Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, estatuko justizia instantzia nagusia izanik, Auzitegi Gorenari agindu dio amnistiatzeko diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua Kataluniako prozesuari dagokionez. Ondoren heldu da Pablo Llarena Goreneko instrukzioko epailearen erabakia, zeinak behin-behinean bada ere bertan behera utzi duen Carles Puigdemont atxilotzeko agindua. Bi erabaki horiek zenbait galdera eragin dituzte.
Puigdemont noiz itzuli ahalko da?
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohia nahi duenean itzul daiteke Kataluniara, atxilotua izateko arriskurik gabe. Konstituzionalak Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohiaren babes helegiteari buruz gaur kaleratu duen sententzia aztertuko du Llarenak, eta ondoren kasua artxibatzeko auto bat osatuko du, amnistia legea eskuan. Voxek, kasuan pertsonatuta dagoenez, helegitea jar diezaioke Llarenaren erabakiari. Dena den, harritzekoa litzateke Llarenak berak iritzia aldatzea edo Goreneko zigor aretoak Llarenak planteatutakoaren kontrako zerbait esatea.
Horiek horrela, bueltatzeko moduan legoke Puigdemont. Hori bai, Gonzalo Boye haren abokatuak Catalunya Radion ohartarazi du gauza bat dela atxilotze agindua bertan behera uztea, eta beste bat amnistia legea aplikatzea. «Lasai» hartzeko deia egin du Boyek. Orduan, Llarenak auzia artxibatutakoan itzuliko da Puigdemont, edo zigor aretoak amnistia aplikatutakoan. Eperik ez dago ezarrita horretarako. Itzulerak «zentzu politikoa» izan behar duela esan du gaur Puigdemontek.
Noiz aplikatuko diete amnistia diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei?
Llarenaren autoak ez du zehazten amnistia aplikatuko ote dieten; aurrena, Konstituzionalaren ebazpena aztertu nahi du. Dena den, Espainiako eta Kataluniako hedabide batzuek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, zigor aretoaren eta instrukzioko epailearen asmoa da amnistia aplikatzea prozesu subiranistaren harira zigortuak edo auzipetuak izan ziren guztiei. Konstituzionalak ezingo du sententzia BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean aplikatu magistratu kontserbadoreek iragarritako boto partikularrak sinatuak ez dauden bitartean.
Inhabilitatuak izan zirenak hauteskundeetara aurkeztu ahal izango dira berriro?
2019ko ekainean, Gorenak dozena bat urterako inhabilitatu zituen prozesu subiranistako buruzagiak; tartean, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohia, eta Dolors Bassa, Jordi Turull eta Raul Romeva kontseilariak. Konstituzionalak gaur ebatzitakoa kontuan hartuta, amnistia aplikatuko die Gorenak, eta, hortaz, berriro hautagai izan ahalko dira. Junquerasek eta Turullek politikaren lehen lerroan jarraitzen dute.
Eta orain zer gertatzen da Konstituzionalean?
Doktrina ezarri du gaur Konstituzionalak, baina oraindik sei babes helegite dauzka ebazteko; erbesteratu zirenenak, eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita zigortuak izan zirenenak. Konstituzionalak banan-banan ebatzi dezake horiei buruz, edo denei aplikatu gaur Bassaren kasuan plazaratutako doktrina.