Aliantza Demokratikoak berriz irabazi ditu bozak Portugalen, eta ultraeskuina goraldian da

Montenegro lehen ministroaren alderdiak botoen herenak lortu ditu ia, baina ez du gehiengo osorik izango Asanblea Nazionalean. Alderdi Sozialistak nabarmen egin du behera —botoen %23,4—, eta gertu izan du Chega ultraeskuindarra —%22,6—.

Montenegro (AD) garaipena ospatzen, bart, Lisboan. MIGUEL A. LOPES / EFE
Montenegro (AD) garaipena ospatzen, bart, Lisboan. MIGUEL A. LOPES / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 19a
08:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak Portugalgo joera aldaketaren isla izan dira: eskuinen nagusitasuna sendotu da, eta ezkerra beherantz ari da. Europan zehar azken urteetan hedatu den joera da. Horren erakusgarri, asteburu honetan Errumanian eta Polonian egindako presidentetzarako bozetan eskuinaren eta eskuin muturraren arteko lehia izan da, eta ezkerreko hautagaiak aukerarik gabe geratu dira. Portugalen,  inkestek ez dute huts egin, eta, horietan iragarri bezala, Luis Montenegro lehen ministroaren AD Aliantza Demokratikoa eskuineko koalizioak irabazi ditu bozak, botoen %32,7 lortuta (89 eserleku). Hala, iazko hauteskundeetan baino alde handiagoz gailendu da; botoen %28,85 lortu zituen orduko hartan.

Gora egin du Chegak ere. Eskuin muturreko alderdi horrek botoen %22,6 bildu ditu, iaz baino lau puntu gehiago. Hala, PS Alderdi Sozialistak bezainbeste ordezkari izango ditu Asanblea Nazionalean: 58 eserleku. PS izan zen atzoko galtzaile nagusia: ia bost puntu egin du behera iaztik, hogei ordezkari galdu ditu, eta alderdiko lider Pedro Nuno Santosek dimisioa eman du.

Iazko martxoan egindako bozen ostean iritsi zen gobernura AD koalizioa —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua—. Baina, agintean 11 hilabete egin ostean, martxoaren 11n, Luis Montenegro lehen ministroak galdu egin zuen bere familiaren negozioei egotzitako irregulartasunen harira bultzatutako konfiantza mozioa, eta bozetara deitu zuen. Egin dituzte hauteskundeak, eta, emaitzei erreparatuta behinik behin, aferak ez dio kalterik egin eskuineko koalizioari: iazko emaitzak hobetu ditu, eta 89 ordezkari izango ditu Asanblea Nazionalean.

Halere, Montenegroren alderdiak ez du gehiengo osorik izango; horretarako 116 eserleku behar dira. Montenegrok martxoko konfiantza mozioari egin zion erreferentzia atzo gauean Lisboan emandako hitzaldian: «Herriak hitz egin du, eta berretsi du konfiantza duela gobernuarengan, ADrengan eta lehen ministroarengan».

«Herriak hitz egin du, eta berretsi du konfiatza duela gobernuarengan, ADrengan eta lehen ministroarengan»

LUIS MONTENEGROPortugalgo lehen ministroa eta ADko burua

Atzoko bozek erakutsi zuten, bestalde, ezkerrak gero eta babes apalagoa duela Portugalen. PSk behin baino ez zituen horren ordezkari gutxi lortu Asanblea Nazionalean. 1985ean 57 eserleku eskuratu zituen, baina, atzo arte, beste inoiz ez zituen hirurogei ordezkari baino gutxiago izanak behe ganberan.

Alderdi Sozialistak ia hamar urte jarraian egin zituen gobernuan (2015-2023), harik eta Antonio Costa lehen ministro ohiak (2015-2024) dimisioa eman zuen arte. Ordutik egin diren bi bozetan, Santos izan da PSren lehen ministrotarako hautagaia; 43 eserleku galdu zituzten iaz, eta beste hogei aurten. Santosek bere gain hartu zuen porrotaren erantzukizuna, eta dimisioa aurkeztu. Orain barne hauteskundeak egingo dituzte alderdiko lider berria hautatzeko.

PSren historiako bigarren emaitza txarrenak lortu ostean, Nuno Santos liderrak barne bozak deitu zituen. Irudian, PSko liderra atzo gauean, Lisboan. JOSE SENA GOULAO / EFE
PSk azken berrogei urteetako emaitza txarrenak lortu ostean, Santos liderrak barne bozetara deitu zuen. Irudian, PSko liderra atzo gauean, Lisboan. JOSE SENA GOULAO / EFE

Krabelinen Iraultzak 50 urte bete zituen iaz, hark eman zion amaiera Portugalgo diktadura aldiari (1933-1974). Nolanahi ere, eskuin muturra itzuli egin da Portugalera, eta bozez boz emaitzak hobetzen ari da. 2019an sortu zen Chega, eta, urte bereko bozetan, eserleku bat lortu zuen asanblean. 2023an, hamabi eskuratu zituen; iaz, 50, eta atzoko bozen ostean 58 izango ditu, PSk bezainbeste. «Gaur ofizialki esan dezakegu amaitu dela bipartidismoa», adierazi zuen Andre Ventura Chegako buruak, emaitzak jakin ostean emandako hitzaldian. 1974tik aurrera egindako hauteskunde guztietan lehen eta bigarren postuan txandakatu dira PS eta PSD —batzuetan PPrekin koalizioan, beste batzuetan bakarrik—.

Gobernabidea, zalantzan

Montenegroren alderdia atzoko bozetatik indartuta atera bada ere, ezingo du gobernurik osatu PSk eta Chegak haren aurka egiten badute. Boto gehien lortu duten hiru alderdien atzetik geratu da IL Ekimen Liberala. Alderdi hori ere eskuinekoa da, baina bederatzi eserleku lortu ditu; beraz, ADri babesa ematen badio ere, eskuineko koalizioak oraindik urrun izango luke gehiengo osoa.

ILren atzetik geratu dira Portugalgo espektro politikoan PS baino ezkerrerago dauden hiru alderdiak: Livre (6 diputatu), komunisten eta ekologisten CDU Koalizio Demokratiko Unitarioa (3 diputatu), eta BE Ezkerreko Blokea (diputatu 1). Ordezkari bat lortu du PAN Pertsonak-Animaliak-Natura alderdiak, eta, lehen aldiz, eserleku bat izango du Madeira uhartediko alderdi erregionalista batek, JPP Batera Herriaren Alde alderdiak. Asanblea Nazionalean lau eserleku geratzen dira oraindik partitzeko. Atzerriko botoek erabakiko dituzte horiek, baina ez da aldaketa handirik izango.

Ventura Chegako buruarentzat «bipartidismoa amaitu da» Portugalean. Irudian, Ventura atzo, Lisboan. TIAGO PETINGA / EFE
Chegako buruarentzat «bipartidismoa amaitu da» Portugalen. Irudian, Ventura atzo, Lisboan. TIAGO PETINGA / EFE

Montenegrok ez du oraingoz aliantzez hitz egin, eta atzo gauean oposizioari mintzatu zitzaion: «Herriak ez du nahi beste gobernu bat, ezta beste lehen ministro bat ere. Gobernatzen utz diezagutela exijitzen dugu». Aurreko bozen ostean, Chegak aliantza bat osatzeko proposatu zion ADri. Eskuinak, ordea, orain arte uko egin izan dio eskuin muturrarekin akordioak egiteari. Aurtengo hauteskunde kanpainan, Montenegroren alderdia ultraeskuinaren diskurtsora hurbildu da, batez ere migrazioaz hitz egiterakoan. Orain, baina, Chega ez dago duela urtebeteko kokaleku berean. «Ia-ia gobernatzeko moduan gaude», adierazi zuen atzo alderdi ultraeskuindarreko buruak. Oraingoz ez dio aterik ireki ADrekin koalizioa osatzeari, beraz, posible da Venturak oposizioaren buru izateko hautuaren alde egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.