Chavismoaren oinordekoa, botereari eusten

Nicolas Madurok presidente karguaren lekukoa hartu zion Hugo Chavezi, 2013an, eta orduz geroztik agindu du Venezuelan. Nazioartearen parte batek ez du agintari zilegitzat.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea 'Gerra ez, bakea bai!' dioen bisera batekin, joan den abenduan. ZURIMAR CAMPOS / EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea 'Gerrari ez, bakeari bai!' dioen bisera bat jantzita, joan den abenduan. ZURIMAR CAMPOS / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urtarrilaren 3a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzera egin behar da, gero, Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen atxiloketa ulertzeko. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak, Marco Rubiok, jakinarazi du gaur ezen «kargu penalengatik» epaituko dutela Maduro, eta GOIZALDEKO erasoaldia presidentea atxilotu dutenak «babesteko» baizik ez dela izan; orain, «zaintzapean» dute, AEBetara bidean, sare sozialetan idatzi duenaren arabera. Pam Bondi AEBetako fiskalburuak argitu du, besteak beste, «konspirazio narkoterroristagatik» inputatu dutela. 

Maduro 2013az geroztik da Venezuelako presidente; hirugarren agintaldia du oraingoa. Duela bi urteko presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen, nahiz eta oposizioak eta Mendebaldeak iruzur egitea leporatu zioten chavismoari —ez diote garaipena aitortzen, eta, hortaz, Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaia dute herrialdeko presidentetzat—. Dena den, Madurok kargua hartu zuen iaz: «demokrazia berriaren aldiari» ekingo ziola hitzeman zuen. Hain justu ere, hirugarren agintaldiko lehen urtea amaitu baino astebete lehenago hartu dute preso AEBek.

Zilegitasunik ez duela argudiatuta, AEBak haren atzetik ibili dira azkenaldian, eta aipatzekoa da ezen iazko abuztuan herrialdeko fiskaltzak bi halakotu egin zuela Maduroren atxiloketa erraztu zezakeen informazioaren truke emandako saria, 50 milioi dolarretaraino. Orduko hartan, Bondi fiskalburuak «munduko narkotrafikatzailerik handiena» izatea leporatu zion; aldi berean, AEBetako itsas armadak droga trafikoaren kontrako operazioa abiatu zuen Karibe itsasoan, eta 30 itsasontzitik gora bonbardatu ditu orduz geroztik. Gainera, duela hilabete pasatxo, Washingtonek «terroristatzat» jo zuten Madurorekin lotzen duten erakunde bat, Soles kartela deiturikoa. Bi herrialdeen arteko tentsioak gorantz egin du, eta bart gaueko atxiloketarekin goia jo du.

Hain zuzen, herenegun emandako elkarrizketa batean, Madurok ziurtatu zuen Caracas «prest» zegoela Washingtonekin batera narkotrafikoaren kontra egiteko; zenbait hedabidek presidentearen gertuko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Madurok ez zuen aurreikusten ezein akordiok boterea uztea eragingo ziokeenik. Negoziazio saiakerek porrot egin dute azken hilabeteotan, eta, azkenean, AEBek indarkeriaz erantzun dute.

Madurok, autobus gidari aritu ondoren, hainbat urtez agindu du Venezuelan, eta, aurrez, Hugo Chavez presidente zen garaian (1999-2013), zenbait ardura izan zituen: diputatua izan zen, harik eta Atzerri ministro kargua hartu zuen arte (2006-2012), eta, ondoren, presidenteorde izan zen (2012-2013). 2013an minbiziak jota zendu aurretik, Chavezek bere oinordeko politiko izendatu zuen Maduro: azken hark irabazi zituen 2013ko presidentetzarako bozak, botoen erdiak baino gehixeago lortuta; baita 2018koak ere, botoen bi heren baino gehiago lortuta. Azkenekoetan, Mendebaldeak iruzurra izan zela salatu duen bozetan, botoen %51 lortu zuen, CNE Venezuelako Hauteskunde Batzordearen arabera.

Ez da lehenbiziko aldia AEBek Maduroren kontra egiten dutena, eta, aldi berean, Venezuelako oposizioaren alde. 2019aren hasieran, berez Madurok kargua hartu behar zuenean, Juan Guaido oposizioko kideak bere burua izendatu zuen Venezuelako behin-behineko presidente (2019-2023), eta Trumpen administrazioak eta hainbat herrialdek babesa erakutsi zioten. Maduro agintean zelarik paraleloki jardun zuen Guaidok, harik eta nazioartearen babesa galdu zuen arte.

AEBek «legez kontrakotzat» zuten Maduroren gobernua, eta lehenbizikoz 2020an egotzi zizkioten presidenteari narkotrafiko delituak. Duela bi urteko hauteskundeen ostean jarrera gogortuz joan da Washington —hain zuzen, Donald Trump AEBetako presidentea Etxe Zurira bueltan heldu eta gero— eta Karibe itsasoko operazioa hasi zuen udan. AEBetako armadaren operazio horri Venezuelan aritzen diren petroliontzien kontrako zigorrek eta neurriek jarraitu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.