Brasil, Trumpen atzeko patioaren atarian

Trumpen aliatu Flavio Bolsonaro ultraeskuindarra da bihar Brasilgo bozen bigarren itzulian nagusitzeko hautagai nagusia. Azken zundaketen arabera, baina, Lula da Silva presidenteak gora egin du, eta ia berdinduta daude bi presidentegaiak.

Bolsonaro eta Lula igandean Sao Paulon, hauteskundeetako lehen debatean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Bolsonaro eta Lula igandean Sao Paulon, hauteskundeetako lehen debatean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE
Aitor Garmendia
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidegurutze batean dago Brasil, eta bihar erabakiko da zer norabide hartuko duen datozen lau urteetarako. Ezkerrerantz egin du orain arte ibilitako bideak; horri jarraituz gero, Luiz Inacio da Silva Lula-ren agintaldia beste lau urtez luzatuko litzateke. Brasildarrak, baina, beste errepide bat hartzear direla aurreikusten dute inkesta gehienek. Lehendik ere ezagutzen dute eskuinera —are, ultraeskuinera— egiten duen bide hori. Bihar egingo dute presidentetzarako bozen bigarren itzulia Latinoamerikako ekonomia handienean, eta Flavio Bolsonaro da hautagai nagusia, Jair Bolsonaro presidente ohiaren (2019-2023) semea, eta Donald Trump AEBetako presidentearen aliatua. Halere, azken egunetako zundaketek esperantza piztu dute Lularen aldekoen artean, ia berdinduta ageri baitira bi hautagaiak.

Urriaren 4an, lehen itzulian, Bolsonarok lortu zuen babes handiena: PL Alderdi Liberaleko presidentegaiak botoen %47,03 lortu zituen, eta Lulak, PT Langileen Alderdikoak, ostera, %45,16. Bietako batek ere ez zituenez botoen erdiak baino gehiago lortu, bigarren itzulia egingo dute bihar. Azken asteetan, lortutako babesari eustea eta boto emaile gehiago erakartzea izan dute erronka bi presidentegaiek. Lehen itzulian beste hautagai batzuen alde bozkatu zuten herritarrak erabakigarriak izango dira bihar, eta ultraeskuindarrak probetxua atera dezake.

Izan ere, Bolsonaroren alde egiteko eskatu dute, besteak beste, Augusto Cury hirugarren hautagai bozkatuenak (%2,89) eta PSD Alderdi Sozialdemokratako Ronaldo Caiadok, boto gehien lortu zutenen artean bosgarrenak (%2,18). Halere, Quaest etxeak aste honetan argitaratutako galdeketaren arabera, botoen transferentzia ez da zuzena izango. Hau da, Curyren alde egin zuten guztiek eta Caiadoren alde egin zuten denek ez dute Bolsonaroren alde egingo.

Galdeketa horren arabera, Curyren boto emaile gehienek Lularen alde egingo dute; eta Bolsonaro babestuko dute Caiado eta Ronan Santos (%2,24) ultraren alde egin zuten gehienek. Hiru horiek izan ziren, Bolsonaroz eta Lulaz gain, lehen itzulian botoen %1 baino gehiago lortu zituzten bakarrak.

Kanpainan zehar, aurrez aurre dauden bi eredu babestu dituzte Lulak eta Bolsonarok. Brasilen subiranotasuna jarri du erdigunean Lulak, eta aldarrikatu du ez direla inoren «kolonia» izango. Bere azken agintaldian —aurrez ere presidente izan zen 2003tik 2011ra— harreman diplomatikoak tenkatu egin dira, besteak beste, Argentinarekin, Israelekin eta AEBekin, batez ere Trump duela ia bi urte Etxe Zurira itzuli zenetik. Trumpek muga zerga handiak jarri dizkie Brasilgo produktuei; Lulak Bolsonarori leporatu dio mesede egiten aritzea eta Brasilgo bozetan eskua sartzea.

Hain zuzen, Trumpen bigarren agintaldiko ardatzetako bat bihurtu da estrategia hori, hau da, Latinoamerikako herrialdeetan —besteak beste— eskua sartzea. Eta gainera idatziz jaso ditu bere asmoak, Monroe Doktrina berretsita eta hari Trumpen korolarioa gehituta. «Mendebaldeko hemisferioan nagusitasuna berrezartzea» du asmo doktrina horrek, eta Amerikan esku hartze militar eta politikoak egitea justifikatzeko erabili izan dute. «Hemisferiokoak ez diren lehiakideei indar posizioak edo mehatxagarriak diren beste baliabideak ezartzea eragotziko diegu, baita ondasun estrategiko erabakigarriak hartzea ere», dio Trumpen korolarioak.

Txinak diru gehien inbertitu zuen herrialdeen artean, lehenengoa izan zen iaz Brasil. Pekinek atzerrian egindako inbertsioen %11 joan ziren hara. «Hemisferiokoa ez den lehiakide» horri Brasilekin negozioak egitea oztopatu nahi dio Trumpek, eta interesa du, gainera, Brasilen baliabide naturaletan, hala nola lur arraroetan. Bolsonaro haren aliatua da, eta esana du, besteak beste, kargura iristen bada Ameriketako Ezkutua deituriko koaliziora batuko dela. AEBen gidaritzapean, Latinoamerikan droga trafikoaren aurka egitea da, Washingtonen arabera, koalizio horren helburua; eskuineko gobernuak dituzten hemezortzi herrialdek osatzen dute, tartean Txilek, Argentinak, Peruk, Ekuadorrek eta Kolonbiak.

Gainera, kargura iristen bada, Bolsonarok AEBekin «merkataritza akordio bat» egiteko bitarteko guztiak eskuragarri jarriko ditu, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariari uztailean bidalitako gutun batean adierazi zionez.

Azken orduko neurriak

Lulak hauteskundeetan eragina izan dezaketen hainbat neurri bultzatu ditu azken asteetan. Lehen itzulia baino lehen, esaterako, %15 areagotu zuen herritar txiroenek jasotzen duten hileroko laguntza. Eta azken egunetan, besteak beste, gehienezko lanaldia murriztu du, eta doako autobus zerbitzuak eskaintzeko proposamena egin. Lanaldia murriztuta, bi eguneko asteburua izango dute Brasilen, eta, langileek beren senideak bisitatu ahal izateko, asteburuetan doako autobusak izateko eskubidea dutela esan zuen herenegun Lulak. Horregatik, doako zerbitzu horiek martxan jartzeko lege proposamen bat aurkeztu dio Kongresuari.

40

Astean zenbat orduko lanaldia izango duten Brasilen. Asteko gehienezko lanaldia 44 ordukoa zen Brasilen, baina 40 ordukoa izango da aurrerantzean. Kongresuak azken astean onartutako neurri horri esker, langileek bi egun libre izango dituzte astean.

Halere, azken egunetan eztabaida piztu du Brasilgo presidenteak. Bost eguneko lan astearen alde egin zuen Lulak asteartean, SBT telebista katean egindako elkarrizketa batean. Besteak beste, esan zuen emakumeek etxeko lanak egiteko baliatu behar izaten dutela asteko egun libre bakarra.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA