuzko itsasartean jarritako pertsonen kontrako minak kentzen hasi dira AEBak. Hori idatzi du Donald Trump AEBetako presidenteak Truth Social bere sare sozialean. Etxe Zuriko maizterraren arabera, «mundu guztiari mesede bat egiten» ari dira modu horretan. «Txinak, Japoniak, Hego Koreak, Frantziak, Alemaniak eta beste askok, harrigarriki, ez dute ez adorerik ez borondaterik lan hori beren kabuz egiteko». Ordu batzuk geroago AEBetako armadak ohar batean adierazi duenez, hori egiteko «baldintzak ezartzeko» operazio bat hasi dute.
Iranek ez du pasabidea guztiz ireki azken egunetan, ezin izan dituelako mina guztiak bilatu, eta ez duelako gaitasunik horiek kentzeko. Hori kaleratu du The New York Times egunkariak, AEBetako funtzionarioak aipatuz. Informazio horren arabera, Iranek minak jarri zituen itsasartean aurreko hilabetean, Israelek eta Iranek haren kontrako erasoaldia hasi eta gutxira. Trumpen hitzetan, Iranek horretarako erabilitako ontziak «itsas hondoan» daude. Â
Washingtonek eta Teheranek bi asterako tregoa bat adostu zuten asteazkenean —otsailaren 28an AEBek eta Israelek Iranen kontrako erasoaldia hasi zutenetik Trumpek Teherani amore emateko egindako bosgarren ultimatumaren epemuga betetzeko oso denbora gutxi falta zenean—, eta epe horrek negoziatzeko behar luke. Â
Trumpen esanetan, su eten bat ezartzea ez ezik, Ormuzko itsasartea irekitzea ere adostu zuten bi aldeek. Baina Iranek kontrolatutako pasabide horretatik tantaka ari dira pasatzen itsasontziak azkeneko egunetan. Espezializatutako webguneen arabera, dozena bat ere ez egunero; eta kontuan hartu behar da erasoaldiaren aurretik 140 inguruk zeharkatzen zutela —handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru—. Menia indarrean sartu eta ordu bakan batzuetara, Teheranek jakinarazi zuen trafikoa berriro blokeatu zuela, argudiatuta Israelek ez zituela eten Libanoren kontrako erasoak. Atzo, negoziatzen hastear zirela, Israelek beste hamahiru lagun hil zituen Libanon.
Ikusi gehiago