Igor Susaeta.

Puigdemonten gol pasea Feijoori

2026ko azaroaren 20a
15:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin jakin Carles Puigdemontek sakoneko zer asmo duen El Mundo egunkariari eman berri dion elkarrizketarekin. Adierazi dituenak irakurrita, lehen kolpean argi dago zor kitatze moduko bat egin nahi izan duela Sanchezekin, iruditzen baitzaio ez dituela bete JxC Junts Per Catalunyarekin duela hiru urte hartutako konpromisoak. Halere, gauza bat da hori, eta beste bat, kanpaina betean, Sanchezen eta Alberto Nuñez Feijooren aurrez aurrekoa hasi baino ordu batzuk lehenago esatea Espainiako Gobernuko presidentea «pertsona amorala» dela, eta haren «anbizio neurrigabeaz» baliatu direla Espainia mendean hartzeko. Esplikatu beharko luke, bide batez, zehazki zertaz ari den azken hori esaten duenean, baina pentsatzekoa da espainiar askori ez ziela batere graziarik egingo, eta zalantzan zeudenen artean egongo direla hori irakurrita erabaki dutenak Sanchez ez babestea azaroaren 29an.

Kataluniako Generalitateko presidente ohiak gola sartzeko pase bat eman zion atzo Feijoori Bruselako erbestetik, eta PPko presidenteak ez zuen alferrik galdu aukera. Debatean hari zegokion lehen hitza, eta, kamerari begira, Puigdemontek Sanchezez esandakoak errepikatu zituen, telebistaren aurrean zeuden hamar milioi pertsonek entzun zitzaten. «Hori esan du?». Bai, besteak beste, hori bota dio Puigdemontek El Mundo-ko kazetariari.

Kataluniako kazetari ez-espainiazale batek esana, duela zortzi urte inguru: Puigdemont errealitatetik kanpo bezala zegoela erbestean. Orduan, urtebete zeraman Bruselan; orain bederatzi, nahiz eta itzultzeko moduan dagoen jada, behin Auzitegi Gorenak haren kontrako atxilotze agindua bertan behera utzita. 

Buruan dauka abenduan bueltatzea. Ordurako, PP eta Vox ari daitezke negoziatzen nola osatuko duten Espainiako Gobernua; hala gertatzen baldin bada, ezingo da esan Puigdemontengatik heldu direla ultrak exekutibora, baina kontrakoa ere ez, Puigdemontek, seinalatzekotan, Sanchez seinalatu baitu azken urteetan. 

(ID_15713523) FRANCIA PARTIDOS JUNTXC
Carles Puigdemont, artxiboko argazki batean. DAVID BORRAT / EFE

Puigdemonten sakoneko asmoa izan daiteke posizionatuz joatea Kataluniako Parlamenturako beranduenez 2028ko udaberrian egin beharko dituzten bozetara begira, jakinda inkestek diotela 2024an lortu zituen aulkien erdiak galduko dituela, eta Aliantza Katalanak eskuinetik aurrea hartuko diola eta aulki gehiago lortuko dituela. Hori izan daiteke ahoberokeriaren arrazoietako bat.

Beste bat, esplizitatu ez arren, nahiago izatea Madrilen gobernu ultra bat egotea, horrek Katalunian beste prozesu independentista bat hauspotuko duelakoan; alegia, 2017ko erreferendumaren ondorengo errepresioaren une gorenean independentista batzuek bere egin zuten Mariano Rajoyren lapsusa aldarrikatzea: zenbat eta okerrago, orduan eta hobe delakoa.

Badago independentisten oinarri bat Katalunian —azken bospasei urteotako inkesten arabera, hamarretik lauk nahiko lukete Espainiatik banatu—, eta oker egoteko beldurrik gabe esan daiteke Madrilen gobernu erreakzionario bat egoteak oinarri hori zabaltzea ekarriko lukeela.

Txanponaren beste aldeari begiratuta, Puigdemonten esanek balio izan dute berresteko JxCek betoa ezarria diola Sanchezi, eta, Generalitateko presidente ohiaren eta PSOEko liderraren artean inoiz zubiren bat egon baldin bada, horrek dagoeneko ez diola zutik eusten. Beraz, PPk eta Voxek azkenean gehiengo osorik lortuko ez balute, eta PSOEk duela hiru urte bezala JxCren laguntza beharko balu, bi aukera leudeke. Batetik, hauteskundeak errepikatzea. Bestetik, ia-ia ezinezkoa dirudiena: JxCek eskatutakoa egin, eta, negoziatze hutsaren truke, PSOEk Sanchez sakrifikatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA