COP30

Andre Correa do Lago, COP30eko presidentea: «Iparralde Globala klima aldaketaren kontra borrokatzeko gogoa galtzen ari da»

Gaur hasiko dira klima larrialdiari buruzko negoziazioak, Brasilen. Klima aldaketaren kontrako borrokan Txinak duen rola nabarmendu du Correa do Lagok, berriztagarrien teknologiak zabaltzeko eta esportatzeko apustuagatik.

BRASIL COP30 CLIMA
Andre Correa do Lago, COP30eko presidentea, urrian, Brasilian. ANDRE BORGES / EFE
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 10a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herrialderik garatuenak «klima aldaketaren kontra borrokatzeko gogoa galtzen» ari direla esan du Andre Correa do Lago diplomazialariak, COP30 biltzarreko presidenteak, eta «hegoalde globala mugitzen ari delako» gertatzen ari da hori, haren ustez. Horrez gain, Txinaren rola goratu du, Asiako herrialdeari kritikak egiten ari zaizkion honetan. Izan ere, Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmeneko aurtengo konferentziaren (COP) aurretik, herrialdeek klima konpromisoak berritu behar zituzten, eta askok, EBk esaterako, Txina kritikatu dute, esanez ez dela behar beste anbiziotsua. Bada, Correa do Lagok nabarmendu du Txina lan handia egiten ari dela energia berriztagarriak ekoizteko azpiegituren zabalkundean.

Horrez gain, azaldu du Txina ez dela bere mugen barnean bakarrik ari ahaleginetan, teknologia asko esportatzen ari baita; horregatik, COP30 biltzarreko presidenteak uste du beste herrialde batzuek ere Txinaren bideari jarraitu behar lioketela, «lehiakortasunean gaindituak izan direla kexatu beharrean». Txinaren rol esportatzaile hori goratu du: «Txina guztientzako soluzioak asmatzen ari da, ez soilik berarentzako soluzioak. Eguzki panelak merkeagoak dira, eta, hain lehiakorrak direnez, mundu guztian daude barreiatuta. Klima aldaketan pentsatzen baduzu, albiste ona da».

Afera horretan baikor izateko gauzak ikusten baditu ere, larunbatean igorritako gutunean Correa do Lagok herrialdeei eskatu zien klima ekintza «azkartzeko» neurriak hartzeko, baita gehiago kooperatzeko ere: «Mundua bidegurutze batean dago: inertziak kolapsora eraman gaitzan uztea edo adorez eta elkarlanez elkartu aurrera egiteko».

«Muturreko berotzea»

Hitzarmenaren 194 aldeen arteko negoziazioak hasi aurretik, aurreko astean, Munduko Meteorologia Erakundeak klima aldaketaren egoera berritu zuen; aurten tenperaturak pixka bat goxatu dira 2023. eta 2024. urtekoekin alderatuta, bereziki El Niño fenomeno amaitu egin delako. Hala ere, Industria Iraultzaren aurreko erregistroekin alderatuta, 1,42 gradu zentigradu beroago dago mundua batez beste, Parisko Hitzarmenak 2015ean jarri zuen helburutik gertu: 1,5 gradu zentigradu.

Tenperaturak goxatu badira ere, «muturreko bero boladen joera» hortxe dagoela adierazi zuen erakundeak, eta aurreikusi erregistroak daudenetik urte beroenetan hirugarrena izango dela, aurreko bi urteen ostean. Horri, gainera, atmosferan dauden berotegi gasen partikulen kontzentrazioaren hazkundea gehitu behar zaio. Izan ere, beste behin gora egin du adierazle horrek, atmosferan dauden milioi bat partikulako 423,9 karbono dioxido partikulak baitira; inoiz ez da neurtu horrenbeste karbono dioxido atmosferan.

Horrek, berotzeari batuta, ia ezinezko egiten du munduko tenperaturen igoera 1,5 gradu zentigradura mugatzea; hori bera azaldu zuen duela bi aste Peio Oria meteorologoak Donostian egindako hitzaldi batean.

Aurtengo biltzarrean, herrialdeek Nazioaren Arabera Zehaztutako Ekarpenak berritzea eta horiek ebaluatzea da gai zerrendako punturik garrantzitsuenetako bat, baita iazko COPen zehaztutako finantzaketa helburu berria garatzea ere. Arintzeaz gain, klima aldaketaren aurreko moldaketak gero eta garrantzi handiagoa hartuko du nazioarteko halako goi bileretan, Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikertzaileak BERRIAri azaldu zionaren arabera; izan ere, gero eta nabariagoak dira klima aldaketaren ondoriozko muturreko fenomenoak, eta herrialdeek gero eta behar handiagoa dute horien aurka moldaketak egitea fenomenoen eragina murrizteko.

COP30 goi bilera hasi aurretik, larunbatean, tornado handi bat izan zen Brasilgo Parana estatuan, eta sei lagun hil ziren, eta ehunka zauritu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.