Takaichiri bere agenda ezartzeko bultzada eman diote bozek

Japoniako lehen ministroaren alderdiak, LDP kontserbadoreak, garaipen handia lortu du Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan. Bi heren pasako gehiengoa edukiko du.

Sanae Takaichiren agerraldia, gaur, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Sanae Takaichiren agerraldia, gaur, Tokion. FRANCK ROBICHON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 9a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

LDP Alderdi Liberal Demokratikoak garaipen handia lortu zuen atzo Japoniako Ordezkarien Ganberarako hauteskundeetan, eta, horren bidez, aurreikusitako agenda kontserbadorea ezarri ahal izango du Sanae Takaichi lehen ministroak. «Japoniako herritarrek bultzada handia eman didate aldaketak egiteko, kostuari erreparatu gabe», adierazi du gaur, agerraldi batean. Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) bukatu zenez geroztik alderdi batek Japoniako hauteskunde orokorretan lortutako garaipenik nabarmenena da.

Behe ganberak 465 aulki ditu, eta LDPk, azken hamarkadetako indar hegemonikoak, 316 bereganatu ditu. Horrek esan nahi du bi heren baino gehiagoko ordezkaritza edukiko duela eta Senatuan —han ez du gehiengo osorik— ekimen legegile bat atzera botata ere LDPk aurrera eraman ahal izango lukeela Ordezkarien Ganberan, bi heren pasako gehiengo horri esker. 

Nabarmen gora egin du LDPk; izan ere, 2024ko bozetan baino 125 aulki gehiago lortu ditu. Takaichik jarrera ultrakontserbadorea du, eta eguneko beste garailea Sanseito eskuin muturrekoa izan da: hamabost ordezkari zituen, eta aurrerantzean 27 edukiko ditu. Gainontzeko alderdi guztiek behera egin dute.

Noiz-eta immigrazioari buruzko diskurtsoa gogortu den honetan egin dituzte hauteskundeak, eta Txinarekiko tentsioa puri-purian dagoela. Lehen ministroak atzo adierazi zuenez, aldaketa handi bat egin nahi du zerga politikan, eta baita segurtasun arloan ere. 

Takaichik bozak aurreratzea erabaki zuen duela hilabete, argudiatuta legitimazio politikoa behar zuela. Hiru hilabete pasa besterik ez daramatza karguan, eta ez zen agintera iritsi bozak irabazi ondoren: Shigeru Ishiba alderdikideak urrian lehen ministro izateari uko egin ziolako hartu zuen kargua. Gainera, inkestak alde edukitzea baliatu zuen bozetara aldez aurretik deitzeko. 64 urte ditu, eta Japoniako lehen gobernuburu emakumezkoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.