DEMekoak Erdoganekin bildu dira, PKK-k armagabetzea hasi aurretik

Kurduen aldeko alderdiaren arabera, Ocalan gerrillaren buruzagiak «historikotzat» jo du bilera, eta uste du prozesua «beste fase batean» sartu dela.

Ezkerretik eskuinera, DEMeko bi ordezkari, Erdogan, AKP alderdiko presidenteordea, eta Turkiako zerbitzu sekretuetako burua, gaur, Ankaran. TURKIAKO PRESIDENTETZA
Ezkerretik eskuinera, DEMeko bi ordezkari, Erdogan, AKP alderdiko presidenteordea, eta Turkiako zerbitzu sekretuetako burua, gaur, Ankaran. TURKIAKO PRESIDENTETZA
Igor Susaeta.
2025eko uztailaren 7a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurdua aste honetan da hastekoa armak entregatzen, eta, hori gertatu aurretik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin batzartu da DEM Berdintasunaren eta Herrien Demokraziaren Aldeko Alderdiaren ordezkaritza bat gaur Ankaran. Atzo, hain zuzen, kurduen aldeko alderdi horretako ordezkariak PKKren buruzagi Abdullah Ocalanekin batzartu ziren Imraliko (Turkia) kartzelan.

Ocalanek berak egin zuen, otsail amaieran, armak uzteko deia. Egun batzuk geroago su etena iragarri zuen PKKk, eta maiatzaren 12an jakinarazi zuen borroka armatua uztea eta desegitea erabaki duela. Azkeneko hilabeteetan DEM ari da, nolabait, bitartekari gerrillaren eta Ankararen artean. Ezkerreko alderdi bat da DEM, eta Turkiako Asanblean parlamentari gehien duten alderdien artean hirugarrena da.

Gaurko bilkuraren ostean DEMek kaleratutako ohar baten arabera, Erdoganekin «fase berriaren» eta «hurrengo urratsen» inguruan hitz egin dute. Gainera, kurduen alderdi horrek gehitu duenez, bileran zehar bi aldeek nabarmendu dute prozesuan aurrera egiteko «borondatea» dutela.

«[Ocalanek] Esan digu oso garrantzitsua, historikoa, dela gure ordezkaritzaren eta presidentearen arteko bilera», nabarmendu zuen DEMek atzo, ohar batean. Erantsi zuen Ocalanek azpimarratu ziela prozesua «fase berri batean» sartu dela. Buruzagi kurdua 1999tik dago espetxeratuta.

Horren guztiaren harira, Erdoganek berak esan du azkeneko asteetan «aurrerapausoak» ematen ari direla prozesuan. Ez dago argi, ordea, zer urrats egingo dituzten behin armagabetzea hasi ondoren. Turkiako presidentearen AKP Justizia eta Garapena Alderdiko parlamentari Mehmet Galip Ensarioglu elkarrizketatu zuen atzo Rudaw hedabide kurduak, eta nabarmendu zuen prozesua «gardenki» ari dela garatzen, «orain arte» ez dela «arazorik» egon, eta aurreikusten duela urte amaierarako amaituko dutela.

Haren esanetan, bi aldeek hartuko dituzte neurriak. «Esate baterako, Turkiako Estatuak gaixo dauden [PKKren] presoak aska litzake», esan zuen Ensariogluk. DEMek bultzatu nahi du Turkiako Asanbleak batzorde parlamentario bat sortzea, hark osa dezan gerrillariak gizarteratzeko marko juridiko bat. DEMek adierazi du, hain justu, Ocalani iruditzen zaiola batzorde horrek «rol erabakigarria» joka dezakeela gatazkaren konponbidea lortze aldera. PKKk 1984an ekin zion Turkiako Estatuaren aurkako borroka armatuari, eta, gatazka horren ondorioz, 40.000 pertsona inguru hil dira; gehienak, gerrillari kurduak. Horrekin guztiarekin lotuta, DEMeko parlamentari Sezai Temelli elkarrizketatu du gaur Rudaw komunikabideak, eta oroitarazi nahi izan du gatazka ez dela «soilik» armagabetzearen bidez konponduko.

Suntsitu edo entregatu

Gerrilla kurduak joan den ostegunean jakinarazi zuen, ohar baten bidez, aste honetan hasiko zuela armagabetze prozesua. Kurdistango zenbait hedabidek kaleratu dute ostegun eta larunbat artean egingo dutela, eta Iraken menpeko Kurdistango Sulaimaniya hirian izango dela.

Errolda ofizialik ez dago, baina kurduak 40 milioi inguru dira, eta Turkia, Iran, Irak eta Siria artean bizi dira banatuta. PKKren miliziano gehienak Irak iparraldeko mendietan daude. «Gerrillari talde bat menditik jaitsiko da, eta agur esango die armei, adierazteko bakerako eta politika demokratikorako borondatea duela», nabarmendu zuen PKKk oharrean.

Turkiako hamabi soldadu hil dira Irakeko koba batean

Turkiako hamabi soldadu hil ziren atzo Iraken menpeko Kurdistango koba batean, Ankarako iturriek gaur jakinarazi zutenez. Informazio horren arabera, hemeretzi soldadu koba horretara sartu ziren, 2022an PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrilla kurduarekin gertatutako tiroketa batean hildako teniente baten gorpua berreskuratzera; metanoa arnastu zuten, ordea, eta hemeretzi horietatik hamabi hil ziren.

Ez dute zehaztu, ordea, armagabetze zeremonia nola izango den, hau da, armak entregatuko ote dituzten edo horiek suntsituko dituzten. AP Associated Press AEBetako berri agentziak Iraken menpeko Kurdistango administrazioko iturri anonimo bat aipatuz duela egun batzuk argitaratu zuenez, PKK-ko kideek eskualde autonomoko funtzionarioei emango dizkiete. Hedabide kurdu batzuen arabera, ordea, inori entregatu beharrean, armak suntsitu egingo dituzte.

Iraken menpeko Kurdistango gobernuan bi alderdi dira nagusi: KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoa eta PUK Kurdistango Batasun Abertzalea. KDPk agintzen du Erbilen, eta PUKek Sulaimaniyan. Masud Barzani da gobernu autonomoko presidentea, eta Ocalanek otsailean hartutako erabakia txalotu zuen, baita Erdoganen rola goratu ere, irudituta «bakearen alde» egin duela. Aintzat hartu behar da PKKk eta  KDPk lehia dutela Kurdistango hegemonia politikoa izateko.

Bien bitartean, PKKren barruan badira Ankaraz fio ez direnak. Gerrilla kurduaren sortzaileetako bat izan zen Mustafa Karasu, eta joan den astean esan zion telebista kate kurdu bati Turkiako estatuko «talde batek» prozesua «sabotatu» asmo duela. «Prest gaude, baina gobernuak ez ditu beharrezko pausoak ematen». Eta aipatu zuen Turkiak jarraitzen duela PKKren posizioei eraso egiten Irak iparraldean eta Turkia hego-ekialdean —Ankarak berak ziurtatu izan du—, gerrillak esana duen arren borroka armatua utzi duela. Salatu zuen, gainera, Ocalanen osasun egoerak ere prozesuari eragiten diola. «26 urte daramatza bakartuta». DEMekoek azaldu zuten atzo Ocalan «ondo» ikusi zutela, «bai fisikoki, bai espiritualki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.