Errusiako erregai krisiak ez du amaierarik

Moskun murriztuta dauzkate erregaiak, eta Errusia barnealdean, berriz, hornikuntza arazoak dituzte. Erregaien urritasunak begien bistan utzi du normaltasuna itxurazkoa dela herrialdean.

Moskuko gasolindegi bat itxita, duela bi aste. ALEX BUSTOS
Moskuko gasolindegi bat itxita, duela bi aste. ALEX BUSTOS
Alex Bustos
Mosku
2026ko irailaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusian inork ez zuen espero gasolina falta izatea. Halaxe daude, ordea, 2024ko maiatzaz geroztik. Eurasiako erraldoiak ugari ditu hidrokarburoak, oso: erreserbei dagokienez, munduko zortzigarrena da; produkzioan, berriz, bigarrena. Hala ere, Reutersek eta beste berri agentzia batzuek Mendebaldeko adituen estimazioak kontuan hartuta kaleratu dutenez —eta Aleksandr Xokhin herrialdeko patronal handienaren presidenteak ere baieztatu du berriki, BBC hedabidean—, Errusiaren gaitasuna %30-%40 inguru apaldu da ukrainarrek etengabe findegietan, oliobideetan, biltegietan eta beste azpiegitura funtsezko batzuetan egindako erasoen ondorioz, eta horrek hautsi egin dio ekoizpen katea. Probintzietan okerrago dago kontua. Azken gorabeheretako bat Moskutik 400 kilometro eskasera dagoen eskualde batean izan dute, Smolensk-en: zerbitzugune gehienetan ez dute gasolinarik. Penzan ere, Errusiaren Europako partean, berdin daude, gasolinarik gabe.

Gerra hasi zenetik, 2022ko otsailetik, Errusiako agintariek ahaleginak egin dituzte eguneroko bizimodua ahalik eta normalena izan dadin. Guztia oparoaldian zen bezala izatea nahi dute: garai hartan, bazegoen bidea atzerriko zernahi gutizia eskuratzeko, hala nola Alemaniako kirol autoak eta AEBetako telefonorik berrienak. Oraingo errealitatea, ordea, arrunt bestelakoa da: luxuzko ondasunak iristen dira oraindik, baina eguneroko bizimoduan handiak dira zailtasunak, eta horren erakusgarri dira zenbait tirabira. San Petersburgon, gizon bat hil zuten ekainaren 30ean, autorako gasolina hartzeko zain zegoela, gasolindegiko ilaran izandako liskar batean. Halako istiluak maiz gertatu dira Errusia guztiko gasolindegietan, norbaitek txanda-pasa egin duelako ilaran, edo baimendu baino gasolina gehiago hartu nahi izan duelako.

Jekaterinburg-en, Wagner-eko bi mertzenario ohi garrasika hasi zitzaizkion hango kazetari bati, auto ilara luzeen argazkiak egin nahi izan zituelako, eta Ukrainaren aldeko espioi lanetan aritzea leporatu zioten. Irudiak ezabatzera behartu zuten, eta pasaportea erakutsarazi. Errusiako komunikabide independenteek esan zuten krisiak, okerrenean zegoelarik, 83 eskualderi eragin ziela —eta 86 dira guztira, Ukrainari hartu eta anexionatutakoak barne—. Haietako berrogeitan gutxienez, murrizketak izan dituzte lehenago edo geroago, eta petrolio enpresek eroste mugak ezarri dizkiete bezeroei.

Hiriburuan ere bai

Krisialdi minean, Moskun ere hornidura arazoak izan zituzten, eta metropoliaren erdialdeko gasolina hornigailuak hutsik zeuden beti. Irudia sinbolikoa zen oso, Plaza Gorritik hurbilen dagoen zerbitzugunean kartel hau baitzegoen, gidariei abisatzeko: «Ez dago erregairik». Dena dela, hiri handi hori da krisia gutxien nabari den tokietako bat. Probintzietan askoz ere okerrago daude. Tokirik kaltetuenetako bat Jakutsk da, Sakhako hiriburua. Siberiako hiri horretan, bost gasolindegitan baino ez zeukaten salgai erregaia abuztuaren 21ean. Eskualde hartan, biziki kezkagarria litzateke arazoak luze irautea, tenperatura latza baita urteko hilabeterik hotzenetan: zeropeko 55 Celsius gradu. Halako klima gogorra izanik, autoak martxan jarri behar dira negu guztian; bestela, ezinezkoa litzateke berriz abiaraztea.

2024ko ekainean, webgune bat jarri zuten abian: Gdebenz —errusieraz, non aurkitu gasolina—. Horren bitartez, jakin daiteke zer zerbitzugunetan duten erregaia, zeinetan ez, eta batez beste zenbat itxaron behar den bakoitzean. Erabiltzaileek berek ematen dute informazioa; beraz, ez da guztiz fidagarria, baina lagungarria da gorabeherarik ez izateko gasolina hartzeko orduan. Moskuko Taganskaia auzoko gasolindegi batean, kartel batek dio itxita dagoela matxura tekniko bat dela kausa. Gidari batzuek ondoan aparkatuta dauzkate autoak; haietako zenbaitek haserre aurpegia dute, aspertuta baitaude. «Nazka-nazka eginda nago. Beste gasolindegi batetik etorri naiz, han jende gehiegi baitzegoen, baina hemen ere gasolinarik ez», azaldu du Vasili izeneko herritar batek.

Antzera dauden beste batzuk ditu ondoan: guztiak gasolina bila dabiltza, baina ez dute ilaran orduak pasatu nahi. Beste moskutar bati iritzia galdetu, eta hitz gordin bat bota du aurrena, frustrazioaren ondorioz. Ez du izenik eman nahi, baina gehitu du horrela ibiltzea ez dela batere ohikoa: «90eko urteez geroztik ez zen halakorik ikusten hemen».

Beste gasolindegi batzuetan ere, hornidura etenda dago, edo ilarak ohi baino luzeagoak dira. Moskun arazoa arindu nahian, Kremlin hiriburuko hornikuntza blindatzen saiatu da, eta, horretarako, erregaia eraman du Siberiako findegi batzuetatik, besteak beste Atxinsk-etik. Gainera, esportazio bideak alderantziz egiten hasi da: gasolina findua erosi die Bielorrusiari eta Indiari, besteak beste; lehen, gerra hasi aurretik, haiek erosten zioten Errusiari.

Erregai eskasiak gogorrago jo ditu zenbait sektore, hala nola taxiak. Alor horretako profesional batek, Aibek-ek, esplikatu du askoz zailagoa zaiola orain lan egitea: «Lehen, bazter guztietan har nezakeen gasolina. Orain, zorteko ez banabil, denbora asko galtzen dut bueltaka edo zain. Horrek gehiegi luzatzen dit lanaldia». Kommersant egunkariak argitaratu zuenez, Taxi Enpresen Elkarte Nazionalak ziurtatu du taxilariek nahiago dutela ibilbide luzerik ez egin eta hirietan ez sartu, atera ezinik geratzeko beldurrez. Askok utzi egin diote lan horri: %10 eta %20 bitarte dira utzitakoak, eskualdearen arabera. Hori ikusita, enpresa handienetako batek, Jandex Taxi-k, eskaera formala egin du gasolinaren errazionamendua arintzeko bere gidariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA