Olatz Arrieta

Orbanen gizona Bruselan

2025eko azaroaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oliver Varhelyi izena du Orbanen gizonak Bruselan. Europako Batzordean dauden 26 komisarioetako bat da, ez da ezaguna Bruselatik eta Hungariatik kanpo, eman dioten karguak  —Osasun eta Animalien ongizatearen gaietarako komisario— ez baitu, pandemiarik edo osasun krisi larririk ezean, pisu politiko handirik. Aurrerantzean, dena den, ezagunagoa egin liteke, espioitza eskandalu baten protagonista bilakatu delako. Hain zuzen, Varhelyiri komunikabide batzuek leporatu diote Orbanen izenean espioi sarea sortu izana, Europako instituzioetatik informazio konfidentziala ateratzeko Hungariaren mesederako. Orban agintean dagoenetik, etsai amorratuak dira Brusela eta Budapest.

Eskandalua, beste behin, komunikabideek atera dute; Direkt36, Der Spiegel eta De Tijd komunikabide alemaniar eta herbeheretarren arabera, espioi sare bat babestu zuen Hungariak, Europako Batasunean duen ordezkaritza diplomatikoan Varhelyi enbaxadore izan zen garaian, 2015 eta 2019 bitartean. Garai hartan, ustez diplomatikoak ziren dozena erdi hungariar, herrialdeko zerbitzu sekretuetako kideak omen ziren, eta Europako instituzioak zelatatzea zen euren misioa. Horrekin batera, Europako Batasuneko instituzioetan lan egiten zuten hungariarrei espioitza lanak eskaintzen zizkieten, diruaren, postuen edo fabore politikoen truke. Ezezkoa eman zuten Europako Batzordeko bi hungariarrek Europako Batzordeari ohartarazi zioten beraiekin hitz egin zuen diplomatiko espioietako batek Batzordearen segurtasun bulegoan lan egiteko postu bat lortu berri zuela. Salaketak agerian utzi zuen Hungariako enbaxadaren espioi sarea; Belgikako inteligentzia zerbitzuek ikerketa ireki zuten, baina eskandalua isilean mantendu da, orain arte.

(ID_14762553) FRANCE EU PARLIAMENT
 Oliver Varhelyi Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan mintzatzen, aurtengo martxoan. RONALD WITTEK / EFE

Varhelyi komisarioak esan du ez zuela ustezko espioitza sare horren berri. Bruselan, inork ez du zalantzan jartzen ezinezkoa dela espioitza sare bat izatea enbaxadan, enbaxadoreak berak jakin gabe. Europako Batzordeak barne ikerketa agindu du, Europako Parlamentuko hainbat eurodiputatuk komisario hungariarra kargutik kendu dezatela eskatu diote Ursula von der Leyeni, eta Belgikako zerbitzu sekretuek adierazi dute espioitzan ari zirenak nahiko kaxkarrak zirela, egiten zutena ezkutatzeko ahalegin gutxi egin zituztelako. Bi aldiz izendatu dute Varhelyi komisario, eta bietan kritika gogorrak jaso ditu karguan komisarioak berretsi behar dituzten parlamentuko hainbat alderditatik; besteak beste, Orbanen politika ultrakontserbadoreak babesteagatik. Dena den, inor ez da ausartu haren izendapena atzera botatzera, batzordearen eraketaren inguruan alderdien arteko aurreakordio politikoak ez apurtzeko.

Salaketak agerian utzi zuen Hungariako enbaxadaren espioi sarea; Belgikako inteligentzia zerbitzuek ikerketa ireki zuten, baina eskandalua isilean mantendu da, orain arte

Estatuek proposatutako hautagaiak Europako Batzordearen komisario bilakatzen direnean, ordezkatzen duten estatuaren interesak eta ideologia politikoak baztertu behar dituzte, eta Europako Batasunaren oinarrizko balioen eta interesen alde egingo dutela zin egiten dute Europako Batasuneko Justizia Auzitegian. Hala ere, agerian geratu da komisario batzuek ez dutela lortzen «europarrak izatea» edo «europar itxura ematea». Horiei, euren ekintza edo hitzekin berehala sumatzen zaie noren morroi diren. Oliver Varhelyi Orbanen gizona da Bruselan, bai. Goizegi da esateko Teresa Rivera Sanchezen emakumea izaten ari ote den Bruselan, edo Raffaele Fitto Melonirena. Agintaldian zehar eskandaluren batekin harrapatzen ez badituzte, bukatzen dutenean aterako dira komisarioen interes nazionalak. Komisarioak aukeratzeko prozesua aldatzen ez duten bitartean, horrela izaten jarraituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.