Tren batek beste bat ezkuta dezakeela erran ohi da. Eta auzi batek ere beste bat ezkuta dezake. Europako Parlamentuko funtsak desbideratzea ez da RN Batasun Nazionalari azken urteetan leporatu dioten iruzur bakarra. Auzibide bat baino gehiago daude Marine Le Pen buru duen alderdiaren kontra irekiak. Instituzioetako dirua desbideratzea eta finantza arloan iruzurrak egitea leporatzen diote nagusiki. 2024an, Frantziako Kasazio Auzitegiak behin betiko zigortu zuen eskuin muturreko alderdia; beste hainbat aferatan susmopean dago.
Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik zigortu dute Le Pen, frogatutzat eman baitute eurodiputatuen laguntzaileak ordaintzeko dirua alderdia finantzatzeko baliatu zutela. Orain arte, kasuak ez du Jordan Bardella zipriztindu, baina ustelkeriaren kontrako Anticor taldeak berriki adierazi du RNko presidentearen kontra salaketa jartzeko asmoa duela, 2015ean Jean François Jalkh eurodiputatuaren laguntzaile gisa bete zuen enplegua itxurazkoa izan zelakoan.Â
Baina badu beste ertzik afera horrek. 2017an Batasun Nazionalaren egoitzan egin zuten miaketa batean, Frantziako Poliziaren hainbat dokumentu konfidentzial aurkitu zituzten, garai hartan Le Penen kabineteburu zenaren bulegoan. Fiskaltzak ikerketa abiatua du «sekretu profesionala urratzeagatik».
Gainera, lehenago ere zigortu izan dute Batasun Nazionala: 2024ko ekainean isunak jarri zizkioten Frantziako Estatuak hauteskundeetako hautagaitzei kanpainako gastuak ordaintzeko ematen dien dirua desbideratzea leporatuta. Zehazki, 2012ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak jarri zituen jomugan Frantziako justiziak. Le Penez gain, RNren inguruko enpresa bat eta alderdi txiki bat ere zigortu zituzten. 250.000 eta 300.000 euro arteko isunak jarri zizkieten.Â
Maileguak susmopean
Beste bi aferatan susmopean ezarri da eskuin muturreko alderdia. Batetik, 2022ko Frantziako presidentetzarako eta Asanblearako hauteskundeetako eta 2024ko Europako hauteskundeetako kanpainen finantzaketa ikertzen ari dira. Ehun bat norbanakok maileguak egin zizkieten Batasun Nazionaleko hautagaiei, eta horiek diru emaitza disimulatuak izan zirela uste dute. Horrez gain, RNri leporatzen diote hainbat faktura puztu izana ere, estatuaren diru itzultzea puztu ahal izateko.Â
Europako Parlamentuko Identitateak eta Demokraziak taldea ere susmopean dago. Horren kide izan zen RN 2019 eta 2024 artean. Parlamentuko funtsak arauz kanpo erabiltzea leporatzen diote, talde politikoarekin zerikusirik ez duten hainbat elkarteri egindako diru emaitzen ondorioz. Orotara, bost urtean 700.000 euro inguru desbideratu zituztela uste dute. Europako Parlamentuko finantzen zuzendaritza nagusiak egindako txostenak jomugan jarri ditu eskuin muturreko alderdiak hainbat komunikazio enpresarekin egindako kontratuak ere. Irregularrak izan litezkeen 3,6 milioi euro ingururen fakturak daude.