Antonio Jose Seguro (1962) izan da Portugalen kontserbadoreen hogei urteko agintaldia amaitu duen PS Alderdi Sozialistaren hautagaia. Azken urteetan irakasle aritu den arren, —Estatuaren teoria eta pentsamendu politiko eta soziala irakasgaiko irakaslea da Lisboako Unibertsitatean— politikan ibilbide luzea daukan pertsona da Seguro, presidentetzarako bozen irabazlea, betiere PS-rekin lotuta. Osasun publikoa, etxebizitza bat edukitzeko eskubidea, eta gazteentzat sortu beharreko aukerak izan ditu hizpide hauteskunde kanpainan eta atzo gauean emandako hitzaldian.
Seguro aspalditik da PS-ko kide — 1990etik 1994ra JSP Portugalgo Ezkerraren Gazteak antolakundearen idazkari nagusia izan zen —, eta hainbat hamarkada daramatza politikan Alderdi Sozialistako idazkari nagusi izan zen 2011 eta 2014 bitartean, eta bere ibilbidean beste hainbat kargutan aritu da. Esaterako, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiaren aldamenean egon zen hura gobernuan zegoenean (1995-2002); besteak beste, estatu idazkari eta lehen ministroaren ondokoaren lanetan. Gainera, hamabost urte baino gehiago egin ditu Portugalgo Asanblean diputatu, eta Europako Parlamentuan ere aritu zen, 1999tik 2001era.
Segurok politikan egin duen ibilbidea ez da Alderdi Sozialistarik gabe ulertzen. Baina lotura estua duten arren, azken hauteskunde hauetan alderdiaren sigletatik aldentzen ahalegindu da. Edo horretan saiatu da, behintzat. Izan ere, hautesle gehiagorengana iristeko asmotan, askotan errepikatu du bere hautagaitza «independentea» dela eta «alderdien gainetik» dagoela. Atzo gauean egindako agerraldian, esaterako, ez zuten PS-ko siglarik, edo PS-rekin lotu daitekeen ikurrik erabili. Portugalgo bandera handi bat besterik ez zuten jarri.
Bigarren itzulian Andre Ventura Chega ultraeskuineko alderdiaren hautagaiaren aurka lehiatu behar zela jakin zuenean, norabide argia eman zion bere diskurtso politikoari. Ultren aurrean «demokrazia defendatzeko» unea zela erakutsi zuen, eta horretarako eskatu zituen botoak. Hala, lehen itzulian eskuineko eta zentro-eskuineko hautagaien alde bozkatu zuten hautesle askoren botoa eskuratu du, eta, hein batean, Seguroren aldeko botoak ultraeskuinaren aurkakoak ere izan dira.
Ventura hautagaia «demokraziarentzat arriskutsua» dela esan du hauteskunde kanpainan. Eta horrekin lotuta, Segurok esan izan du presidente izatera iristekotan ez lukeela onartuko Portugalgo Konstituzioaren aurka doan gobernu bat ezartzea — Chega alderdi ultrari erreferentzia eginez—.