Parisko luxuzko dendetako erakusleihoak suntsituta, eta kaleak sutan Milango Modaren laukiaren alboan. Azken asteetako protestetan, besteak beste, Louis Vuittonen eta Christian Diorren dendak arpilatu dituzte. Manifestazioak lapurretarako baliatu dituzten oportunistak egon egongo dira, eta komertzio txiki askori ere kalteak eragin dizkiete. Baina bizitzaren garestitzearen aurkako protestetan luxuzko dendak arpilatzea bada nolabaiteko sinbolo.
Hau ez da lapurreta horien aldeko apologia bat, baina Robin Hood ere aberatsei osteagatik bihurtu zen heroi.
Gaur egun, luxua kapitalismoaren sinbolo da; estatus ekonomikoa egiaztatzeko froga; zenbaitentzat, inoiz eskuragarri izango ez duten zerbaiten erakusgarri. Erakusleihoa hautsi eta eskumuturrean Rolex bat jantzita atera denak harresi bat eraitsi du. Ahaltsuen gotorlekua urratu du. Hori da, finean, Europan zabaldutako protesten fina.
Europako ongizate estatuaren eredua zartatzen ari da, eta errentaren banaketak ez ditu arrakalak estaltzen
Hautsi da kontratu soziala. Ez da promestutakoa bete. «Gaztetan ikasi asko, egin ahalik eta lan gehien [baldintza kaskarretan baldin bada, hobe]; horrela, noizbait, etorkizun oparoa izango duzu». Lanak bere fruitua ematen omen du, baina lehortea dago. Meritokrazia deitu izan diote, baina aristokraziak sortutako hitza da hori. Promestutako etorkizuna ez dago bermatuta, eta, horren jakitun, gazteek kaleak hartu dituzte.
Z belaunaldiaren protestek beste lurralde batzuk astindu dituzte azken urteetan. Besteak beste, gazteak estatuaren aurka altxatu dira Sri Lankan, Bangladeshen, Indonesian, Filipinetan, Nepalen, Madagaskarren eta Marokon. Gainera, horietako batzuetan gobernuak erorarazi dituzte, eta agintariak dimisioa ematera bultzatu.

Urrun zegoen bolada hori, baina iritsi da Europara ere. Izan ere, aldeak alde, azken hamarkadetan desberdintasun ekonomiko eta sozialek bere horretan diraute munduko lurralde gehienetan. Europako ongizate estatuaren eredua zartatzen ari da, eta errentaren banaketak ez ditu arrakalak estaltzen.
Merkatuaren legeak ez ditu etxebizitza, lan eta hezkuntza duinak bermatzen. Horretarako, ezinbestekoa da gobernuek esku hartzea. Eta hori da, gutxi-asko, Frantziako, Belgikako, Italiako, Espainiako, Portugalgo, Albaniako eta Greziako manifestariek eskatzen dutena; baita Euskal Herrikoek ere. Herrialde bakoitzean pizgarria bat izan da, baina guztietan da erregaia berbera. Eskatzen dute murrizketak albo batera uzteko, eta zerbitzu publikoak indartzeko.