Danimarkak eta Groenlandiak ez dute lortu Etxe Zurian AEBen asmoa aldatzea

Vancerekin eta Rubiorekin bildu ondoren, Danimarkako Atzerri ministroak esan du «indarrean dagoen markoaren bidez» berma daitekeela «segurtasuna». Trumpek adierazi du ez duela onartuko Groenlandia AEBen esku uztea ez den «beste ezer».

Danimarkako Atzerri ministro Lars Loekke Rasmussen gaur, ondoan Groenlandiako bere homologo Vivian Motzfeldt duela. OCTAVIO GUZMAN / EFE
Danimarkako Atzerri ministro Lars Loekke Rasmussen gaur, ondoan Groenlandiako bere homologo Vivian Motzfeldt duela. OCTAVIO GUZMAN / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko urtarrilaren 14a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Danimarkak eta Groenlandiak oso kezkatuta jarraitzeko motiboak dituzte. Herrialde horietako diplomaziaburuak AEBetako presidenteorde JD Vancerekin eta Marco Rubio Estatu idazkariarekin batzartu dira gaur Etxe Zurian, eta ondorio argi bat atera dute: Donald Trump AEBetako presidenteak segitzen du Groenlandia anexionatzeko asmoarekin; hau da, ez dute lortu AEBen jarrera aldatzea auzi horretan. Hori nabarmendu du Lars Lokke Rasmussen Danimarkako Atzerri ministroak, bileraren ondoren herrialde horrek Washingtonen duen enbaxadan emandako prentsaurrekoan. «Gure ikuspegiak oraindik ere oso desberdinak dira».

Batera edo bestera Groenlandiarekin «zeozer» egingo duela iragarri du Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak azken egunetan, eta argudiatu du Artikoko uharte hori mendean izan nahi duela bere herrialdearen segurtasuna bermatzeko; hau da, eskualde horren kontrola izan, eta Errusiak eta Txinak «okupa» ez dezaten. Agerian utzi izan du badaudela horretarako zenbait modu; tartean, Danimarkari erostea, uhartea herrialde horren parte denez gero.

Zer egin nahi du Trumpek Groenlandiarekin?Ikus-entzunezkoen lantaldea

Eta bilera hasi baino ordu batzuk lehenago, Trumpek argi utzi du zer nahi duen: «NATO askozaz indartsuagoa bilakatuko da Groenlandia Estatu Batuen eskuetan izanda», idatzi du Truth Social sare sozialean. «Ez da onargarria izango hori baino gutxiago den beste ezer».

Horiek irakurrita sartu dira Rasmussen eta Groenlandiako bere homologo Vivian Motzfeldt Etxe Zurian. 50 minutu inguru iraun du bilerak, eta aurrenekoak esan du segurtasuna nola bermatu izan dutela hizpide. «Indarrean dagoen markoaren bidez berma daiteke. Onartezinak iruditzen zaizkigu Danimarkaren lurralde batasuna eta Groenlandiaren autodeterminazio eskubidea errespetatzen ez duten ideiak», azpimarratu du, alboan Motzfeldt zuela. Horrek hitza ere ez du hartu ia, baina esan du garrantzitsua iruditzen zaiola «harremanak normalizatzea». Rasmussenek azaldu duenez, aldeek «goi mailako» lantalde bat osatuko dute lanean segitzeko. Nabarmendu du, dena den, ez dela erraza «berritzailea» izatea konponbide bat proposatzeko orduan, egunero AEBen «mehatxupean» jaikitzen direnean —AEBetako Estatu Departamentuak ez du adierazpenik egin bileraren ondoren—.

Hain zuzen, Trumpen mezu asko mehatxatzaileak izan ohi dira. Hala, bilkuraren aurretik sare sozialetan idatzitako batean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea interpelatu du zuzenean: «NATO: esan Danimarkari ateratzeko handik. Berehala!». Danimarka ere herrialde aliatu bat da, eta, munduko uharterik handiena haren lurralde autonomo bat den neurrian, tropak ditu han; gaur jakinarazi du, gainera, gehiago bidaliko dituela. Bide batez, Etxe Zuriko maizterra Danimarkaren gaitasun militarraz trufatu da, berriro: «Zakurrek tiratutako bi lerak ez dute balio. Estatu Batuek bakarrik ahal dute!».

Horren guztia entzun ondoren, aliatuek diote beren zeregina uhartearen segurtasuna bermatzea dela. Horietako batzuek, gainera, Trumpi gogorarazi diote Danimarka ere aliatua dela, eta, ohartarazi Groenlandian esku sartze militar bat egitearen ondorioez, Etxe Zuriko maizterrak ez baitu halakorik egitea baztertzen: Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak esana dauka horrek eragingo lukeela NATO bertan behera geratzea. Aliantzaren idazkari nagusi Mark Ruttek adierazi zuen astelehenean zer pauso eman aztertzen ari zirela aliatuak, eta gaur heldu da albistea: Danimarkak ez ezik, Suediak ere bidaliko ditu, eta azken horrek esan du beste aliatu batzuek ere asmo bera dutela.

700

AEBak zenbat bilioi dolar ordaintzeko prest dauden Groenlandia erosteko. Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariari eskatu diote egin dezala proposamen bat Groenlandia erosi ahal izateko. Hori kaleratu du gaur NBC hedabideak. Informazio horren arabera, «lehentasunezko zeregina» du hori Rubiok. Eta erosteko zenbat diru beharko zen ere jada mahai gainean dago: 700 bilioi dolar; hau da, 600 milioi euro inguru.

Baina tematuta dago Etxe Zuriko maizterra. AEBek base bat dute uhartean 1943tik —150 soldadu inguru daude bertan—, eta Gerra Hotzaren garaian (1945-1991), sasoi batzuetan 6.000 soldadu ere hedatu zituzten uhartean, eta base gehiago ezarri. Horiek itxi zituzten, baina, Sobietar Batasunarekin tentsioa baretu ahala. Segurtasunaz mintzo da Trump, eta AEBek Danimarkarekin 1951n sinatutako hitzarmen bat aintzat hartuta, Kopenhagek uzten die AEBei uhartean behar beste base ezartzen, eta horietara behar beste soldadu bidaltzen.

Horri heldu dio Rasmussenek agerraldian. Oroitarazi du, hain justu, garai batean «10.000 soldadu» inguru eduki zituztela AEBek uhartean, eta beren kabuz erabaki zutela kopuru hori «berrehunera» murriztea. Danimarkako Atzerri ministroarentzat, «segurtasun egoera berri bat» dago egun Artikoan, baina, gaur azpimarratu duenez, ez zaio iruditzen horri aurre egiteko modua denik AEBek Groenlandia anexionatzea.

Trumpen esanetan, ordea, Groenlandia kontrolpean edukitzea «ezinbestekoa» da Kupula Urrekara izeneko aireko defentsa sistemarentzat. AEBetako presidentearen aginduz, misilen aurkako ezkutu bat garatzen ari dira, zeinaren helburua den AEBak babestea, espaziotik. Trumpek dioenez, 2028rako prest egongo da; 175.000 milioi euroko aurrekontua du —150.000 milioi euro—.

Esaten ari da, gainera, AEBek ez badute hartzen, Txinak edo Errusiak konkistatuko dutela munduko uharterik handiena. Txinak erantzun dio «interes egoista batzuen izenean» ez erabiltzeko «aitzakia» gisa beste herrialde batzuk. Hori bai, Mao Ning Atzerri Ministerioko bozeramaileak nabarmendu zuen astelehenean Artikoak nazioartearen «interes orokorrei» eragiten diela.

Groenlandiako, Danimarkako eta AEBetako ordezkariek gaur egindako bileraren bezperan, atzo, zera esan zuen Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroak, Sermitsiaq herrialdeko egunkariari eskainitako elkarrizketa batean: «Ez da gure autodeterminazio eskubidearekin jolasean ibiltzeko garaia. Beste herrialde bat gu kontrolatzeari buruz ari da hitz egiten». Nielsenek eta Frederiksenek agerraldi bateratu bat egin zuten atzo Kopenhagen, eta aurrenekoak adierazi zuen ez dutela inoren menpe egon nahi, baina Danimarkaren eta AEBen artean aukeratu beharko balute, aurrenekoaren aldeko hautua egingo luketela. 

Herritarrak kontra

Ezin da aurreikusi Trumpek nola erreakzionatuko duen aurrerantzean, baina, Ipsos etxearen bidez Reuters berri agentziak gaur kaleratutako inkestaren arabera, soilik estatubatuarren %17 leudeke AEBek Groenlandia anexionatzearen alde; ia erdiek (%50) esan dute kontra daudela, eta heren bat ez dago ziur.

Groenlandia lurralde autonomoa da: 1979an, Danimarkak autonomia onartu zion —herritarrek erreferendumean berretsi zuten hori—; 2009an, berriz, estatusa berritu zuten, eta autodeterminaziorako eskubidea onartu zitzaion. Independentzia lortzeko modua litzateke herritarren gehiengoak horren alde egitea legezko erreferendum lotesle batean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.