Nekazaria

Hugues Falys: «Energiaren alorreko multinazionalek ere ekarpena egin behar diote trantsizioari»

Falysek Total Energies multinazionala salatu du: klima aldaketaren eragile izatea leporatu dio, eta, ondorioz, beraren enpresari kalte egin izana. Horregatik, kalte ordaina emateko eskatu du, eta gasa eta petrolioa erauzteari uzteko.

Hugues Falys. ERIC DE MILDT
Hugues Falys. ERIC DE MILDT
Marco Santopadre
2026ko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Belgikan gertatzen ari denak badu Daviden eta Goliaten borrokaren antza. Nekazari batek, Hugues Falysek, erabaki du auzitara eramatea energiaren alorreko Total Energies multinazionala, berotze globalaren eragile eta, beraz, beraren soroei kalte egin dieten fenomeno klimatikoen eragile izateagatik. Epaiketa azaroaren 19an hasi zen, eta espero dute Tournaiko Auzitegiak 2026ko udaberrian emango duela epaia.

«Etxaldea Bois-de-Lessines-en daukat, Hainaut-en [Belgikaren mendebaldean]. 1993az geroztik, zerealak, lekaleak, berdurak eta marrubiak ditut, eta xaroles behiak ere bai larrean, haragi ekologikoa ekoizten baitut. Nire pentzeetako belarra eta neronek ekoitzitako lekalea jaten dute nire behiek», kontatu du Falysek. Nekazaritzako ingeniaria da, Lovainako Unibertsitatearen etxaldeetan ere aritzen da lanean, eta FUGEAren bozeramailea da. Hain zuzen, Valoniako nekazari sindikatu bat da FUGEA, eta Via Campesina nazioarteko nekazari mugimenduko kidea.

Muturreko fenomeno atmosferikoek zer kalte egin diote zure jarduera ekonomikoari?

Urteak dira zuzen-zuzenean pairatzen ditudala klima aldaketaren ondorioak, eta ni bezalaxe daude hamar nekazari belgikarretik zortzi. 2016an, ekaitz batek txikitu egin zizkidan uzta guztiak, eta 2018an, 2020an eta 2022an, berriz, berotearen ondorioz kaltetu zitzaizkidan. Horrek guztiak, galera ekonomikoak ekartzeaz gainera, handitu egin dizkit lan karga eta estresa, gero eta zailagoa baita eguraldiari aldez aurretik igartzea.

Klima aldaketaren eraginez, behartuta nago abelburu gutxiago edukitzera, larreek ez dutelako lehen adina ematen: 160 behi edukitzen nituen garai batean, eta, orain, berriz, ehun. Bazka nahikoa edukitzeko autonomian oinarritzen da nire lana, eta horrek esan nahi du abeltzainak, zenbat bazka ekoitz dezakeen, horren arabera egokitu behar duela azienda.

Zergatik erabaki zenuen zehazki Total Energies enpresari eskatzea kalte ordaina?

Hogei enpresa handik igortzen dute berotegi efektuko gas emisio guztien heren bat, eta Total Energies da enpresa horietako bat. Nire ustez, multinazional horrek ere ekarpena egin behar dio trantsizioari, eta horregatik erabaki dut auzitara eramatea.

Zuk zeuk zein neurri hartu dituzu zeure jardunean?

Badira 30 urte konpromiso pertsonala hartu nuela trantsizio agroekologiko batera bultzatzeko nekazaritza, bai nire ustiategian eta bai nire unibertsitate jardueran. Baina trantsizio horrek, zentzurik izango badu, kolektiboa izan behar du. Petrolio eta gas multinazionalek, ordea, egin behar den guztiaren kontrakoa egiten dute.

«Klima aldaketaren eraginez, behartuta nago abelburu gutxiago edukitzera, larreek ez dutelako lehen adina ematen»

Eta zer egiten du Total Energiesek?

Total Energiesek iragarri du 2030era arte %3 handituko duela hidrokarburo ekoizpena, eta, mundu osoan, multinazional horrek garatzen du egitasmo gehien energia fosilen alorrean.

Zer-nolako kalte ordaina eskatu diozu Total Energiesi?

Nire etxaldean izandako kalteen ordaina eskatu dugu. Irabazten badut, nekazari enpresen kooperatiba bati emango diot dirua, agroekologia sustatzen baitu. Gainerako eskakizunen helburua zera da, etorkizunean kalte gehiagorik ez egitea: nirekin batera Total salatu duten hiru GKEek eta guk eskatu dugu trantsizio plan sinesgarri bat egitea, berehala bertan behera uztea energia fosilen alorreko egitasmoetako inbertsioak, 2030erako %60 baino gehiago murriztea energia fosilen produkzioarekin eta hornidurarekin zerikusia duten emisioak, eta 2050erako guztiz desagertzea petrolio eta gas ekoizpena.

«Halako auziei esker, begien bistan geratzen da nolako kaltea egiten dioten klimari beren jardueraren bidez»

Belgikan nola hartu dute zure salaketa, batik bat gainerako nekazariek?

10.000 herritarrek baino gehiagok babestu dute. Nekazari askok elkartasuna agertu dute, baina beste batzuek ez. Izan ere, ez da erraza izaten zuriketa berderako estrategiei aurre egitea, eta Total Energies halakoak erabiltzeagatik zigortu berri dute Frantzian.

Total Energiesek adierazi du salaketak ez duela «oinarri juridikorik». Multinazionalak esan du ez duela zentzurik petrolio eta gas ekoizle bakarrari egozteak duela ehun urte baino gehiago mundu osoan sorturiko energia sistema baten ondorioak. Zure abokatuek erantzun zuten Frantziako petrolio enpresa erraldoiak erregai fosilak ustiatzen segitzen duela, nahiz eta badakien nolako kaltea egiten dioten klimari karbono dioxidoaren isuriek; gainera, kanpaina mediatikoak egiten ditu emisioen eta klima aldaketaren arteko erlazioa frogatu duten ikerlan zientifikoak gezurtatu nahian, eta kontra egiten die berotze globala borrokatzeko neurriei. Total Energies kondenatuko balute, horrek eragina izango luke energiaren alorreko beste multinazionaletan?

Badakigu gure espedientea sendoa dela, eta abokatu bikain batzuek, hiru GKEk —Giza Eskubideen Ligak, Belgikako FIANek eta Greenpeacek— eta zenbait ikertzaile boluntariok sostengatzen dute. Gure ustez, klimari buruzko auziak tresna ahaltsu bat dira orain, politikak halako erronkak lantzeari uko egin bide dion honetan. Eta espero dugu, bai, honek zeregina izango duela petrolio eta gas multinazionalen jardueran: halako auziei esker, begien bistan geratzen da nolako kaltea egiten dioten klimari beren jardueraren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA