Andres Martinez Adasme eta Jose Maria Basoa «ondo samar» daude. Horixe bera adierazi du Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkariak, Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Biak ala biak 2024ko irailean atxilotu zituzten, Venezuelan, «ekintza terroristak antolatzea» egotzita, eta atzo bertan askatu zituzten. Martinezek eta Basoak hegazkinez egin dute Caracasetik Madrilerako bidea, Venezuelan preso zeuden Espainiako hiru herritarrekin batera. Behin Barajasko aireportura iritsita, Bilborantz abiatu dira autoz, eta 18:00ak pasatxoan heldu dira etxera.
Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidenteak atzo egindako agerraldi batean iragarri zuen «preso ugari» askatuko zituela gobernuak. Hala ere, orain arte ez dute zehaztu zenbat preso askatu dituzten, baina horien artean dira Andres Martinez Adasme eta Jose Maria Basoa euskal herritarrak. Rodriguezek esan zuenez, «aldebakarreko» erabakia izan da, «beste inorekin hitzartu gabea», eta «bakea eta bizikidetza baketsua sendotzea» du xede.
Bien bitartean, Caballerok zera adierazi du: «Bi bilbotarrak atxilotuta egon diren 15 hilabeteetan ez dituzte haien eskubideak errespetatu, eta egoera benetan larria sufritu dute». Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkariak zehaztu duenez, orain helburua da ahalik eta azkarren «etxera» iristea eta senideekin bildu ahal izatea. Horregatik, Jaurlaritzak «ikuspegi medikotik eta zaintzari dagokionez behar izan dezaketen guztia prestatu du».
Caballerok aipatu duenez, Basoaren eta Martinezen familiei «iristen zen informazio apurra» helarazi zaie, kartzelatu zituztenetik. «Familiaren ezinegona eta etsipena egiaztatu ahal izan ditugu hilabete hauetan guztietan zehar. Ulertzen dut orain txundituta eta itxaropentsu egotea, amesgaizto izugarri hau noiz amaituko zain».
Venezuelako agintariek leporatzen zizkieten karguei dagokienez, zera dio Caballerok: «Ez da egon akusazioak frogatu ahal izateko prozesu legal eta bermatzailerik».
EH Bildu, Venezuelako enbaxadorearekin
Gorka Elejabarrieta EH Bilduko Harreman Politikoetako idazkaria Venezuelak Espainian duen enbaxadorearekin bildu da gaur, Gladys Gutierrez Alvaradorekin, alegia. Besteak beste, Venezuelako Gobernuak hainbat preso —Jose Maria Basoa eta Andres Martinez, tartean— askatu izanaz mintzatu dira.
Bileran, alderdi suberanistaren ordezkariak elkartasuna adierazi dio Venezuelako herriari, eta «AEBek egindako erasoak» salatu. Horrez gain, Venezuelaren etorkizunaz aritu dira Elejabarrieta eta Gutierrez, EH Bilduk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Gobernu bolivartarrak presoak askatuta egindako keinuari balioa eman dio Elejabarrietak, eta esan du EH Bilduk «bakearen, subiranotasunaren eta herrien autodeterminazio eskubidearen alde» lanean jarraitzen duela; berretsi du «elkarrizketa eta diplomazia tresna eraginkorragoak» direla horretarako.