«Turkiako Gobernua Irango gerrari begira dago, eta zain dago ea zer bilakaera duen, hurrena zer pauso eman erabakitzeko. Baina, hain zuzen, prozesu honek pausoak ematea eskatzen du. Negoziazioa luzatzeak prozesua sabotatu nahi dutenei baino ez die mesede egingo». Kurduen aldeko DEM Herrien Berdintasunaren eta Demokraziaren Aldeko Alderdiko diputatu Ceylan Akçak honela laburbildu du zertan diren «elkarrizketak» Abdullah Ocalanen, kurduen mugimenduaren, eta Turkiako Gobernuaren eta Parlamentuaren artean: «Mugimendu apoistak egina du elkarrizketetan egin beharrekoa; orain Estatuaren txanda da». Urtebete igaro berri da PKK desegin zenetik, Ocalanen eskaerari jarraituz.
Dena dela, badirudi Turkiako Estatuak ez duela pausorik eman; are gehiago, elkarrizketa horiei «terrorismorik gabeko Turkia baten aldeko prozesu» deitzen die behin eta berriz. Hori probokazio etengabea da, besteak beste, DEM alderdikoentzat, gizarte zibileko elkarte askorentzat eta ezkerreko zenbait alderdirentzat, buru-belarri ari baitira konfiantza eta errespetu giroa sortzeko ahaleginetan oraindik oso polarizatuta dagoen gizarte batean.
Egun hauetan egindako adierazpen batzuk salbu, Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuak ez die erantzun Turkiako hainbat gizarte mugimenduk eta nazioarteko komunitateak egindako eskaerei. Zera eskatzen diote Ankarako gobernuari: «itxaropenerako eskubidea» errespeta dezala, Ocalani aitortzeko modukoa iruditzen baitzaie; izan ere, hark 27 urte daramatza Imrali uharteko segurtasun handiko kartzelan preso.
«Itxaropenerako eskubide» hori beste zenbait preso politikori ere aitortu beharko litzaieke, parlamentuko batzordeak otsailean bake prozesuari buruz berariaz kaleratutako txostenean zazpigarren artikuluan jaso zuen bezala. Turkiako Gobernuak hori aplikatuko balu, urrats garrantzitsua litzateke. «Turkiako kartzeletan 18.000 preso politiko inguru daude», azaldu du Akça diputatuak. «Kopurua aldatuz doa etengabe; ezinezkoa da datu zehatza jakitea, une oro batzuk askatu eta beste batzuk atxilotzen baitituzte. Gainera, beste dozenaka mila pertsona daude, eta ez naiz esajeratzen ari, kausa judizialak argitzeko eta sententziak aplikatzeko zain. Horrek esan nahi du litekeena dela are jende gehiago egotea espetxean».
Beste neurri bat ere jaso zuten aipatutako txostenean: «Beste esparru juridiko bat sortzea eta lege erreforma bat egitea gerrillari ohientzat, bide eta egitura jakin bat ezarri eta hala PKKko gerrillariei gizarteratzen laguntzeko; ez soilik Iranen mendeko Kurdistango mendietakoei, baita Europan edo munduko edozein lekutan iheslari dabiltzan eta kausa judizialak direla-eta beren herrialdera itzultzerik ez duten milaka gerrillariei ere». Oraingoz gobernuak ez du urratsik egin bide horretan.
«Mugimendu apoistak egina du elkarrizketetan egin beharrekoa; orain Estatuaren txanda da»
CEYLAN AKÇA DEM alderdiaren diputatua
Nahiz eta gobernua geldirik dagoen, DEMek nazio mailako eta nazioarteko topaketak antolatzen ditu oraindik ere noizean behin, bake prozesua oinarri hartuta eta etorkizunari begira. Ekialde Hurbila sutan den honetan, Diyarbakirren, Turkiaren mendeko Kurdistango hiriburuan, Bakearen eta Askatasun Sozialaren Aldeko Foroa egiten ari dira orain. Nazioarteko hainbat gonbidatu izango dira, nork bere bizipenak kontatuko ditu gatazkak eta horien konponbideei buruz, eta, era berean, hizpide izango dute borrokalari ohiak gizarteratzeari buruzko auzi korapilatsua.
Izen berria
Mendian, PKK Kurdistango Langileen Alderdia ere ez dago besoak gurutzatuta. Maiatzaren 5ean, beren kasa alderdia desegitea erabaki zutela iragarri eta urtebetera, hitzaldi bat eman zuten zuzenean Kurdistango mendietatik, eta zera adierazi komunikatu luze batean: «Gobernuak oraindik ez ditu beharrezko neurri legalak hartu prozesuak aurrera egin dezan». Gainera, zera azpimarratu zuten: «Prozesuak aurrera egin duela esan ahal izateko, lehenago Abdullah Ocalanen egoera argitu beharko da, eta hark libreki lan egiteko modua izan beharko du».
Indar bereziz nabarmendu zuten hau adierazpenean: «Gu tentuz jokatzen ari gara Kurdistango iritzi publikoan eragiteko eta herritarrak datorren horretarako prestatzeko, eta Turkiako herriei mezu positiboak helarazten ari gatzaizkie, konponbide politiko demokratiko bat lortzeko asmoz. Gobernuko zenbait eledun eta boterearen hurbileko prentsa, ordea, iritzi publikoa datorrenerako prestatu beharrean, jarrera negatiboak sustatzen aritu dira. Oposizioaren aurkako ikuspegi negatibo horrek ere eragotzi egin du babes soziala handitzea».
Komunikatua ez zuen PKKk sinatu, mugimendu apoistak baizik, hots, Aporen jarraitzaileek —Ocalanen goitizena da Apo—. Hori dela eta, PKKn aldaketaren bat gertatu den susmoak dituzte hedabide batzuek. Erakundearen aitzindarietako batek, Mustafa Karasuk, zera argitu zuen: «Apoistak ginen duela 50 urte, eta apoistak gara gaur. Apoista sortu ginen, hasieratik. Mugimendu hau Apo presidentea agertzearekin batera sortu zen: bere ideologia azaldu eta zabaldu zien adiskideei, eta apoista gisa antolatu zituen. Ez da egia, batzuek iradoki bezala, beste mugimendu bat hasi eta beste izen bat hartu dugula».