Ane irazabal

Orbanen botere osoa, arriskuan

2026ko martxoaren 8a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Viktor Orbanek hamasei urte bete ditu Hungariako gobernuburu gisa. Lehen ministroa Europako Batasuneko agintaririk iraunkorrena bilakatu da, eta ohituta dago gehiengo osoekin gobernatzera. Halere, datorren apirilaren 12an egingo diren hauteskunde orokorretan boterea gal lezake. 2010etik lehen aldiz, inkestek ez diote gehiengoa ematen haren alderdiari, Fideszi. Eta Bruselak arreta handiz begiratzen die boz horiei; izan ere, Europako Batasuneko orekak, Ukrainari bideratutako dirulaguntzak eta Errusiaren influentzia-esparrua alda ditzake.

Orbanek ez du aurkari seriorik izan, orain arte. Haren demokrazia iliberala hiru zutabe nagusitan oinarritzen da: botere judizialaren ahultzea, hedabideen kontrola, eta oligarka handien aldeko neurriak. Hungariako komunikabideen %90 Fideszen hurbileko enpresarien eskuetan daude. Bere alderdiaren barnetik, ordea, aurkari indartsua atera zaio: Peter Magyar abokatu kontserbadorea lehena da inkesta guztietan. Duela bi urtera arte Orbanen hurbileko politikaria zen, baina lehen ministroarekin apurtu zuen, hark adin txikikoen aurkako hainbat delitu egin zituzten oligarkei barkatu zienean. Magyarrek hainbat grabazio zabaldu zituen, eta kasu horiek estaltzeko presio handiak egon zirela erakusteko gai izan zen. «Herrialdea familia gutxi batzuen eskuetan dago. Erregimen feudal bat bilakatu gara», salatu zuen orduan. Haustura hartatik Tisza alderdia sortu zuen, eta Europako hauteskundeetan botoen %30 inguru eskuratu zituen. Magyarren indarrak gazte urbanoak eta Orbanekin haserre dauden hautesle kontserbadoreak erakarri ditu, eta alternatiba bat dela frogatu du, baina hauteskunde sistemak Fideszi mesede egiten dio landa eremuetan.

(ID_15846439) HUNGARY ELECTIONS
Viktor Orban kanpainako mitin batean Esztergomen (Hungaria), otsailaren 28an. ZOLTAN FISCHER / EFE 

Magyar ez da hautagairik europazaleena, baina Europako funts izoztuak eskuratu nahi ditu, eta, horretarako, Bruselarekin harremanak normalizatzeko prest agertu da. Bestalde, migrazioaren auzian ez ditu derrigorrezko kuotak onartzen, eta Ukrainaren inguruan zuhur mantendu ohi da, alegia, ez ditu tropak eta soldadu hungariarrak mobilizatuko. Edonola ere, Magyar polemika nahasiaren erdian dago azkenaldian. Hautagaiak salatu du estortsio baten biktima izaten ari dela, webgune anonimo batek mehatxu egin baitio bikotekide ohiarekin izandako sexu harremanen bideo bat publikatuko duela. Magyarrek salatu du berak ez zuela bideorik grabatzeko baimenik eman, eta uste du Orbanen kanpaina dagoela horren guztiaren atzean.

Bere alderdiaren barnetik, ordea, aurkari indartsua atera zaio: Peter Magyar abokatu kontserbadorea lehena da inkesta guztietan. Duela bi urtera arte Orbanen hurbileko politikaria zen, baina lehen ministroarekin apurtu zuen, hark adin txikikoen aurkako hainbat delitu egin zituzten oligarkei barkatu zienean.

Lehen ministroa, berriz, aurkariaren sinesgarritasuna hondatzen saiatu da, eta atzerriko interesen txotxongilo gisa aurkeztu du. Testuinguru horretan, kanpo politikak zeresan handia izango du datozen hauteskundeetan. Orbanek harreman estuak mantendu ditu Errusiarekin, eta Kievi laguntza militarra bidaltzeko Europaren erabakiak moteldu ditu. Migrazioaren auzian, Europako eskuinaren erreferentea bilakatu da, eta Trumpekin zein Netanyahurekin harremanak sendotu ditu. Jarraitutasuna edo trantsizio politikoaren aldeko apustua, hori da hungariarrek aukeratu beharko dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA