COP31k porrot egin du: akordio politikorik gabe amaitu da

NBEren klima aldaketari buruzko goi bilerako partaideek ez dute onartu Turkiak eta Australiak proposatutako testua. Ez dira ados jarri erregai fosilen auzian, ezta garapen bidean dauden herrialdeen finantzaketa klimatikoan ere.

Hainbat herrialdetako ordezkariak Antalyan, atzo, akordioa baztertu zen saioan. KIARA WORTH / EFE
Hainbat herrialdetako ordezkariak Antalyan, atzo, akordioa baztertu zen saioan. KIARA WORTH / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 23a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxienekoen gaineko akordio bat ere ez. Atzo amaitu ziren Antalyan (Turkia) COP31 NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bilerako negoziazioak, parte hartzaileek testu bateraturik hitzartu gabe. Goi bilera bi egunez luzatu duten arren —izatez ostiralean zen amaitzekoa—, erregai fosilen auziak eta garapen bidean dauden herrialdeen finantzaketa klimatikoak, besteak beste, itun bat adostea eragotzi dute.

COP31k, beraz, porrot egin du. Herrialdeek ez dute onartu presidentetzan zeuden Turkiak eta Australiak proposatutako oinarrizko testua, eta, beraz, mundu mailako akordiorik gabe amaitu da goi bileraren 31. edizioa. Zirriborrotik erregai fosilak ezabatzeko aipamena kendu zuten, eta horrek berekin ekarri du zenbait estatuk proposamena baztertzea —EB Europako Batasuneko ordezkariek, besteak beste—.

Chris Bowen Australiako Ingurumen ministro eta COP31ko presidentekideak adierazi duenez, «akordioa zabala zen agenda orokorraren inguruan», baina azkenean «bateraezinak izan diren pare bat kontuk» eragotzi dute ituna sinatzea. Emaitzagatik «atsekabetuta» agertu da.

2015. urtean Parisko akordioa sinatu zutenetik, lehen aldia da herrialdeek goi bilera adierazpen bateraturik gabe amaitzen dutena. Aurrez, bitan egin zuen porrot: 2000. urtean Hagan, eta 2009.ean Kopenhagen.

Erregai fosilak eta laguntzak

2023an, Dubain egindako COP28 bilkuran, onartu zuten erregai fosilik gabea behar lukeela etorkizunak. Horren harira, baina, aurrera egin ezinik ari dira azken urteetan. Iaz Brasilen egin zen COP30 goi bilera, eta Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak mahai gainean jarri zuen erregai fosilen erabilera eteteko bide orri bat adostea. Baina aukera hori ezerezean geratu zen, eta adostutako testuan ez zuten zehaztu erregai fosilak amaiarazteko helbururik.

Oraingoan, hori izan da EBk ezarri duen marra gorria —harekin bat egin dute Erresuma Batuak, Norvegiak, Panamak eta Pazifikoko hainbat mikroestatuk—. Talde arabiarrak eta EBk desadostasunak izan dituzte karbonoa atzemateko teknologiaren inguruan ere —CCUS izenekoa—, Europako herrialdeek adierazi baitute horrek ez duela balioko hidrokarburoak uzteko eta berotze globala behar adina moteltzeko.

Chris Bowen COP31ko presidentekidea, atzoko saioan. KIARA WORTH / EFE
Chris Bowen COP31ko presidentekidea, atzoko saioan. KIARA WORTH / EFE

Akordioa eragotzi duen beste puntuetako bat izan da garapen bidean dauden herrialdeei eman beharreko finantzaketaren ingurukoa. Proposamenean, Turkiak eta Australiak saiakera egin zuten herrialde horien aldarrikapenak eta diru gehiago jartzeko prest ez zeuden herrialdeenak orekatzeko, baina ez dira ados jarri azkenean. EBko kide asko finantza krisian daude, eta esan dute ez duela zentzurik herrialde horiek diruz laguntzeak ez badago emisioak murrizteko borondate politikorik.

Egoera geopolitikoaren adierazle ere izan da bilkura: Errusiak gogor egin du EBren aurka, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkaritzarik ez da izan bertan.

Goi bilerako protagonistetako bat izan da, berriz, Juan Carlos Navarro Panamako Ingurumen ministroa. Ostegunean «petrolioaren mafiaren» aurka egin zuen hitzartzeak txalo zaparrada eragin zuen, eta akordioari betoa ezartzeko mehatxua egin zuen —hala egin du azkenean—. Horren ondorioz, ostiralean hainbat herrialdetako ordezkariek egin zuten bat Navarrorekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA