Olatz Urkia

Irainik gabe, mezu irmoago bat

2026ko martxoaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean amaitu zen Ipar Koreako Alderdi Komunistaren kongresu nagusia. Bost urtean behin egiten dute, eta aste bat irauten du. Alderdiaren 5.000 kide inguruk hartzen dute parte, eta, besteak beste, herriaren hurrengo bost urteetako helburuak ezarri eta alderdiaren idazkari nagusia hautatzen dute. Noski, Kim Jong-un berriz hautatu izana ez da inorentzat sorpresa izan; benetako hautaketa baino gehiago, propaganda egiteko momentua da. Ipar Koreako komunikabideek hedatu dituzten irudietan, milaka gizon beltzez jantzita Kim Jong-uni aldi berean txalo egiten ikusten dira.

Propagandaz harago, hala ere, kongresu horretan gertatzen denak informazio handia ematen du Ipar Koreak hurrengo urteetarako nahi duenaz; duela bost urteko kongresuan, adibidez, Ameriketako Estatu Batuak Ipar Korearen etsai nagusi zirela deklaratu zuten, irain artean. Oraingoan, aldiz, ezohiko deklarazioak egin ditu lider iparkorearrak: Ameriketako Estatu Batuekiko harremanek ez dutela zertan txarrak izan esanez, hori bai, baldintza argiekin: Ameriketako Estatu Batuek behingoz onartu dezatela Ipar Korea ahalmen nuklearra duen estatu bat dela.

Nazioartera begira

Ipar Koreako komunikabide agentziak ostegunean jakinarazi zuenaren arabera, lider korearrak argi eta garbi esan du hurrengo urteotan Ipar Koreak bere lekua hartu nahi duela nazioartean, eta bere rola indar nuklearra duen estatu batena dela; argi eta garbi. Ahalmen nuklearraren garapena, Kimen arabera, Ipar Korearen segurtasuna bermatzeko bide bakarra da. Trumpen lehen agintaldian, Piongiangek erakutsi zuen, inoiz baino gehiago, bere programa nuklearra bertan behera uzteko prest egon litekeela zigorrak bertan behera uztearen truke; baina aukera hori amaitu da. Duela bost urteko kongresuan, adierazi zuten garapen nuklearra handitzen jarraituko zutela, eta oraingoan are irmoago adierazi du Ipar Koreako liderrak nazioarteak onartu behar duela Ipar Korearen aukera hori.

Batere ohikoak ez diren adierazpenetan, Kimek esan du, normalean baino tonu askoz ere lasaiago batean, Ameriketako Estatu Batuekin harreman onak izateko aukera izan badela. Hori bai, horretarako Washingtonek Piongiang errespetatu behar du. Tonua lasaiagoa baina irmoagoa da, normalean erabiltzen duen hizkuntza dramatikoarekin eta irainekin alderatuta. Hego Koreari dagokionez, elkarrizketarako aukerari bizkarra eman dio erabat: adierazi du Ipar Koreak nahi badu Hego Korea erabat suntsitu dezakeela.

(ID_15838815) NORTH KOREA MILITARY PARADE
Kim Jong-un eskuinean, alboan Kim Ju-ae alaba duela, ostegunean Piongiangen. EFE 

Aste honetako bilkuran, arma nuklear gehiago garatzen jarraitzeko deia egin du Kimek, eta jakinarazi du, besteak beste, ur azpitik jaurti daitezkeen kontinente arteko misilak eta Hego Koreari eraso egin ahal izateko arma nuklear taktikoak —artilleria eta irismen laburreko misilak, besteak beste— garatuko dituztela hurrengo urteotan.

Barnera begira: Kim Ju-ae

Bilkura honetan, Kim Jong-unez gain, haren alaba izan da protagonista nagusia; kuriositatea zegoen ez ote zen alaba kongresuaren itxierako desfilean ere agertuko, aitaren alboan, azkenaldian egin dituen ekitaldi gehienetan bezala. Eta bai, irudietan ageri da, aitaren alboan, desfile militarra ikusteko balkoian militarrei txalo egiten, aita bezala larruzko beroki beltz bat jantzita.

Inteligentzia hegokorearraren arabera, Kim Jong-un Ipar Koreako hurrengo lider gisa izendatzeko prestatzen ari da alaba. 2022an lehen agerraldi publikoa egin zuenetik, desfileetan, armen probetan eta bilkura diplomatiko garrantzitsu batean ere izan da: 2025eko irailean Pekinen Kim Xirekin bildu zenean, hain zuzen ere.

Lider ipar korearrak argi eta garbi esan du hurrengo urteotan nazioartean Ipar Koreak bere lekua hartu nahi duela, eta bere rola indar nuklearra duen estatu batena dela; argi eta garbi

Otsailean, Seulgo espioitza agentziak ziurtatu zuen Kim Jong-unek dagoeneko aukeratu duela bere alaba. Ez bakarrik beti aitaren alboan agertzen delako, baizik eta azkenaldian bilkura politikoetan ere iritzia ematen hasi delako. Duela urte batzuk, Kim Jong-unen arreba ikusten zen hautagai nagusi gisa, baina hori aldatu egin da.

Munduko herrialde bakartuenean, sekretismoa handia da, eta ez dago Kimen familiaren inguruan informazio askorik. Adituek uste dute lider iparkorearrak hiru seme-alaba dituela, eta Kim Ju-ae erdikoa dela. Gaztearen adina ere ez da zabaldu, baina uste da 13 urte inguru dituela.

Ipar Koreako gizartearentzat shocka litzateke liderra emakume bat izatea, eta argudiatzen dute horrexegatik daramala aitak Kim Ju-ae ekitaldi guztietara, pixkanaka gizartea prestatzeko. Aldiz, adituen artean ere badaude kontrako iritzia dutenak: batzuek uste dute alabaren protagonismoa nazioarteko arreta erakartzeko modua besterik ez dela, edo benetan hurrengo liderra izango dena arretatik urrun, anonimo, mantentzeko estrategia. Ipar Korean, hamarkadatan sekretua izan da Kim familiak liderrak izendatzeko duen prozesua. Argi dago munduko herrialde bakartuenak gauzak bere moduan egiten jarraitzeko intentzio irmoa duela, barnean eta kanpoan batez ere: Trumpen lehen agintaldian bere programa nuklearra bertan behera uztetik inoiz baino gertuago egon zen Ipar Korea hori amaitu da. Kim Jong-unek ez du oraingoz behintzat atzerapausorik emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA