Seguro sozialistak nagusitasun osoz irabazi ditu Portugalgo presidentetzarako bozak

Botoen %66,8 eskuratuta gailendu zaio Andre Ventura Chega ultraeskuineko alderdiaren hautagaiari. «Portugaldarrak eta demokrazia izan dira irabazle», adierazi du Segurok.

Seguro, atzo gauean, Caldas da Rainha herrian egindako agerraldian, jarraitzaleekin batera garaipena ospatzen. JOSE COELHO / EFE
Seguro, atzo gauean, Caldas da Rainha herrian egindako agerraldian, jarraitzaleekin batera garaipena ospatzen. JOSE COELHO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 9a
09:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

PS Alderdi Sozialistako Antonio Jose Segurok irabazi du Portugalgo presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta hark hartuko du Marcelo Rebelo de Sousaren lekukoa presidente karguan, hamar urtez hark agindu ostean. Chega eskuin muturreko alderdiko Andre Venturarekin neurtu ditu indarrak, eta nagusitasun osoz gailendu da PSren hautagaia.

«Portugalgo herria munduko herririk onena da, bikaina; erantzukizun zibiko handia dauka, baita balio demokratikoekiko atxikimendua ere». Horiek izan ziren Seguroren lehen hitzak atzo gauean, hauteskundeak irabazi berritan. Herritarren erabakia argia izan da, eta inkestek adierazi baino alde handiagoarekin nagusitu da: hautesleen %66,8k bozkatu zuten sozialisten hautagaiaren alde. Horregatik, Europan eskuin muturrak geroz eta leku handiagoa duen honetan, Portugalen erantzuna goraipatu zuen Segurok: «Portugaldarrak eta demokrazia izan dira irabazle gaur».

Hogei urteren ostean, ezkerreko presidente bat izango du berriro ere Portugalek. Jorge Sampaio (Alderdi Sozialista) izan zen ezkerreko azken presidentea. Hamar urte iraun zuen haren agintaldiak, 1996tik 2006ra. Haren ostean, kontserbadoreak egon dira agintean; PSD Alderdi Sozialdemokratako Anibal Cavaco Silva (2006-2016) eta Rebelo de Sousa (2016-2026).

Alderdiko kideen aurrean egindako agerraldian, «portugaldar guztien presidentea» izango dela azpimarratu zuen hauteskundeen irabazleak, eta Ventura gonbidatu zuen «aurkariak» izateari utzi eta elkarlanean aritzera, Portugal «garatuagoa eta justuagoa» izan dadin. «Arazo larriak dauzkagu, besteak beste osasungintzan, etxebizitzaren alorrean eta gazteentzako aukerak sortzeko garaian. Portugalek aukera paregabea dauka alderdi politikoek, parlamentuak eta gobernuak irtenbide iraunkorrak aurkitu ditzaten, eta dauzkagun arazoak konpondu», gaineratu zuen.

Portugalgo egungo presidente Rebelo de Sousak bere egoitzan hartuko du gaur Seguro, Belemgo Jauregian, eta elkarrekin prestatuko dute hilabete honetan egin beharreko trantsizioa. Izan ere, martxoaren 9an izendatuko dute Seguro, Rebelo de Sousaren agintaldia amaitzekoa den egun berean.

Venturak, bestalde, Seguro zoriondu zuen, eta, presidente izatea lortu ez bazuen ere, adierazi zuen lorpen handia dela Chegak botoen %30 baino gehiago eskuratu izana. Batetik, alderdiak sei urte besterik ez dituelako, eta gorakada handia izan duelako denbora tarte horretan. Eta, bestetik, hautagaiaren esanetan, «sistema guztia» elkartu delako haren hautagaitzaren aurka.

Gogoratu beharra dago Portugalen hauek direla estatuburuaren zereginak, besteak beste: instituzioak egoki funtzionatu dezaten bermatzea, lehen ministroa aukeratzea eta hauteskundeetara deitzea.

Lehen ministroaren karguari dagokionez, Luis Montenegro ari da zeregin horretan. 2024an egin ziren hauteskundeak, eta AD Aliantza Demokratikoa koalizioa —PSD Alderdi Sozialdemokratak eta CSD/PP Alderdi Popularrak osatua— nagusitu zen. Iaz, ordea, konfiantza mozioa bozkatu zuten Luis Montenegro lehen ministroaren familiaren negozioei egotzitako irregulartasunak zirela medio, eta presidenteak bozetara deitu zuen beste behin. Maiatzean egin zituzten, eta Montenegroren alderdia nagusitu zen, hilabete batzuk lehenago bezala. Gobernuan dirau gaur egun, baina gehiengo osorik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA