AEBek Siriako Gobernua lehenetsi dute bazkide gisa, kurduen milizien tokian

Tom Barrack AEBen ordezkariak adierazi du SDFk Estatu Islamikoaren kontra zuen egitekoa «neurri handi batean iraungita» gelditu dela, eta estatuan integratzeko eskatu dio koalizioari. Damaskok lau egun eman dizkio SDFri Al-Hasaka probintzia integratzeko.

Siriako armadako soldaduak Al-Hasaka eskualdean, gaur. MOHAMMED AL-RIFAI / EFE
Siriako armadako soldaduak Al-Hasaka eskualdean, gaur. MOHAMMED AL-RIFAI / EFE
Mikel Rodriguez - Igor Susaeta
2026ko urtarrilaren 20a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekintzekin adierazten ari zena hitzekin ere ofizial egin dute AEBek: aurrerantzean, Sirian Damaskotik agintzen duen gobernua hartuko dute bazkidetzat, kurduen milizien koalizioa beharrean. Tom Barrack AEBen Siriarako ordezkariak gaur arratsaldean X sare sozialean argitaratu duen mezu batean eman du horren berri: «Siriak orain badu gobernu zentral aitortu bat, EI [Estatu Islamikoa] garaitzeko koalizio globalarekin bat egin duena, eta, hala, erakutsi du Mendebalderantz egin duela eta prest dagoela AEBekin terrorismoaren aurka lankidetzan aritzeko». Horregatik, Barrackek adierazi du SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioaren egitekoa «neurri handi batean iraungita» gelditu dela, eta estatuan integratzeko eskatu die. AEBek «batasun nazionala» lehenetsi dute, eta ez dituzte «separatismoa eta federalismoa» sustatuko.

Siriako Gobernuak eta SDFk igandean egin zuten horretarako akordioa, baina ordutik egoera larritu egin da, kurduen eremuetan autonomiari eusteko bermeak nahi baitzituen SDFk, eta Damaskok ezetz erantzun zion. Hortaz, Siriako Gobernuak Rojavako eskualde autonomoaren sarreraraino eraman ditu bere indarrak: Kobane hiria inguratu dute, herrialdearen iparraldean, eta Al-Hasaka hiriaren inguruan dago armada, ipar-ekialdean. Hain zuzen, Siriako presidentetzak ohar batean jakinarazi du lau egun eman dizkiola SDFri Al-Hasaka probintzia osoa —oraintxe Jazira barruti autonomoa dena— estatuan nola integratuko duen proposatzeko. Estatuko SANA agentziak argitaratu duenez, armada Al-Hasaka eta Qamixli hirien kanpoaldean geldituko da, eta «herri kurduetan» bertako herritarrak arduratuko dira segurtasunaz.

SDFkoek ohar batean erantzun dute su etenari eta iragan igandeko akordioan hartutako «konpromisoari» eutsiko diotela, «etorkizunean erasorik jasaten» ez badute. Hortaz, lau eguneko su eten bat indarrean sartzekoa da Al-Hasakan, baina tentsioa gori-gori dago. Ibrahim Olabi Siriak Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera, AEBak ere su etena bermatzeko lanean ari dira.

Estatu Islamikoko presoak, ihesean

Bi dira oraintxe tentsio gune nagusiak: bat, Siriako Gobernuak Kurdistanen egin duen erasoaldia, eta, bestea, SDFk kudeatzen zituen espetxeen egoera, EIko milaka kide baitaude preso horietan. Kezka berezia sortu du Al-Hol esparruaren egoerak: EIren aldeko milaka lagun bizi dira hor —25.000 eta 50.000 artean; familia osoak, kasu askotan—, eta SDFren zaintzapean izan dira azken 11 urteotan. Bada, SDFk gaur jakinarazi du alde egin duela Al-Holetik, Siriako Gobernuaren erasoaldiaren ondorioz milizianoak iparralderagoko hirietara eraman behar izan dituelako. Nazioarteari leporatu dio EIrekiko «axolagabe» jokatzea eta «erantzukizunei uko» egitea. Siriako Barne Ministerioak arratsaldean adierazi du estatuko indarrak Al-Hol hartzen hasi direla. Lehenago, Mazlum Abdi SDFren komandanteak Hawar berri agentziari esan dio Al-Hol zaintzen zuten milizianoek bart gauaz geroztik erasoak jasan dituztela.  

Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, Siria ipar-ekialdean dozena bat espetxeren kontrola eduki dute SDFkoek; horietan EIko 9.000 kide inguru daude preso. Gehienei zera egozten diete: EIko kide izatea 2014an, muturreko talde islamista horrek ofentsiba baten bidez kalifa herria aldarrikatu zuenean Iraken eta Sirian menpean zituen lurraldeetan.

EIren presoak hartzen zituzten bi kartzelatan gertatutakoak bereganatu du arreta. Al-Hasaka eskualdekotik muturreko hainbat islamistak ihes egin zuten atzo, borroken ondorioz. Damaskok atzo gauean jakinarazi zuen berrehunek ihes egin zutela, eta horietatik 130 atxilotu zituztela; datuak berritu ditu gaur: 121ek ihes egin zuten, eta 80 atxilotu dituzte. Raqqa eskualdeko Al-Aqtan kartzelaren bueltan ere borrokan ari dira. SDFko kide batek gaur Rudaw hedabideari azaldu dionez, Siriako armada eta haren aldeko fakzioak hura bonbardatzen ari dira. «SDF eusten ari da. Ez dugu kartzela Siriako armadaren eta haren aldeko talde armatuen esku utziko». Iturri horren beraren arabera, EIko 2.000 bat kide daude han. 

SDFkoek AEBen laguntza militarra eduki dute 2014az geroztik, EIri aurre egiteko. Eta Washington, hain zuzen, bitartekari aritu da bi aldeen arteko azken negoziazioetan. Kurduak nagusi dituen koalizioak leporatu dio, ordea, Al-Hasakako kartzelatik gertu, kilometro batzuetara, base bat duela, eta atzo espetxearen inguruan borrokak piztu zirenean ez zuela esku hartu. Gaurtik, AEBek Siriako Gobernua hartuko dute bazkidetzat EIren kontrako borrokan.

Kobane, berriro setiopean

SDF koalizioak eta horko kide diren miliziek erresistentziarako deia egin dute atzotik. Mugimendu kurduek, oro har, dei horrekin bat egin dute. Siriako Gobernuaren aldeko fakzioak Kobane inguruan dabiltza, eta, SDFren arabera, atzotik zenbait eraso egin dituzte, eta horiei erantzun diete. Ohar batean esan dutenez, hainbat ibilgailu militar txikitu dituzte, eta barruan zeudenak hil dituzte. Bide batez, egoerak Kobanen eragin dezakeen «katastrofe humanitarioaz» ohartarazi du aditu batek, Rudaw hedabidean. «Kobane setiatuta dago; inor ezin da ez sartu, ez atera. Gainera, argindarra eta ur hornidura eten dituzte».

KURDISTAN
Turkiako armada herritarren kontra, gaur, Kurdistango Nusaybin hirian. Mugaren beste aldean dago Qamixli hiria, Siriaren menpeko Kurdistanen, eta horrat iristen saiatu dira hainbat lagun.  METIN YOSKU / EFE

Rojavan egoera koska bat estutu dela eta hori «arriskutsua» dela ohartarazi du gaur komunikatu batean SDFren adar politikoak, SDC Siriako Kontseilu Demokratikoak. Uste du «inoiz ez bezalako mehatxu bati» aurre egin beharko diotela Kobanen, eta hiri horren balioa goratu du, «EIren [Estatu Islamikoa] kontrako erresistentziaren sinbolo global bat delako». Izan ere, kontuan hartu behar da muturreko islamistak hiri hori hartzen saiatu zirela 2014an, baina YPGkoek, Herriaren Babes Unitatetakoek —Siriako kurduen milizia nagusia—, AEBen aireko laguntzaz, eutsi egin zioten, eta, are, kontraerasoari ekin.

Eta egoera hori dela ikusita, eta erresistentziarako deiari erantzunez, Kurdistango komunikabideek kaleratu dute milaka pertsona Rojavara bidean direla autonomia babesteko helburuz. Konboi nagusiak Iraken menpeko Kurdistandik abiatu dira: Kirkuketik eta Sulaimaniyatik.

Igandeko akordioaren ondorena

Egoera guztiz aldrebestu da Sirian azken egunetan. Igandean, Siriako armadaren presioagatik azken bi asteetan borrokan aritu ondoren, akordio bat sinatu zuten Damaskok eta SDFk; iazko martxoan izenpetu eta gerora ezarri ez zutenaren antzekoa zen, finean. Azkenekoak dioenez, koalizioko  —arabiarrak eta beste gutxiengo batzuk ere biltzen ditu— milizianoek Siriako armadan integratu beharko dute; gainera, estatuaren menpe geratuko dira azken hamarkadan SDFkoen kontrolpean egondako Siria ipar-ekialdeko hiru probintziak: Raqqa, Deir ez-Zor eta Al-Hasaka. Estatua, hain zuzen, horiek ia guztiz hartzen ari da azken orduetan, SDFkoak erretiratu ahala.

SDFkoen burua, Abdi komandantea, ituna berrestera joan zen atzo Damaskora, baina hala egin gabe alde egin zuen Siriako presidente Ahmed al-Xaraarekin edukitako bileratik. Al-Xaraa 2024ko abenduan iritsi zen boterera, matxino islamista sunitek ezusteko erasoaldi baten bidez Damaskoraino ailegatzea lortu zutenean. Baxar al-Assad presidenteak Errusiara alde egin zuen, 24 urtez boterean egon ondoren. 2011n hasi zen Siriako gerra zibila, eta 2015etik aurrera ekialdea SDFk izan du kontrolatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.