Portugalgo kontserbadoreen hogei urteko agintaldia amaitu du Antonio Jose Segurok (1962). Azken urteetan irakasle aritu den arren —Estatuaren Teoria eta Pentsamendu Politiko eta Soziala irakasgaiko irakaslea izan da Lisboako Unibertsitatean—, politikan ibilbide luzea dauka Segurok, presidentetzarako bozen irabazleak, betiere PS Alderdi Sozialistarekin lotuta. Osasun publikoa, etxe bat edukitzeko eskubidea eta gazteentzat sortu beharreko aukerak izan ditu hizpide hauteskunde kanpainan, baita presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituela jakin ostean atzo gauean emandako hitzaldian ere.
Ikusi gehiago
Seguro aspalditik da PSko kide —1990etik 1994ra JSP Portugalgo Ezkerraren Gazteak antolakundearen idazkari nagusia izan zen—. Antonio Guterresen —gerora NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi izango zenaren— gobernu taldean (1995-2002) aritu zen gero, estatu idazkari gisa eta lehen ministroaren ondokoaren lanetan, eta eurodiputatu gisa bukatu zuen ziklo hori, 1999tik 2001era. Portugalgo Asanblean diputatu gisa jarraitu zuen gero, eta PSko idazkari nagusi ere izan zen, 2014 arte. Antonio Costak hartu zuen haren lekua urte hartan, eta Lisboako Unibertsitatean irakasle aritu da azkeneko hamabi urteotan.
Segurok politikan egin duen ibilbidea ez da Alderdi Sozialistarik gabe ulertzen, baina azken hauteskunde hauetan alderdiaren sigletatik aldendu da. Edo horretan saiatu da, behintzat. Izan ere, hautesle gehiagorengana iristeko asmotan, askotan errepikatu du bere hautagaitza «independentea» dela eta «alderdien gainetik» dagoela. Atzo gauean egindako agerraldian, esaterako, ez zituzten PSren siglak erabili, ez eta PSrekin lotu daitekeen ikurrik ere: Portugalgo bandera handi bat besterik ez zuten erabili.
Bigarren itzulian Andre Ventura Chega ultraeskuineko alderdiaren hautagaiaren aurka lehiatu beharko zuela jakin zuenean, Segurok norabide argia eman zion bere diskurtso politikoari. Ultren aurrean «demokrazia defendatzeko» garaia zela adierazi zuen, eta horretarako eskatu zituen botoak. Hala, lehen itzulian eskuineko eta zentro-eskuineko hautagaien alde egin zuten hautesle askoren botoak eskuratu ditu bigarren itzulian, eta, hein batean, Seguroren aldeko botoak ultraeskuinaren aurkakoak ere izan dira. Chega ultraeskuineko alderdiaren aurkako kanpaina bat egin du Segurok, eta esan izan du alderdi horren hautagai Andre Ventura «arriskua» dela demokraziarentzat.