Bederatzi urteko erbestealdiaren ondoren, Kataluniara itzultzeko eguna geroz eta gertuago ikusten du Carles Puigdemontek. Izan ere, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak bertan behera utzi du Kataluniako Generalitateko presidente ohia atxilotzeko agindua. Erabaki horren berri eman du Goreneko instrukzioko epaileak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ia-ia hori agintzen duen sententzia bat ontzat jo ondoren. Erbestera joateak bezala, itzulerak ere «zentzu politikoa» izango duela adierazi du Puigdemontek gaur arratsaldean Waterloon (Belgika) egindako agerraldian. Ez du argitu, ordea, noiz itzuliko den Kataluniara.
Generalitateko presidente ohiaren hitzetan, gaurko erabakia bederatzi urteko «errepresioaren» amaiera izango da, baina amnistia legea, bere horretan, «ez da soluzioa»: «Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka historikoa politikaren bidez konpondu behar da, ez epaitegietan». Eta gaineratu du Konstituzionalaren gaurko erabakia «porrota» dela amnistia legea oztopatzen aritu diren Espainiako botere publikoentzat.
«Politika egitera jo genuen erbestera, eta ekinean aritu gara itzulerak ere zentzu politikoa izango duela ziurtatu arte»
CARLES PUIGDEMONT Kataluniako Generalitateko presidente ohia
Espainiako Estatuko justizia instantzia gorenak gaur txosten bat onartu du eskatuz amnistiatzeko Dolors Bassa Generalitateko Lan kontseilari ohiari egotzitako delitua, diru publikoa bidegabe erabiltzearena —babes helegitea jarri zuen Bassak, Gorenak ez ziolako amnistia aplikatu—. Auzitegi horretako gehiengo progresistak ontzat jo du Candido Conde-Pumpido presidentearen testua, eta, bide batez, doktrina ezarri du ebazteko falta diren babes helegiteei begira. Eta handik minutu gutxira iritsi da Puigdemonti atxilotua izateko arriskurik gabe Kataluniara itzultzeko bidea emango dion erabakia: Llarenak haren aurkako atxilotze agindua indargabetu du. Gainera, bertan behera utzi ditu Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari ohien aurkako atxilotze aginduak ere. Hirurak Bruselara erbesteratu ziren 2017ko urri amaieran, U-1eko independentzia erreferenduma egin eta aste batzuetara, Espainiako Gobernuak buruzagi independentisten kontrako errepresioa areagotu ondoren.
Eta hori deliberatu du Llarenak, Konstituzionalak Puigdemonten babes helegiteaz —hori aurkeztu zuen iaz, Gorenak ez zuelako amnistiatu— ebatzi aurretik. Izan ere, Llarenak, funtsean, argudio berak erabili zituen amnistia ukatzeko 2019an zigortuak izan ziren Generalitateko kontseilari ohiei —Bassari, Oriol Junquerasi, Raul Romevari eta Jordi Turulli—, baita erbesteratu zirenei ere. Eta erabakia argudiatzeko, autoan azpimarratu du, hain justu, «kointzidentzia nabarmen» bat dagoela Bassaren helegitean aztertutako «gertakarien» eta «auzi juridiko eztabaidagarrikoen» artean; hau da, Puigdemonti-eta egotzi dizkietenen artean.
Espainiako hedabide batzuek Llarenaren autoa eskuratu dute, eta magistratuak horretan dio Konstituzionalaren ebazpena aztertu bitartean behin-behinekoa dela hartu duen erabakia. Gaineratu du, bide batez, hautua ez duela egin, «automatikoki», Konstituzionalak Gorenaren doktrina auzitan jarri ondoren, eta kautelazko neurriak gainbegiratzearekin lotu du. Instrukzioko epaileak dioenez, Gorenak Konstituzionalaren sententziaz ebatzi arte atxilotze ordenari eusteak «kalteak» eragin litzake gerora.
Konstituzionalaren sententziak Gorenaren jokabidea kritikatu du. Iruditzen zaio amnistia legearen —Espainiako Kongresuak onartu zuen 2024ko maiatz amaieran— «interpretazio zabala» egin duela, eta hori «arauaren espirituaren eta helburuaren kontrakoa» izan dela. Kontuan hartu behar da zer esaten duen legearen hitzaurreak; besteak beste, helburu duela «elkarbizitza eta kohesio soziala hobetzea», eta «sentsibilitate politiko askotarikoak integratzea».
JxC-k esan du ez duela itunik egingo PP-rekin eta Voxekin
Datorren azaroaren 29an egitekoak diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, JxC Junts Per Catalunyak ez du babestuko PPk eta Voxek osatutako koalizio gobernu bat; ez du harekin itunik egingo. Hori nabarmendu du Miriam Nogueras JxCren Kongresuko bozeramaileak, Catalunya Radion egin dioten elkarrizketa batean. Gogorarazi du, gainera, 2023ko bozen ondoren PPren eta Voxen arteko gobernu bat galarazi zutela; «aukeraketa bat» egin zutela, alegia. «Guk aukera bat eman genion Pedro Sanchezi, baina ez du aprobetxatu», esan du Noguerasek.
Zazpi magistratuk bozkatu dute alde, eta bostek kontra. Belarrietatik tira egin diote Gorenari, iruditzen baitzaie «legezkotasunaren interprete desegokiaren rola» hartu duela, horretarako, gainera, «epitetoak, kalifikatzaileak, aditzak eta adberbioak baliatuz [...], zeinak ez diren beharrezkoak hartutako erabakia oinarritzeko; gainera, onartezinak dira elementalki aintzat hartuta errespetu instituzionala mantendu behar dela».
Hitzaurrean jasotakoa
Horiek horrela, Konstituzionalak, kaleratu duen ebazpenaren bidez, eskatu dio Gorenari idatz dezala ebazpen berri bat, haren bidez diru publikoaren erabilera bidegabearen delitua amnistiatzeko. Amnistia legeak jasotzen du ez duela amnistiatzen «norbanakoen aberasteari» bide eman dioten diru publikoaren erabilera bidegabea. Amnistia ez aplikatzeko, hain zuzen, Gorenak argudiatu du diru publikoa «irabaziak lortzeko» baliatu zutela. Baina, gaur plazaratutako ondorioetara heltzeko, amnistia legearen hitzaurrean jasotakoari erreparatu dio Konstituzionalak. Zera eskatzen du, finean: diru publikoa bidegabe erabiltzeko delitua amnistiatzeko, prozesu independentistari dagokionean.
EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ere oniritzia eman zion amnistia legeari. Azpimarratu zuen, besteak beste, testua bateragarria dela talde komunitarioaren zuzenbidearekin. Aurreko uztailean izan zen hori. Dena den, zera esan zion BERRIAri 2019an Gorenak epaitutako buruzagi subiranista baten abokatuak: «Legeak zer dioen argi dago. Gorenak espero gabeko moduan interpretatu ohi du legea».
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Gorteetarako hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratuko dituela jakinarazi eta biharamunean iritsi da Konstituzionalaren eta Gorenaren erabakia.