AEB Ameriketako Estatu Batuetako delegazio batek lur hartu du Caracasen. Yvan Gil Venezuelako Atzerri ministroak ohar bat kaleratu du gaur, eta jakinarazi «aztertuko» dutela ea berriro ekingo dieten bi gobernuen arteko harreman diplomatikoei; ministroaren hitzetan, joan zen larunbateko erasoaren eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta haren emaztea preso hartu izanaren «ondorioak» aztertuko dituzte, eta «elkarren arteko agenda bat» adostuko dute. Halaber, Etxe Zuriko iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diote aukeretako bat dela AEBen enbaxada berriro irekitzea Caracasen —Madurok itxiarazi zuen enbaxada hori 2019an, Juan Guaido oposizioko liderrak bere burua Venezuelako presidente gisa izendatu eta Donald Trump AEBetako presidenteak babesa erakutsi zionean—. Venezuelarako Kanpo Bulegoko taldea bidali du Washingtonek hara, eta John McNamara diplomaziaburua ere bai; Estatu Departamentuko iturri baten arabera, «aztertu» egingo dute ea posible den etendako harremanak berreskuratzea.
Bestalde, Fox News AEBetako telebista katean atzo gauean egindako elkarrizketa batean, Donald Trump AEBetako presidentea prest agertu zen beste estatu baten aurkako erasoak hasteko. Trumpek ziurtatu du Karibe itsasoan hasitako operazioen ondorioz eta Venezuelako presidente Nicolas Maduro harrapatu ostean AEBetara itsaso bidez iristen den drogaren %97 geldiarazi duela: «Orain, lurrez eraso egiten hasiko gara, kartelei erasotzen. Kartelek gobernatzen dute Mexiko. Oso tristea da herrialde horri zer gertatu zaion ikustea».
Narkotrafikoaren aurkako operazio gisa aurkeztu du Venezuelan larunbatean egindako erasoa. Eta argudio bera erabiliz mehatxatu izan du Kolonbia ere. El País Espainiako egunkariak gaur kaleratu duen elkarrizketa batean, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak aitortu du Maduroren gisa berean amaitzeko «beldur» izan dela. Herenegun telefonoz hitz egin zuen Trumpekin, eta uste du jadanik ez duela arriskurik. Esan duenez, AEBetako presidenteak azaldu zion Kolonbiaren aurkako operazio militar bat prestatzen arituak zirela.
Venezuela, Kolonbia eta Mexiko, hirurak daude Trumpen jomugan. Esan izan du narkotrafikoari gerra deklaratu diola, eta herrialde horietan dute jatorria, haren hitzetan, AEBetan urtero 250.000 eta 300.000 pertsona artean hiltzen dituzten drogek. AEBetako Osasun Departamentuaren arabera, azken bost urteetan 80.000 eta 115.000 pertsona artean hil dira urtero gaindosiagatik.
Maduro harrapatu eta hurrengo egunean ere izan zuen Mexiko hizpide. Orduko hartan esan zuen Claudia Sheinbaum presidentea ere kezkatuta dagoela kartelek Mexiko kontrolatzen dutelako. «Zerbait egin beharko dugu», gehitu zuen. «Nahiago genuke Mexikok egingo balu, baina kartelek indar handia dute han». Sheinbaumek, ostera, ez ditu begi onez ikusi Trumpen esanak; oroitarazi du Mexiko herrialde subiranoa dela, eta arazoei aurre egiteko soluzio «baketsuen» aldekoa dela bere gobernua.
Aeb-ek atzemandako petroliontziko bi kide aske utzi dituzte
Atlantikoaren iparraldean, Islandiatik hurbil, atzeman zuen AEBetako armadak Marinera petroliontzia herenegun. Gaur aske utzi dituzte tripulazioko bi kide errusiarrak. Hala jakinarazi du Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zakharovak, eta erabaki horrengatik eskerrak eman dizkio Etxe Zuriari. Venezuelarako ezarritako blokeoa hausten saiatzeagatik AEBetako armada Errusiako banderadun itsasontzi horren atzetik ibili da azken hiru asteetan, eta asteazkenean atzeman zuten.
Venezuelaz galdetuta, AEBetako presidenteak larunbateko erasoa goraipatu du berriz ere. Maduro harrapatu ostean emandako lehen hitzaldian, Kuba «erortzear» dela ere adierazi zuen Trumpek. Eta Fox Newsen berretsi du hala izango dela: «Venezuelaren beharra du dirua eta petrolioa lortzeko». Hain zuzen, petrolio horrekin negozioa egin nahi du orain Etxe Zuriko maizterrak. Gaur nazioarteko dozena bat petrolio enpresetako buruekin batzartuko da AEBetako presidentea; horien artean izango da Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari ordezkaria.
Horrez gainera, Trumpek, Truth Social bere sozialean zabaldu duenez, Venezuelaren aurkako beste eraso bat geldiarazteko agindua eman du. Azaldu duenez, hasieran hala egitea aurreikusi zuten, baina, jarduneko gobernuaren jarrera ikusita, erabaki du ez dela beharrezkoa beste eraso bat egitea: «AEBak eta Venezuela elkarlanean ari dira». Eta Caracas «preso politikoak» askatzen hasi izana goraipatu du.
AEBetako presidenteak esan du ere espero duela Corina Machado Venezuelako oposizioko buruarekin datorren astean biltzea: «Ulertu dudanaren arabera, datorren astean pasatuko da hemendik, eta kasu egin nahiko nioke». Machadok Bakearen Nobel saria jaso zuen abenduan, eta prest agertu da saria Trumpekin «partekatzeko». Nobel Institutuak, ordea, ohartarazi dio ezin duela saria besterendu.