Aurten Lurreko tenperatura anomalia 1,5 gradutik gorakoa izango dela aurreratu du Copernicusek

Erregistroak daudenetik neurtutako urririk beroena izan da aurtengoa, eta kalkulatu dute 2026ko tenperatura anomalia 1,56 eta 1,61 gradu artekoa izango dela.

Erreskate zerbitzuetako langileak lanean uholde batean, azaroaren 1ean, Ekuadorko Guayaquil hirian. JONATHAN MIRANDA / EFE
Erreskate zerbitzuetako langileak lanean uholde batean, azaroaren 1ean, Ekuadorko Guayaquil hirian. JONATHAN MIRANDA / EFE
inaut matauko rada
2026ko azaroaren 6a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

El Niño fenomenoa arrastoa uzten ari da munduan: inoiz neurtutako urririk beroena izan da aurtengoa erregistroak daudenetik, eta baieztatu dute 2026ko tenperatura anomalia 1,5 gradutik gorakoa izango dela, 1850 eta 1900 bitarteko batezbestekoarekin alderatuta. Zehazki, 1,56 eta 1,61 gradu artekoa izango da anomalia, baina urtarrilaren hasieran zehaztuko dute, datu guztiak izan eta gero. Hori betez gero, bigarren urtea izango litzateke 1,5 graduko berotzea gainditzen, 2024arekin batera. Industria iraultzaren aurreko datuekin alderatuta, 1,75 gradu beroagoa izan da aurtengo urria, batez beste 20,95 gradu zentigraduko tenperatura izan baitu munduko gainazalak hil osoan. Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuak eman ditu datuok.

Aurtengo El Niño fenomeno beroa sortu aurretik zientzialariek iragarri zuten fenomeno oso gogorra izango zela, eta aurreikuspenak betetzen ari da. Urtearen hasiera ez da horren beroa izan beste urte batzuekin alderatuta, nahiz eta tenperatura anomalia beti izan den 1,5 gradutik gertu, baina udan goraka hasi zen, eta jada bi marka hautsi dira: aurtengo abuztua izan da erregistratutako beroena, eta urria ere beste hainbeste.

Ikuspuntua zabalduz, nahiz eta oraindik urtea amaitu arte itxaron behar den, Copernicusek aurreikusi du 2023aren eta 2026aren arteko periodoak batez beste 1,5 graduren berotzea gaindituko duela. Urte batean 1,5 graduren berotzea deigarria bada ere, Lurraren berotzea zenbatekoa den ikusteko denbora tarte handiagoa hartzen dute zientzialariek: IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak hogei urteko batezbestekoa erabiltzen du horretarako. Bada, lau urteko denbora tarte batek 1,5 graduen berotzea gainditzeak esan nahi du joera hori egonkortu egin dela. Are, Nazio Batuen Erakundeak duela gutxi onartu zuen Lurrak ezinbestean gaindituko duela laster 1,5 graduko tenperatura anomalia.

Urriko tenperatura Europan

11,51 gradu zentigradu egin ditu batez beste Europan urri osoan, 1850 eta 1900 bitarteko batezbestekoa baino 1,49 gradu gehiago. Serie historikoa begiratuta, erregistroak daudenetik inoiz izan den bigarren urririk beroena izan da aurtengoa. 2022ko urria izan zen aurtengoa baino beroagoa, industriaurreko garaia baino 1,92 gradu beroagoa, hain zuzen.

El Niño eragin handia izaten ari da Ozeanian, Asia hego-ekialdean eta Hego Amerikan. Ekuadorren, adibidez, eurite eta uholde handiak izan dituzte azken asteetan, eta Indonesian, berriz, lehortea indartzen ari da. Azken herrialde hori, esaterako, bere historiako sute handienak jasaten ari da. 1,9 milioi hektarea erre dira jada. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA