Alemanian badago Auto Gidarien Alderdi gisa ezagutzen den talde sinboliko bat. Bertako kideak ez dira ezkerrekoak edo eskuinekoak (gehienak klase ertaineko eta adin handiko gizonezko kontserbadoreak badira ere), eta, transbertsalitate horretan, ideia bakar batek batzen ditu: autoa eskubide ukaezin eta ukiezina da. Europako lehen potentzian, estatus sozialaren eta askatasunaren sinbolotzat jotzen da kotxea, eta, txantxetan esaten bada ere, alemaniarrek soilik autoetan, bidaietan eta aseguruetan gastatzen dutela dioen esapidea nahiko zehatza da.
Hori hala, ez da harritzekoa Friedrich Merzen gobernuak Bruselan egin duen presioa 2035etik aurrera errekuntza motorra duten auto berrien salmenta debekatzen zuen legedia atzeratzeko eta erregai sintetikokoak onartzeko. Merzi ez dio askorik axola trantsizio energetikoa EBren klima-politikaren zutabeetako bat izatea. Berlinen arabera, araudia onartu zenean ez ziren behar bezala kontuan hartu unean uneko behar ekonomikoak, industrialak eta politikoak. Beste modu batean esanda: Alemaniako autogintzak krisi handia pairatzen du —batez ere sektore elektrikoak—, eta ez da esperimentuetarako garaia.

Herrialdeko automobil-sektorearen pisu estrategikoak zeresan handia du gobernuaren erabakian; izan ere, munduko fabrikatzaile handienek (Volkswagen Taldeak, BMWk eta Mercedes-Benzek, besteak beste) presio handia egin dute. Berlinen aurreikuspenen arabera, 2035ean debeku osoa ezartzeak lantegien itxierak, deslokalizazioak eta enplegu-galera handiak ekarriko lituzke, egun, automozio-etxe nagusiak ez direlako Txinako ibilgailu elektrikoekin lehiatzeko gai. Batez beste, ekoizpen alemaniarreko kotxe elektrikoak txinatarrak baino %40-45 garestiagoak dira, eta Errusiako gasaren iturria itxi zenetik ekoizpen-kostuak biziki hazi dira. Haatik, dirulaguntza publikoen amaierak azken kolpea eman die auto elektriko berrien matrikulazioei.
Merzi ez dio askorik axola trantsizio energetikoa EBren klima-politikaren zutabeetako bat izatea. Berlinen arabera, araudia onartu zenean ez ziren behar bezala kontuan hartu unean uneko behar ekonomikoak, industrialak eta politikoak
Â
Edonola ere, analisi ekonomiko batzuk harago doaz, eta galdutzat jotzen dute autogintza elektrikoaren aldeko apustua Alemanian. Markarik handienek haien egutegiak berrikusi dituzte. Volkswagenek elektrifikazioaren gaineko inbertsio gehienak moteldu ditu, BMWk estrategia multiteknologikoaren aldeko apustua indartu du, eta Mercedes-Benzek auto guztiz elektrikoak ekoizteko egutegia leundu. Klima-neutraltasunarekiko konpromisoa berresten dutela diote, baina trantsizioaren erritmoak merkatuaren benetako eskariari egokitu behar zaizkiola nabarmendu dute.
Gauzak horrela, Auto Gidarien Alderdia pozik dago Alemanian. Ez da haien garaipen bakarra. Duela bi urte, herrialdeko autobideetan abiadura limitea ezartzea helburu zuen lege-proposamena bertan behera uztea lortu zuten, eta oraingoan erregai sintetikoen bizitza luzatzea lortu du lobby indartsuak.