Gadi Eisenkot Israelgo oposizioko burua gordin mintzatu da. Benjamin Netanyahu mehatxu bat da Israelgo demokraziarentzat, eta minutu bakar bat gehiagoz ere ezin du jarraitu herrialdeko lehen ministro karguan. Keshet 12 telebistak kaleratu duenez, Likud gobernuburuaren alderdiak zuzenean parte hartu zuen urriaren 27ko hauteskunde orokorretan arabiarren aldeko botoari eragiteko operazio batean. Horiek horrela, Eisenkoten alderdi Yasharrek fiskal nagusiarengana jo du gaur, eta eskatu dio Likud ikertu dezala, hauteskundeetan eskua sartzea eta Poliziaren goi kargudunak «helburu politiko ilegitimoetarako» erabili nahi izatea egotzita.
Eisenkot gobernua osatzeko ahaleginean ari den honetan argitaratu du informazio hori Keshet 12 telebistak. Yasharreko eta Likudeko ordezkariek bilera bat egin zuten atzo batasun nazionaleko gobernu baten aukeraz hitz egiteko, eta ondoren, iluntzean, eman zuten erreportajea.
Gertaeren berri duten iturriak aipatuz, telebista kate horrek kaleratu du Netanyahuren bulegoko kide ohi batek informazio bat helarazi ziola lehen ministroaren kabineteburu Ido Nordeni, eta Norden, gero, harremanetan jarri zela Danny Levy Israelgo Poliziaren buruarekin. Horiek horrela, bozen egunean bertan Zerrenda Batua ezkerreko koalizio arabiarreko hiru kide atxilotu zituzten, eta hauteskunde iruzurra leporatu. Segituan aske utzi zituzten, ordea; Poliziaren esanetan, susmoek ez zutelako oinarririk.
Hain zuzen, Levy poliziaburuak jakinarazi du gaur barne ikerketa bat abiatu dutela gertatutakoa argitzeko. Atzo gauean X sare sozialean idatzitako mezu batean, Eisenkotek esan zuen Poliziari eta Shin Bet Israelgo barne zerbitzu sekretuei dagokiela kaleratutakoari buruzko xehetasunak ematea.
Horren guztiaren harira mintzatu zen Yousef Jabareen koalizio arabiarreko burua atzo gauean sare sozialetan, eta azpimarratu Netanyahu ahalegindu dela arabiarrei eta beren liderrei «kolpe bat» ematen, horretarako «Polizia kriminalki baliatuz». Horrekin guztiarekin lotuta, Haaretz egunkariak argitaratu zuen atzo gauean Shin Beteko buru David Zini saiatu zela Zerrenda Batuaren hiru politikariren telefonoetan eskua sartzen, bai hauteskundeen atarian, bai ondorengo egunetan. Jabareenen esanetan, horrek Likuden kontrako akusazioak «larriagotzen» ditu. «Erregimen errepresiboetan horrela jokatu ohi da», salatu du.
Yasharreko diputatu eta Shin Beteko buru ohi Yoram Cohenek sinatu du Gali Baharav-Miarari bidalitako gutuna, eta horretan eskatzen du, besteak beste, ea Poliziak auzian izandako jokabideak erantzuten dien irizpide profesionalei, edo interes politikoek bultzatuta jokatu ote zuten; baita ea ahaleginik egon ote zen ere estatu indarrak baliatzeko hauteskunde prozesuan eragin zezaten. Iruzurra, botere gehiegikeria eta legez kanpoko atxiloketa aipatzen dituzte gutunean, estatu egiturei eta Likudi leporatu ahal zaizkien delitu gisa.
Inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten bi indar arabiarrek azken hauteskundeetan: hemeretzi diputatu guztira. Urriaren 27an bertan, Netanyahuk esan zuen indar arabiarrak ari zirela bozak lapurtzeko ahaleginean; hurrengo egunean areago joan zen azken hogei urteotan ia etenik gabe gobernuburua izandakoa: «Alderdi arabiarrak hauteskundeak lapurtzen ari dira».
Israelgo Parlamentuko presidenteordeetako bat arabiarra izatea proposatu dute
Ahmad Tibi Zerrenda Batua ezkerreko koalizio arabiarreko kidea Israelgo Parlamentuko presidenteordeetako bat izatea proposatu du Knesseteko Antolakuntza Batzordeak. Politikari beteranoa da Tibi —66 urte ditu—, eta 1993 eta 1999 bitartean Yasser Arafat buruzagi palestinar historikoaren aholkularia izan zen. «Garaipen handia da Zerrenda Batuarentzat», esan dio Al-Jazeera hedabideari. Eta nabarmendu du Likud eta Itamar Ben Gvir eskuin muturreko ministroa bere izendapena oztopatzen ahalegindu direla. Israelgo Parlamentuko Antolakuntza Batzordeko hamahiru kidek bozkatu dute Tibi eta beste zortzi diputatu ganberako presidenteordeen taldeko kide izatearen alde, eta zortzik kontra.
Dena den, oraindik parlamentuak berak onartu behar ditu izendapen horiek. Eta Bezalel Smotrich Finantza ministroak ohartarazpen bat egin dio gaur Yasharri, Gadi Eisenkoti oposizioko buruaren alderdiari: Matan Kahana Yashar alderdikoa ganberako presidente izendatzearen alde bozkatuko dutela bere alderdi Tora Judaismo Batuak eta Likudek, Yasaharrek hartzen badu ganberan presidenteorde arabiarrik ez babesteko konpromisoa.
Irregulartasunak salatu zituen jarduneko lehen ministroak, baina, egun batzuk geroago, hauteskunde batzordeak nabarmendu zuen ez dela halakorik egon, eta, gainera, ohartarazi zion Netanyahuri demokraziarentzako arriskutsua dela gisa horretako akusazioak egitea frogarik erakutsi gabe.
Urduri dabiltza Likudekoak. Boto gehien lortu zuen alderdia izan zen, baina bera buru duen blokeak ez du gehiengo osorik Israelgo Legebiltzarrean. Hortaz, hilaren 8an, oposizioko buru Eisenkoti eman zion Isaac Herzog herrialdeko presidenteak gobernua osatzen ahalegintzeko ardura. Abenduaren 6ra arteko epea du horretarako. Ikusteko dago zer bide lehenetsiko duen beharrezko babesa biltzeko. Baliteke gutxiengoan gobernatzen saiatzea, kanpoko laguntzaz, izan arabiarrena, izan ultraortodoxoena. Eta beste aukera bat litzateke Likudekin batera batasun nazionaleko gobernuaren bideari ekitea.