Jensen Huang Nvidiako buruaren ezkontzaz kanpoko harremanek titularrak dominatu dituzten honetan, badago ondorio handiagoak izan dituen beste harreman bat, hainbesteko arreta izan ez duena: Txinaren eta Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) artekoa. Aste honetan zilarrezko ezteiak ospatu dituzte MMEk Txinaren atxikimendua onartu zuenetik.
Duela 25 urte, Mendebaldeak ateak ireki zizkion Txinari munduko merkataritza sisteman sartzeko. Ezkontza orok izan ohi duen ilusioarekin, itxaropen handiak jarri ziren harreman horretan. AEBek, bereziki, uste zuten Txina nazioarteko ordena liberalean txertatzeak herrialdea sistema horretara hurbilduko zuela, eta, agian, epe luzera, demokratizazio prozesua ere bultzatuko zuela. Urteurrenak atzera begiratzeko aukera ematen du, eta urte hauen ondoren argi dago itxaropen horiek ez direla bete.
2001eko azaroaren 10ean, MMEko kideek Txinaren atxikimendu protokoloa aho batez onartu zuten, Dohako ministerio konferentzian. Hilabete geroago, abenduaren 11n, Txina erakundeko 143. kide bihurtu zen. Mugarri horrek Txina merkataritza globalaren arau sisteman erabat integratzeko bidea ireki zuen. Hasieratik, arrakasta handiko ezkontza zirudien. Izan ere, MME munduko merkataritzaren arauak ezartzen dituen erakundea da; Txinak merkataritza oztopoak murriztea, merkatuetarako sarbidea bermatzea, eta herrialde kideen arteko harremanak arau partekatuak betetzea lortuko zuena.
Txinarentzat, abantailak argiak ziren. 1978an hasitako erreforma ekonomikoen ondoren, haren ekonomia irekitzen joan zen, eta MMEko kide izatea prozesu horren beste urrats garrantzitsu bat bihurtu zen. Ekonomia planifikatuan oinarritutako ekonomia sozialistak nazioarteko merkatuetarako sarbidea bermatu nahi zuen, bere esportazioak handitu eta atzerriko inbertsioa erakartzeko.
AEBek, gainera, bestelako itxaropenak zituzten. Bill Clintonen administrazioak defendatzen zuen Txina nazioarteko sistema ekonomikoan txertatzeak erreforma ekonomikoak, gardentasuna eta zuzenbide estatua sustatuko zituela. Merkatuak irekitzeak Mendebaldeko ideiei eta informazioari ateak zabalduko zizkiela uste zuten, eta hazten ari zen erdi klaseak askatasun politiko handiagoak eskatuko zituela. Spoiler: ez da horrela izan.

Txinak, berriz, MMEko kide izateak eskaintzen zituen aukerak bikain aprobetxatu ditu. 2001etik, haren ekonomia munduko bigarren handiena bihurtu da, eta barne produktu gordina hamalau aldiz inguru handitu da. 1978tik, Munduko Bankuaren arabera, Txinan ia 800 milioi pertsona atera dira muturreko pobreziatik. Gainera, MMEko kide izateak eta merkataritza globaleko kateetan integratzeak esportazio ahalmena izugarri handitzen lagundu diote. 2009an, Alemania gainditu zuen munduko salgaien esportatzaile nagusi bezala. Eta ez du esportazioen bolumenean soilik irabazi, baita produktuen konplexutasunean eta balio erantsian ere. Hasieran, ehungintza eta prezio baxuko manufakturak ziren; gaur egun, berriz, automobilak, bateriak eta teknologia aurreratuko produktuak dira Txinaren industriaren indarraren erakusgarri.
Txinak espero zuena lortu du ezkontzatik;Â Mendebaldeak, ez hainbeste. MMEko kide bihurtzeak Pekin demokrazia liberal bilakatuko zuelako itxaropena ez da bete. Kontrakoa gertatu dela argudiatzen dute aditu batzuek.
Txinak espero zuena lortu du ezkontzatik; Mendebaldeak, ez hainbeste. MMEko kide bihurtzeak Pekin demokrazia liberal bilakatuko zuelako itxaropena ez da bete. Kontrakoa gertatu dela argudiatzen dute aditu batzuek. Hazkunde ekonomikoa Alderdi Komunistaren legitimazioa eta boterea indartzeko erabili da. Hazkundeak nazionalismoa ere elikatu du, eta erdiko klasearen gorakadak ez du Mendebaldean espero zen liberalizazio politikoa ekarri. Gaur egun, Txinak merkatu ekonomiaren hainbat ezaugarri bereganatu ditu, baina Alderdi Komunistak norabide ekonomikoa markatzen jarraitzen du. Estatuko enpresek pisu handia dute sektore estrategikoetan, eta gobernuak esku hartze zuzena eta erabakigarria izaten jarraitzen du ekonomian. Enpresa pribatu handiek ere alderdiaren lehentasun politiko eta estrategikoen barruan jardun behar dute.
Gainera, bikote batzuetan bezala, MMEko bazkide batzuk engainatuta sentitzen hasi dira. AEBek, Kanadak, Europako Batasunak salatzen dute Txinak ez dituela joko arauak behar bezala betetzen. Kritika nagusietako bat da estatuaren diru laguntza handien bidez artifizialki sustatzen duela bere enpresen lehiakortasuna, eta horrek nazioarteko merkatuetan lehia desorekatu egiten duela. Pekinek, ordea, ez du bere eredua funtsean aldatzeko asmorik erakutsi. 2026-2030 aldirako onartutako hamabosgarren bosturteko planak argi uzten du sektore estrategikoetan estatuaren babesa eta industria politika aktiboa mantentzeko asmoa duela. Gainera, Txinak Mendebaldearen gehiegizko ekoizpen ahalmenaren inguruko salaketak baztertu ditu, bere garapen industriala eta lehiakortasuna defendatuz.
Azken finean, badirudi Txinaren eta MMEren arteko ezkontza komenentziakoa izan dela. Txinak harreman horrek eskaintzen zizkion abantailak baliatu ditu, eta izugarri hazi da. Mendebaldearen harridurarako, ordea, ez da nazioarteko ordena liberal eta demokratikoan txertatu. Aitzitik, integrazio ekonomikoak bere sistema politikoa legitimatzeko eta nazioarteko eragina handitzeko aukera eman dio. Txinak asmatu du ekonomia globalaren arauak bere alde erabiltzen, haiek mugatu beharrean.