Ekaitzaren ostean, normaltasuna ez da erabatekoa

AEBek Venezuelari eraso ziotenetik astebete igaro den honetan, herrialdea normaltasunera itzultzeko ahalegina egiten ari dela adierazi dute han bizi diren bi herritarrek. Esan dutenez, administrazioak «normal» funtzionatzen du.

Pertsona bat Caracaseko kaleetan oinez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea marraztuta dagoen mural baten aurrean. RONALD PENA / EFE
Pertsona bat Caracaseko kaleetan oinez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea marraztuta dagoen mural baten aurrean. RONALD PENA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urtarrilaren 10a
04:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astea bete da gaur AEB Ameriketako Estatu Batuek Venezuela bonbardatu eta herrialdeko presidente Nicolas Maduro indarrez eraman zutenetik, nazioarteko legedia hautsita. Gaur-gaurkoz, AEBetan daude preso Maduro eta haren emazte Cilia Flores, eta Delcy Rodriguez dago jarduneko presidente. Hala ere, AEBetako presidente Donald Trumpek eta Etxe Zuriak dute agintea; Rodriguezi ohartarazia diote Maduroren moduan «edo okerrago» amaituko duela «ongi» jokatzen ez badu. Bada, erasoa gertatu eta astebete eskasera, chavismoaren gobernuak tinko eusten diola azpimarratu dute Agustin Otxotorena Venezuelan bizi den enpresari euskaldunak eta Maria Gabriela Machado Venezuelako Atzerri Ministerioko nazioarteko analistak.

Otxotorena Caracasen bizi da, baina bonbardaketak hiriburutik kanpo harrapatu zuen. Hala ere, bonbardaketa, urrutira bada ere, entzun eta ikusi zuela dio. Hasierako izua igarota, eta behin Caracasera itzulita, herrialdea «normaltasunera» itzultzen ari dela azpimarratu du, nahiz eta «normaltasun» hori ez den erabatekoa. «Caracasko kaleak nahiko hutsik daude. Hala ere, taberna, jatetxe eta supermerkatu gehienak irekita daude, %80 edo».

Machado, berriz, Caracasen lan egiten duen arren, ez da bertan bizi, handik 45 minutura dagoen herri batean baizik. Kontatu duenez, egunak pasatu ahala, garraio publikoan sumatu du aldaketarik nabarmenena, ezin baita lanera normaltasunez joan. «Jende askok egiten du lan Caracasen, eta beste askok bertan ikasten dute. Baina larunbatetik etenda dago Caracasera joateko garraioaren ohiko zerbitzua. Ez da normal ari, eta jende asko ezin da unibertsitatera edo lanera joan».

Machadok esan duenez, hiriburuan ere badago «nolabaiteko» eten bat, baina Venezuelako Gobernuaren instituzioetan normaltasuna ikus daitekeela azpimarratu du. «Baliteke nazioarteko albisteetan botere hutsuneaz hitz egitea, baina hori ez da horrela. Ministerioek, Miraflores Jauregiak, Asanblea Nazionalak... denak jarraipena izan du hasiera-hasieratik».

«Baliteke nazioarteko albisteetan botere hutsuneaz hitz egitea, baina hori ez da horrela. Denak jarraipena izan du hasieratik»

MARIA GABRIELA MACHADO Atzerri Ministerioko nazioarteko analista

Horren harira, instituzioek aurrera egitea chavistentzat «lagungarria» dela azpimarratu du Otxotorenak. Izan ere, «haserrea, mina eta urduritasuna» ikusi ditu haiengan, baina Delcy Rodriguezen eskutik chavismoak instituzioetan jarraitzen duela ikusteak «lasaitasuna» ekarri diela nabarmendu du, administrazioak «normal» funtzionatzen baitu.

Rodriguez jarduneko agintariaren inguruan galdetuta, bien artean ondu dute politikariaren inguruko irudi bat. Machadok adierazi duenez, herritar gehienen «babesa» dauka Rodriguezek, eta asko errespetatzen den figura politiko bat da. Xehetasun gehiago eman ditu Otxotorenak. Haren esanetan, «oso maitatua» da chavisten artean, eta hura hautatzeak «esperantza» piztu du. Gainera, oposizioaren aldeko jendearen artean ere ez omen dauka beste lider chavista batzuek daukaten irudi txarrik. «Beste politikari chavista batzuek ezin ikusia sortzen dute oposizioarengan, baina Rodriguezek ez. Politikari apala da, eta edukazio onekoa. Bere ideiak tinko defendatzen ditu, baina ez da batere erasokorra edo konfrontatiboa», zehaztu du.

Iraganera itzultzeari beldurra

AEBen erasoaren osteko lehen orduetan ezinegona nagusitu zen venezuelarren sentimenduetan. Trumpek airean utzi zuen beste eraso bat egiteko aukera, baina argi utzi zuen Venezuelaren petrolioan daukan interesa. Horren inguruan, Otxotorenak dio azken urteetan «gorakada» ikusi dela Venezuelako ekonomian: «Turismoak gora egin du, eta, horren ondorioz, inbertsioek ere bai. Denda asko ari ziren irekitzen, eta fabrikak eta bertako produkzioa ere askoz hobeto zegoen». Gaineratu duenez, atzera begira jarrita, jendea «askoz egoera hobean» bizi da orain, eta lortutako hori galtzeko «mehatxua» nabaritu du Otxotorenak, azken egunetako gertaeren ostean. «Venezuelaren petrolioa eta ekonomia lapurtzen badituzte iraganeko garai latzetara itzuliko ote diren beldurrez dago jendea. Ezinegon hori argi eta garbi ikusten da».  

«Venezuelaren petrolioa eta ekonomia lapurtzen badituzte iraganeko garai latzetara itzuliko ote diren beldurrez dago jendea»

AGUSTIN OTXOTORENA Venezuelan bizi den Euskal Herriko enpresaria

Machadok dioenez, beste zerbaiti ere badio beldurra Venezuelako gizarteak: AEBek beste eraso bat egiteari. Trumpek azken orduetan ideia hori baztertu badu ere, aurreneko erasoaren ostean herritarrek beldurra omen diote beste eraso bati eta zibil gehiagorengan eragina izateari. Horri lotuta, Machadok adierazi du Venezuelak urte asko daramatzala horrelako gerra jarduerarik gabe, eta «barne matxinadak» izan dituen arren, nabarmendu du Venezuela ez dela herrialde «gerrazalea».

Horri lotuta, Venezuelako Poliziari eta armadari dagokienez, biak bat datoz gauean ikus daitekeela aldaketarik nabarmenena erasoa gertatu aurreko egunekin alderatuta. «Poliziaren presentzia gauetan ikus dezakegu; kaleak indar militarrek hartuta daude, beste erasorik izan ez dadin», adierazi du Machadok. Otxotorenak ere gauza bera esan du; egunez ez dagoela Poliziaren presentzia nabarmenik, instituzioak dauden tokietan soilik, baina arratsalde partean, kaleak husten diren heinean, polizia gehiago ikusten dela kalean. «Ez da hiri militarizatu bat. Inondik ere ez», kontatu du. 

Oposizioari dagokionez, berriz, bi sentipen desberdin antzeman dituela nabarmendu du Otxotorenak. Alde batetik, nabarmendu du badagoela jendea Maduroren aurkakoa izanik ere AEBek egindakoaren aurka azaldu dena. «Txartzat jotzen dituzte bai bonbardaketak eta bai Trumpen administrazioaren exijentziak, azken finean arpilatze bat baita». Beste aldetik, Otxotorenak dio badagoela gertatu den guztiaren alde dagoen jendea. Baina «oso gutxi» direla nabarmendu du, eta konbertsazio pribatuetan soilik hitz egiten dutela horren inguruan. Bestela, jendartean «isilik» daudela adierazi du. «Hori sintomatikoa da, Venezuelan asko hitz egiten baita kalean, tabernetan… baina erasoaren ostean tentsioa nabaria da, eta jendea oso bero dago».

Halakoetan, egiazkoa eta faltsua desberdintzen jakitea izaten da zailena. Machadok adierazi duenez, iragan larunbatetik jendea albisteei oso adi dago, eta azpimarratu du Venezuelako gizartea asmatzen ari dela bereizten egiazko albisteen eta «fake news» izan daitezkeenen artean. «Oro har, jendea kontzientziatuta dago informazioa hedabide ofizialetan bilatzeko, eta ez dute albiste faltsurik jasotzen». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.