Bozetara aurkezteko bidea irekita utzi dio gaur eguerdian Parisko Dei Auzitegiak Marine Le Peni, eta Frantziako eskuin muturraren liderrak iragarri du iluntzean baietz, laugarrenez aurkeztuko dela presidentetzarako hauteskundeetara, hurrengo urteko apirilaren 18an. Iazko martxoan, Parisko Zigor Auzitegiak Europako Parlamentuko funtsak desbideratzea leporatu zion Le Peni. RN Batasun Nazionaleko liderrak helegitea jarri zion, eta gaur Parisko Dei Auzitegiak epaia berretsi du, baina zigorra arindu dio: inhabilitazioa hamabost hilabetekoa izango da —hasieran bost urtekoa zen—, urtebeteko etxeko atxiloaldia ezarri diote, eta 100.000 euroko isuna jarri. Inhabilitazioa iazko martxoan hasi zenez, datorren urteko bozetan parte hartu ahalko du. Kontua da urtebetez eskumuturreko elektronikoa eraman beharko duela etxetik ateratzen denean, eta RNko buruak esana du baldintza horietan ez dela bozetara aurkeztuko. RNko liderrak jakinarazi du gaur TF1 telebista katean helegitea jarriko diola erabakiari, eta Kasazio Auzitegira joko duela. «Espero dugu Kasazio Auzitegiak hanka ez sartzea», ohartarazi du.
Dena den, Le Pen kondenatu egin dute, 2004tik 2016ra bitartean Europarlamentuko funtsak desbideratzeagatik, baita RNko —lehen FN Fronte Nazionala— beste hamar alderdikide ere. Aurreko epaian 24 alderdikide zigortu zituzten, eta horietako 11k jarri zuten helegitea. Akusazioaren arabera, alderdiko langileei ordaindu zieten funts horiekin. Iazko martxoan, Zigor Auzitegiak zehaztu zuen guztira 4,6 milioi desbideratu zituela; Europako Parlamentuak, berriz, salatu zuen 6,8 milioi desbideratu zituela. Fiskaltzak Le Pen erruduntzat jotzeko eskatu zion Frantziako azken instantziako epaitegiari. «Lehen auzialdiko erantzukizun penala erabat berresteko eskatuko dugu, eta, jakina, hautaezintasun zigorra ere eskatuko dugu», adierazi zuen Thierry Ramonatxo fiskalak otsailaren 3an.
Azken instantziako epaitegiak ebatzi du Le Peni aurkeztutako karguak «larriak» direla 11 urtez baino gehiagoz luzatu zirelako, bidegabeki erabilitako diru kopurua «handia» delako, EB Europako Batasuneko instituzioen «izen ona zikindu» dutelako, eta kargu hautetsiek egin zituztelako. Halere, Zigor Auzitegiak ezarritako kondena murriztu du. Berez, 45 hilabeteko inhabilitazioa eta hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote, baina, praktikan, hamabost hilabeteko inhabilitazioa eta urtebeteko etxeko atxiloaldia baino ez ditu bete beharko. Dei Auzitegiak epaia eman ostean kaleratutako oharrean argitu du Le Peni zigorra ezartzeko orduan aintzat hartu dutela hautesleek «libreki hautatzeko eskubidea» dutela.
Zundaketen arabera, RN alderdiko burua da hautagai nagusia datorren urteko apirilean egitekoak diren presidentetzako bozetan Emmanuel Macronen lekukoa hartzeko. Sirian bisita ofiziala egiten ari da Macron, eta kazetariei esan die presidente batek ez duela adierazpenik egin behar erabaki judizialen inguruan.
Le Penek iragarri du aurkeztuko dela. Dena den, zera esan zuen aurreko astean, elkarrizketa batean: «Hautagai izan ahal banaiz, baina ezin badut kanpaina libreki egin, hori ez da posible izango». Halere, oraindik ez dute zehaztu Le Penek noiz hasiko duen etxeko atxiloaldia. Epaitegiak argitu duenez, beste epaile batek erabakiko du RNko buruak noiz jantzi beharko duen eskumuturreko elektronikoa, eta noiz arte.
Azkenean hauteskundeetara ez aurkeztea erabakiko balu, lehen aldiz Le Pen familiakoa ez den presidentegai bat edukiko luke RNk. Jean-Marie Le Penek sortu zuen FN alderdia, Marine Le Penen aitak, 1972an. Le Pen aita sei aldiz aurkeztu zen presidentetzarako bozetara, eta alaba beste hirutan izan da FN edo RNko hautagai Frantziako presidentetzarako. Aita behin iritsi zen bigarren itzulira, 2002an, baina Jacques Chiracek garaitu zuen. Marine Le Pen, berriz, azken bi hauteskundeetan, 2017an eta 2022an, bigarren itzulira igaro zen, baina bietan Macron nagusitu zitzaion.
Bardella goratuz
Le Penek ez aurkeztea erabakiko balu, haren ordez lehiatzeko aukera gehien dituena Jordan Bardella alderdiko presidentea da. Inkesten arabera, Le Penek berak baino emaitza hobeak lortu ditzake presidentetzarako bozetan. Dena den, bigarren itzulian arazoak edukiko lituzke RNk. Izan ere, lehen itzulian bozkatuenak izanda ere, hainbat inkestaren arabera, bigarrenean posible da zentroko hautagairen bat nagusitzea. Eta Bardella aipatuta, Le Penek nabarmendu du iluntzean elkarrekin «aliantza irabazle bat» sortuko dutela, laster hasiko dutela kanpaina, eta Bardella lehen ministro izango dela, bera presidentetzara heltzen bada.
Iazko martxoan, epaiaren berri eman zutenean, «erabaki politiko bat» izan zela salatu zuen Le Penek: «Lehen auzialdiko epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar». Atzo, azken instantziako epaitegiak erabakiaren berri eman bezperan, Bardellak sare sozialetan adierazi zuen ezerk ez duela justifikatzen Le Peni bozetan parte hartzea debekatzea, eta bere babes osoa duela.
faragek diputatu kargua utzi du, babesa duela berresteko asmoz
Nigel Farage Reform UK Erresuma Batuko alderdi ultraeskuindarreko buruak diputatu kargua utzi du gaur, bidegabeko-finantzaketa akusazio batzuk direla medio. Faragek esan du berriz aurkeztuko dela bere hautesbarrutiko boz partzialetara, eta horrela erakutsi nahi duela hautesleek oraindik ere babesten dutela. The Sunday Times egunkariak igandean kaleratu zuenez, George Cottrell aristokrata britainiarrak opariak eta ordainketak egin zizkion eskuin muturreko politikariari, eta horrek ez zituen deklaratu. Aurrez, argitara atera zen Christopher Harborne inbertsiogileak bost milioi euroko donazio bat egin ziola, eta Faragek ez zuela aitortu. Hori dela eta, Alderdi Laboristak kasua ikertzeko eskatu zuen ekainaren amaieran.