Emaitzak lortzeko zain

Miarritzeko eta Biriatuko ordainlekuak blokeatu dituzte Jaka Horiek laugarren mobilizazio egunean. Macroni amore emateko eskatu diote Lapurdin mobilizatu direnek, eta bizi baldintzak hobetzea espero dute.

Kamioiak geldirik Miarritzeko ordainlekuan, atzo, Jaka Horien protestan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Miarritze
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Miarritzeko (Lapurdi) Irati erakustazokako aparkalekuan ordua jarria zuten 09:00etan Jaka Horiek. Mobilizazio handi deitu diotenaren laugarren eguna zen atzokoa. Pixkana bilduz joan, eta, handik gutxira, hitz gehiegi trukatu gabe, bi taldetan banatu ziren: batzuk Biriatuko ordainlekurantz abiatu ziren, eta besteak, Miarritzekora. Zer egin behar zuten argi zuten denek.

Miarritzera iritsi bezain laster, Donostiarako eta Baionarako bi noranzkoetan jarri, eta kamioiak blokeatzeari ekin zioten. Hasieran, kamioi batzuei pasatzen utzi zieten trafikoa gehiegi ez oztopatzeko, baina, denak bazter batean jartzea lortu zutenean, autoei bakarrik utzi zieten pasatzen. Ordainlekuko hesia irekita bazegoen ere, auto gidari batzuek ordaintzeko asmoa agertu zuten, ezjakintasunez, baina Jaka Horiek berehala jakinarazi zieten gaur dohainik zela bidesaria.

Auto gidari askok eta askok jaka horia begi bistan zuten, eta klaxona jotzearekin batera mugimenduarekin bat datozela adierazi zuten, Jaka Horiek «gurekin!» oihukatu bitartean.

Pierre eta Gaelle Fabie aita-alabak hantxe zeuden goizean. Angelutik (Lapurdi) etorri ziren, eta mugimendua hastapenetik sostengatzen dutela esan dute. «Macronek hitz egitea nahi dute, eta dimisioa ematea. Gure erosmen ahalmena handitzea espero dut, eta gure erretretari balioa handitzea», azaldu du Pierre Fabiek. «Mugimendu honek zerbait ekarriko duela pentsatu behar da, ez baita posible hilean 1.200 euro irabaztea; are gutxiago, bi haurrekin bakarrik zaudenean», gehitu du Gaelle Fabiek. Nathalie Martin Baionatik dator. Gauzak aldatzea espero du: «Nik uste dut gauzak lortuko ditugula, eta, Macronek dimisioa ematen badu, ez dago inongo arazorik».

Robert Bredt duela lau urtetik bizi da Baionan. Paristarra da, eta eguna gertutik jarraitzen ari da; batik bat, Parisen zer gertatzen ari den familikoengandik ari da jasotzen. Hark ere mugimendua hastapenetik sostengatzen du, eta, azaroaren 17tik, mobilizazioetan parte hartzen ari da: «Ez naiz hor egunero, lan egiten dudalako, baina asteburuetan hor naiz». Mugimenduak duen antolatzeko modua aldatu duela nabarmendu du: «Hasieran, biribilgunetan jartzen hasi ginen, eta ni, behintzat, ez nintzen oso eroso, hor ez genuela ezer egiten sentitzen nuen. Baina ordainsarietan beste gauza bat da. Kamioiak blokeatzearekin batera, ekonomia blokeatzen dugu, eta hori garrantzitsua da presio egiteko». Boterea herriari itzuliko zaiola espero du, mugimendu honek horretarako balioko duela pentsatzen du. «Politikoek politika beraien artean eta beraientzat egiten dute, baina ez dute herriarengan pentsatzen».

Baionako martxarekin bat

Goizean Baionan klimaren alde egindako martxara ere joan dira Jaka Hori batzuk, horiek ere aldarrikapen horrekin bat egiten dutela adierazteko. Denak ez ziren ados martxara joatearekin, eta ordainsarietan jarraitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.