Estatu Islamikoko milaka kide dauden esparru baten kontrola hartu du Siriak

Al-Hol esparruan 24.000 pertsona inguru daude. Siriako armadako zazpi soldadu hil dituzte SDFkoek; Damaskoren aldeko fakzioek pertsona bat hil dute Kobanen.

Al-Hol esparruan dauden pertsona batzuk, gaur. MOHAMMED AL-RIFAI  / EFE
Al-Hol esparruan dauden pertsona batzuk, gaur. MOHAMMED AL-RIFAI / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urtarrilaren 21a
17:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Muturreko islamista ohi bat buru duen gobernu batek kudeatuko du EI Estatu Islamikoko milaka lagun dauden esparru bat. Izan ere, Siriako Gobernuak jakinarazi du gaur Al-Hasaka eskualdeko Al-Hol esparruaren kontrola bereganatu duela. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren esku egon da azken hamarkadan. Hain zuzen, Damaskok egozten dio milizia kurduak buru dituen koalizio horri arduragabe jokatzea, handik alde egin duela egotzita; SDFkoek diote, ordea, Siria ipar-ekialdeko eremu horretatik ihes egin behar izan dutela, Siriako indarrak eraso egiten ari zitzaizkielako. 

Bitartean, bi aldeek elkarri leporatu diote atzo iluntzean adostutako lau eguneko su etena urratu izana. Siriako Defentsa Ministerioaren arabera, SDFkoek Siriako indarrei eraso egin diete droneekin Al-Hasakan. Hori kaleratu du SANA Siriako berri agentzia nazionalak. Kontuan hartu behar da Ahmed al-Xaraa herrialdeko presidenteak lau egun eman dizkiola SDFri, Al-Hasakako egitura administratiboa eta militarra estatuan integratzeko plan bat aurkez dezan. Rojavako Kobane herrian —Siriaren menpeko Kurdistanen, iparraldean— , bestalde, Siriaren aldeko miliziek pertsona bat hil dute eta beste zenbait zauritu. Horren berri eman du Firat New berri agentzia kurduak. Armadak eta Damaskoren aldeko fakzioek inguratuta daukate Kobane.

Handik 300 kilometro ingurura dago Al-Hasakako esparrua. EIren aldeko 42 nazionalitatetako 24.000 pertsona daude han, Al-Jazeera hedabideak dioenez; gehienak, kideen senideak. Nazioartearentzat, oro har, kezka iturri izan da esparru hori azken urteetan, hainbat adituk adierazi izan baitute estremismoa ereiteko gune bat dela, eta han daudenek, ihes eginez gero, Estatu Islamikoa Sirian indartzen lagun zezaketela.

EI garaitu ondoren eraiki zuen esparru hori SDFk. Dena dela, azken urteetan eskatu izan die esparruan herritarrak dituzten estatuei haietaz arduratu daitezela, eta beren herrialdeetan epaitu ditzatela. Izan ere, SDFkoek eta giza eskubideen arloko taldeek nabarmendu izan dute bizitzeko baldintzak eskasak direla han.

Presoak, Irakera

SDFkoek Estatu Islamikoa garaitu zuten, AEBen aire laguntzarekin. Dena den, erasoaldi labur baten ondoren, behin Al-Xaraak —Turkiaren laguntzaz— Baxar al-Assad presidentea kargutik kenduta —2024 amaieran—, AEBek Siriako Gobernua lehenetsi dute bazkide gisa, kurduen milizien tokian. Hori argi utzi zuen atzo Tom Barrack AEBen Siriarako ordezkariak: «Siriak orain badu gobernu zentral aitortu bat». Azpimarratu zuen, bide batez, «iraungita» gelditu dela SDFkoen egitekoa.

AEBetako armadak jakinarazi du EIko presoak Siriatik Irakera mugitzeko operazio bat hasi duela, «ziurtatzeko terroristak azpiegitura seguruetan» egongo direla preso. Hasakako presondegitik 150 preso eraman dituztela ziurtatu dutela, eta datozen egun eta asteetan EIko 7.000 kide ere mugitu ditzaketela iragarri dute. AEBek eskertu egin dute Irakeko Gobernuaren laguntza. 

SDFkoek kontrolpean dituzte EIko beste 9.000 kide inguru dauden dozena bat pasa kartzela. Datu hori eman du gaur Associated Press berri agentziak. Gehienak, 4.500, Gweiran espetxean daude, Al-Hasaka eskualdeko izen bereko hiriburuan; hain zuzen, hiria bera gehiengo kurduko koalizioaren kontrolpean dago.

Eskualde horretan bertan, Siriaren esku geratu da EIkoak dauden beste kartzela baten kontrola. Hori bai, duela bi egun izandako borroketan, 200 pertsona inguruk ihes egin zuten; Damaskok atzo esan zuen, baina, ihes egindako 130 preso atxilotu zituela.

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak SDFri eskatu dio armak uzteko eta taldea desegiteko. Hori adierazi du gaur parlamentuan, AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren kideen aurrean. Erdoganen ustez, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotuta dago SDF; koalizioak, baina, ukatu egiten du hori. Udaz geroztik, bake prozesu batean dira Ankara eta PKK.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.