Amnistia aplikatu arte erbestetik ez itzultzeko gomendatu dio abokatuak Puigdemonti

Kataluniako Generalitateko presidente ohiari atxilotze agindua berriz ezarri diezaioketela ohartarazi du Gonzalo Boye haren abokatuak. 'Vilaweb'-en hitz egin du Boyek, 'La fi de l’exili' bideopodcastean.

Puigdemont eta haren abokatu Gonzalo Boye 2024an, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Puigdemont eta haren abokatu Gonzalo Boye 2024an, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko urriaren 7a
20:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua kendu badio ere, Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratua Kataluniara itzultzea ez dela aukera egokiena uste du Gonzalo Boye haren abokatuak. Amnistia aplikatu artean, behinik behin, ez itzultzeko gomendatu die Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohiei —haiek ere erbestean daude—. Are, Boyeren ustez, Puigdemontek ez luke itzuli behar azaroaren 29an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin bitartean; ez, behintzat, bozen kanpainan. Bederatzi urte daramatzate Belgikan erbesteratuta.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzo agindu zuen amnistia legea aplikatzeko Dolors Bassa Generalitateko Lan kontseilari ohiari. Bassari diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten zioten, Kataluniako prozesu subiranistako beste hainbat liderri leporatzen dioten delitu bera hain justu ere. Hortaz, Espainiako justizia instantzia gorenak ebatzi du kasu horietan ere aplikagarria dela amnistia legea. Hortaz, ezerezean uzten du Auzitegi Gorenak Puigdemonti eta beste hainbat lider subiranistari amnistia ez aplikatzeko erabili izan duen argudioa. Horiek horrela, Pablo Llarena Goreneko epaileak behin-behinean atxilotze agindua kendu zion atzo Generalitateko presidente ohiari.

Puigdemontek, ordea, ez zuen argitu noiz itzuliko den. Waterloon (Belgika) egindako agerraldi batean azpimarratu zuen erbestera «politika egitera» jo zuela, eta itzulerak ere «zentzu politikoa» izango duela. Hain justu, Boyek azaldu duenez, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak ere badu zentzu politikoa. Vilaweb-ek gaur estreinatutako La fi de l’exili (Erbestealdiaren amaiera) bideopodcastean hitz egin du Boyek; abokatuaren arabera, Candido Conde-Pumpido Konstituzionaleko presidenteak «presa» du amnistia aplikatzeko, PSOE Espainiako Alderdi Sozialistak hori nahi baitu.

Abokatuak ohartarazi du zein arrisku izan ditzakeen amnistia aplikatu baino lehenago itzultzeak: prozedura legala abian denez, Puigdemont Madrilera eraman ahal izango luketela jakinarazi du, eta han beste atxilotze agindu bat ezarri. Halere, Boyek uste du Espainiako Gobernuak Puigdemont hauteskunde kanpainan itzultzea nahi duela: «Sozialistek hori nahi dute, eta pozik egongo lirateke hauteskunde kanpainan erabili ahal izango balute». Gomendioak gomendio, azken erabakia Puigdemontena berarena dela aitortu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA