Bira bat basakeriari, hasi zen leku berean

EZLNk neoliberalismoaren aurka eta «bizitzaren alde» altxatzeko deia egin zuen iaz, eta ehunka eragileren babesa jaso zuen. Ordezkaritza bat Europan izango da datozen asteetan, eta kolektibo horiekin saretuko da; besteak beste, Euskal Herrikoekin.

Itsasoz heldutako zapatistak Vigon (Galizia), ekainaren 23an. SALVADOR SAS / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Amerikako herriak inbaditzera joandako Europako konkistatzaileen bidaiaren kontrako norabidean abiatu zen maiatz hasieran La Montaña belaontzia, barruan EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistako zazpi kide zituela. Galizian lehorreratu zen ekainaren 22an, eta, hala, zapatistek hasiera eman zioten Europan egiten ari diren birari. Madrilen amaitu nahi dute abuztuaren 13an, haiek konkistatzera joan zirenen jatorrizko herrialdearen bihotzean. «Espainiako herriari hitz egingo diogu, baina ez mehatxatzeko, ezer leporatzeko, iraintzeko edo ezer eskatzeko; ezta barkamena ere», adierazi zuen EZLNk iazko urrian. Aitzitik, bi argipen egitera joango direla azaldu zuen: ez zituztela «konkistatu» eta erresistentzian jarraitzen dutela, batetik; eta Espainiak ez diela inolako barkamen eskerik egin behar, bestetik. «Nahikoa da iragan urrunarekin jolastearekin, egungo krimenak justifikatzeko, demagogia eta hipokrisia erabilita», nabarmendu zuten.

Beste urteurren bati ere egin nahi diote keinu, bi hamarkada baitira milioika lagun mobilizatu zituen Lurraren Kolorearen Martxa Chiapasetik abiatu eta Mexiko Hirira iritsi zenetik. Mugarria izan zen mobilizazio hori, zapatistek inoizko hurbilen ikusi baitzuten bost urte lehenago EZLNk eta Mexikoko Gobernuak izenpetutako San Andresko akordioa betetzeko aukera, Vicente Fox presidente izendatu berriak horretarako borondatea agertu ondotik. Konstituzioa berritu eta mugimendu indigenei autonomia eta eskubide gehiago aitortzea jasotzen zuen akordioak. Azkenean, baina, parlamentuak bestelako erreforma bat onartu zuen, indigenen eskariak aintzat hartzen ez zituena. Zapatistek traiziotzat hartu zuten, eta beste norabide bat hartu zuten: instituzioekin zuten harremana eten, eta autonomoki antolatzeko egiturak indartu zituzten.

Iazko udazkenean eman zuten biraren berri. Iragarri zuten Europako zeharkaldia aurrerago munduko gainerako kontinenteak ere bustiko dituen bidaia baten hasiera izan dadin nahi dutela, eta hartara batzeko deia egin zieten «neoliberalek eta neokontserbadoreek zatitutako munduan» dagoen gauzarik «subertsiboenaren» alde antolatzen direnei: bizitzaren aldeko borrokatzen direnei. Aldarri berbera zeraman handik hilabete gutxira publikatutako eta munduko ehunka eragilek babestutako adierazpen batek: Bizitzaren alde. Pandemiak azkartutako zibilizazio krisia erretratatzen zuten hartan, haren adierazpide gordinenak zerrendatuz: indarkeria matxista, jatorrizko herrien genozidioa, arrazismoa, militarizazioa, naturaren suntsipena eta beste. Halakoak sostengatzen dituen sistemaren aurka altxatzera deitu zuten, «humanitatearen aldeko borrokara», betiere, «homogeneotasuna eta hegemoniarako edozein pretentsio» baztertuz.

Dei hark izan zuen erantzunik ozeanoz bestaldean, eta hamaika eragile mobilizatu dira zapatisten ordezkaritzari harrera egin eta haiekin saretzeko. Antolakuntza lan hori duela hiru aste gorpuztu zen Vigon (Galizia), itsasoz heldutako zapatistei egindako ongietorrian. Han izan ziren Bira Zapatista taldeko kideak ere, hau da, Euskal Herrian egitasmoari harrera egingo dioten eragileek osatutako koordinakundekoak. «Etorriko denaren entsegu moduko bat izan zen», dio Mario kideak —ez du abizenik eman nahi izan—. «Sekulako ikasketa izan zen. Bat-batean, ordura arte elkarrekin harremanik izan gabeko hainbat lagun batera ari ginen lanean eta zetorrena antolatzen. Etorriko zaigunaren entsegu bat izan zen».

«Ezkerreko eta beheko» kolektiboek elkar topatzea eta euren buruak horretara behartzea da, hain zuzen, biraren helburu behinena, Marioren arabera. Nabarmendu du neoliberalismoaren eta bizitzaren arteko dikotomian bigarrenaren alde egiten dutenek elkar ezagutzeko aukera izango dutela.

Ariketa hori zapatistek sustatuko dute, eta Europan egiteak balio erantsia du harentzat: «Ez datoz soilik bizirik daudela aldarrikatzera; borroka egitera ere badatoz». Mexikoko indigenen borrokarekin elkartasuna agertzeaz gain, haien lanak lekuan leku har dezakeen forma berezituan pentsatzea izango da erronka, azaldu duenez. «Uste dut haien borroka bere hartan ezin dela hemen garatu, eta irakaspenak ateratzea dagokigula», aitortu du. Haiekiko loturak «beste herriekin izan nahi dugun harremanaz» eta «borroka molde desberdinez» hausnartzeko balio dezakeela nabarmendu du. Bigarren horrek Euskal Herrian garrantzi berezia du, Marioren esanetan, «borroka ulertzeko modu asko eta oso desberdinak baitaude», elkarri bizkarra emanda aritu izan direnak. Horiek elkarlanean aritzeko abagunea izango dutela dio.

Ziurtasun gutxi

EZLNko kideen ordezkaritza txiki bat heldu zen Galiziako kostaldera ekainean, eta, ordutik, talde horrek geldialdiak egin ditu Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat lekutan. Aurrerago, ordezkaritza handiago bat iritsiko da, eta hark jarraipena emango dio birari. Espero dute Euskal Herrira ere aurki helduko dela, baina Mariok ez du zehaztu noiz, koordinakundeak ere ez baitaki ziur oraindik. «Beste lurraldeetako» antolakundeekin koordinatzera behartuta daudela azaldu du, eta etengabe «inprobisatu» behar izaten dutela: «Egiteko modu hori ere berria da guretzat, ohituta baikaude agenda finkoen arabera lan egitera eta bi hilabete lehenago dena lotuta izatera. Hori, oraingoan, ezinezkoa da».

Bira Zapatista taldeak sareetan argitaratu eta aldiro eguneratzen duen informazioari adi egoteko deia egin du; antolakuntza lanetan parte hartzera ere deitu du. Bost talde ditu koordinakundeak: Hegoaldeko lau lurraldeetan bana dago, eta beste bat Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.