Ekilibrista bat denez, naturaltzat ere har daiteke: erronkazalea da Pedro Sanchez. Espainiako Kongresuak ezin izan dituenez onartu burrunba sozialaren ondorioz gobernuak korrika eta presaka ondutako alokairuen legediari buruzko bi dekretuak, geroz eta presio gehiago du Sanchezek bozetara dei dezan —baita alderdi barruan ere—; eta kasu horretan, hauteskundeak aurreratuz gero, azken krisia helduleku gisa baliatu beharko luke ez erortzeko. Dena den, badauka jarraitzea, datorrena datorrela, legegintzaldia amaitu arte, 2027ko udara arte, askotan esan duen bezala. Zergatik ez; agintaldi honetan sokaren gainean eutsi dio amnistia legearen zurrunbiloan, 2022an onartutako aurrekontuak urtez urte luzatuz, Ceutako migrazio krisiaren zirimolan, eta PSOE barruan —are goi kargudunen artean— pilatutako ustelkeria kasuek ez dute erorarazi. Oraingoan, ordea, segituko ez balu, etxebizitza duin bat edukitzeko eskubidea behin eta berriz nola zanpatzen den ikusteak eragindako haserrea kapitalizatzea litzateke Sanchezen apustua.
Beharra bertute bihurtzea aldarrikatzen du. Hala adierazi zuen Kataluniako independentistekin amnistiaren alde bultza egin zuenean; nork, eta oposizioan zegoenean Katalunian konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea eta, horrenbestez, hango autonomia bertan behera uztea defendatzen zuenak. Buelta asko eman ditzake bizitzak.
Irabazteko eta, beraz, sokaren gainean jarraitzeko aukerak nonahi ikusten ahalegintzen da, nahiz eta azken inkesten batezbestekoak dioen PPk eta Voxek, dekretuen kontra bozkatu duten horiek, gehiengo osoa lortuko dutela Espainiako Gorteetarako hurrengo bozetan, eta Sanchezenak egingo duela zortzi urte pasaren ondoren.
Baina estu eta larri, soka lepoaren inguruan nola estutzen dioten nabari duela, beste kalkulu bat ere egin dezake. SER irratiak eta El PaĂs egunkariak eskatuta, 40dB. etxeak inkesta bat egin zuen irailaren 25a eta 28a artean, 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzea gertatu eta bi egunera, horren kontra protesta egiteko antolatutako mobilizazioak hasteko pronto zeudenean. Zundaketa horren emaitzak atzo argitaratu zituzten, eta, diotenez, Espainiako Estatuko herritarren %68k nahi dute prezioei muga bat jartzea, etxebizitza eskuragarriagoa izan dadin. Eta batez ere portzentaje batzuei erreparatu die Espainiako Gobernuko presidenteak: PPren eta Voxen bozkatzaileen artean, hamarretik ia sei horren alde daude. Beste batzuetan egin bezala, ibai nahasietan arrantzatzeko prest legoke Sanchez.
Gogoratu zer gertatu zen 2023ko uztailean, Gorteetarako hauteskundeen kanpainan. Orduan ere, Sanchezek bozak aurreratu zituen, PSOEk maiatzean, udal hauteskundeetan, emaitza oso kaskarrak atera ondoren. Efektu kolpetzat hartu zen hura, jenio baten erabakitzat baino gehiago. Neurri handi batean Alberto Nuñez Feijoo PPko buruaren baldarkeriak —gezurretan harrapatu zuen kazetari batek— ahalbidetu zuen ezinezkoa zirudiena: PPk eta Voxek gehiengo osoa ez lortzea. Kasu hartan ere, Sanchezek etekina atera zion bestearen hanka sartzeari.
2018an bezalaxe, Gurtel auziaren epaiak bultzatutako Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioarekin. Orduko hartan ere zirrikitu bat topatu zuen, erasora jo, eta irabazi. Geroztik, aurre egin die, besteak beste, COVID-19ak eragindako pandemiaren ziurgabetasunari, Ukrainako gerrak ekarritako krisi energetikoari, dimisio eskaera etenik gabekoei, bere alderdiko ustelkeriari, eskuinen makineria mediatikoari, gehiengo hauskorrei, xantaiari... Eta batzuetan toreatuz, besteetan ostrukarena eginez, eta noiz edo noiz desagertuz, baina karguan segitu du.
Dena den, etor daitekeenaren beste analisi bat ere egin daiteke. Izan ere, inkesta batek esan dezakeena gorabehera, konturatu da kale itsu batean dagoela, eta Gorteak desegitea eta bozetara deitzea beste erremediorik ez duela. Halere, sokaren gainera igo, eta azken zeharkaldiarekin ahalegintzeko prest legoke Sanchez.