SANTA MARTAKO KONFERENTZIA

Errekuntza atzean utzi nahi dute

Esparru multilateralen blokeoaren jakitun eta Kolonbiaren eta Herbehereen iniziatibaz, erregai fosilak baztertzeari buruz hausnartzen ari dira 50 herrialde baino gehiago Kolonbian.

Gizon bat Txekiako Errepublikako Stonava herriko ikatz meatze batean. MARTIN DIVISEK / EFE
Gizon bat Txekiako Errepublikako Stonava herriko ikatz meatze batean. MARTIN DIVISEK / EFE
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken mendeko garapena ezin daiteke azaldu erregai fosilak aintzat hartu gabe. Ezta Bigarren Mundu Gerratik hona izan diren dozenaka gerra eta gatazkak ere, eta aurten ageri-agerian geratu da petrolioak sortzen duen sukar hori, Amerikako Estatu Batuek Venezuelari eta Irani egindako erasoetan. Erregai fosilak garapen industrialaren eta ekonomikoaren muina izan badira ere, guztiz desorekatua izan da bilakaera hori; Dubaitik Port-au-Princera joatea besterik ez dago ezberdintasun horretaz jabetzeko. Horrez gain, erregai horien errekuntzak azken mendeetako arazo global handiena sortu du: klima larrialdia.

Zientziaren munduak aski demostratu du ezinbestekoa dela erregaien erabilera murriztea, bizkor eta neurri handian, besteak beste Lurraren berotzea moteltzeko eta, ostera, buelta emateko. Baina, klima aldaketaren kontrako nazioarteko borroka duela zenbait hamarkada instituzionalizatu bazen ere, erregai fosilen auziari ez zaio errotik heldu oraindik. Bada, utzikeria hori iraultzeko asmoz, Kolonbiaren eta Herbehereen iniziatibaz, konferentzia bat egiten ari dira: Erregai Fosilez Haragoko Trantsiziorako Nazioarteko Lehen Konferentzia. Santa Martan (Kolonbia) egiten ari dira; ostiralean hasi zen, eta asteazkenean amaituko da.

COParen ordezkoa

2023an Dubain egin zen COP28an adostu zuten bide orri bat egiten hasi beharra zegoela herrialdeek erregai fosilen erabilera murrizteko. Ordea, ez zuten zehaztu ez noiz ez nola. Ezta bide orri hori noiz egiten hasiko ziren ere. Hori bera zehazten hasi nahi izan zuten hainbat herrialdek 2025eko COP30ean, Belemen (Brasil), baina kontra izan zituzten herrialde asko, erregai fosilak erabiltzen jarraitzeko interesa dutenak bereziki.

Geldotasun horri kolpe bat emateko asmoz egingo dute, beraz, Santa Martako konferentzia. COP30 biltzarra amaitu bezain laster iragarri zuten bilkura hori antolatuko zutela bi herrialdeek, eta Kolonbiako Ingurumen ministroak, Irene Velez Torresek, azaldu du konferentziak are garrantzi handiagoa hartuko duela AEBek Venezuelan eta Iranen egindako erasoen ostean: «Krisi global batean gaude, Ekialde Hurbileko gatazkak sortua. Eta gatazka horrek irakatsi digu jada ezin garela erregai fosilen mendeko izan».

«Ekialde Hurbileko gatazka horrek irakatsi digu jada ezin garela erregai fosilen mendeko izan»

IRENE VELEZ TORRES Kolonbiako Ingurumen ministroa

Climate Home News hedabidearekin duela bi aste egindako jardunaldi batean, Velez ministroak azaldu zuen COP eztabaidetan «mugarri» bat egon dela azken urteetan, iaz batez ere: «Herrialde batzuek agendan sartu nahi zuten erregai fosilak erabiltzeari uzteko eztabaida, baina oro har bat etorri ziren hori ez dela posible». Industria fosilari egotzi zion blokeo hori, eta uste du horregatik piztu duela hedabideen arreta Santa Martako konferentziak.

Mendekotasuna

XX. mendearen amaieran, Francis Fukuyama politologo estatubatuarrak «historiaren amaiera» iragarri zuen. Ekialdeko blokea desagertu ostean, aurreikusi zuen demokrazia liberala mundu osoan zehar hedatuko zela eta horrek, era berean, kapitalismoa unibertsalizatu eta merkatu global egonkor bat ekarriko zuela. Ikuspuntu horretatik, beste herrialde batzuek ekoizten dituzten lehengaien mende egoteak ez du ezer txarrik izan behar, baina, amets hori betetzen ari zela zirudienean, arrakalak agertu dira, eta problematiko bihurtu da aurrez arazotzat jotzen ez zena. Energiaren merkatuan nabaritzen da hori gehienbat, bereziki petrolioan eta gas naturalean, lehengai horiek leku jakin batzuetan baitaude, eta herrialde talde batek kontrolatzen baitu horien ekoizpena.

Europako Batasunak, esaterako, ia ez du ekoizten erregai fosilik —ikatza gehienbat—, eta arazoak izateko aukera handiak ditu, nahiz eta erregaiak erosteko duen ahalmenak oraindik ez duen hornidura arazo handirik sortu. Irlandan, adibidez, protesta handiak izan dira azken asteotan, erregai merkatuaren tentsioa dela eta.

Velezek gogorarazi du munduko toki batzuk petrolio eskasia sufritzen hasiak direla, «adibidez Europa», eta horregatik uste du ezinbestekoa dela energia subiranotasunaz hitz egitea. Azaldu duenez, «jarduteko hiru lerro nagusi» landuko dituzte konferentzian, trantsizio energetikoa egiteko, eta lehena hori izango da, «nola murriztu erregai fosilen ekoizpenarekiko mendekotasun ekonomikoa». Kolonbia ere jarri du eredutzat, erregai fosilen esportazioa baita haren ekonomiaren oinarrietako bat.

Multilateralismo berri(tu)a

Azken urteetan multilateralismoaren krisiaz mintzo dira nazioarteko harremanetako aditu asko, batez ere Donald Trumpen bigarren agintaldia hasi zenetik hona. AEBek Bigarren Mundu Gerraren ostean egituratu zuten nazioarteko sistemak harremanetan jartzeko izan duen modu nagusia izan da azken hamarkadetan multilateralismoa, akordio handi eta globaletan oinarritua—nahiz eta AEBek berek ez dituzten sinatu nazioarteko itun asko—, baina Trump lehen agintalditik ari da jarduteko era hori errefusatzen eta buruz buruko akordioak lortzen saiatzen, askotan armen bidez.

Europako Batasuneko eta Hegoalde Globaleko gobernuburu eta estatuburu askok aldaketa hori gaitzetsi dute azken urtean, eta berriro adostasun zabaleko erabakiei heldu beharra nabarmendu dute. Bada, nazioarteko jokalekua gaiztotua dagoen honetan egiten ari dira Santa Martako bilkura, eta multilateralismo selektiboaren eredu garbia da: blokeoak eta ezintasuna saihesteko helburuz, hainbat herrialde ez dituzte gonbidatu elkarrizketetara, industria fosila amaitzeko intentziorik ez dutenak batez ere, nahiz eta NBEren parte diren herrialde multzo handi bat bertaratuko den. Multilateralismo pragmatikoa ere esaten zaio bilkurak antolatzeko modu horri, Kolonbiari ederki doakiona. Hala ere, horrek ez du esan nahi erregai fosilen ekoizle edo kontsumitzaile handiei betoa jarri dietenik; kontrara, Kolonbia eta Herbehereak dira antolatzaileak: lehena petrolio esportatzailea da, eta bigarrena erregai ekoizle handia izan da historikoki, eta munduko petrolio enpresa handienetako batek han du egoitza, Shell-ek.

«Pentsatu behar dugu nola sortu kooperazio klimatikorako forma berriak, erregai fosilak alde batera uztea helburu hartuta»

IRENE VELEZ TORRES Kolonbiako Ingurumen ministroa

Multilateralismo selektibo horren adibide da joan den astean Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Bartzelonan antolatu zuen konferentzia ere; izan ere, «gobernu aurrerakoiak» dituzten herrialdeetako buruak bildu ziren, aldatzen ari den mundu honetan «gerrari eta erreakzioari» nola aurre egin hausnartzeko. Han izan ziren, besteak beste, Kolonbiako, Brasilgo, Mexikoko, Hegoafrikako eta Uruguaiko gobernuburuak. Horri buruz ere jardun zen Velez: «Multilateralismoaren gaia ere landuko dugu, pentsatzeko nola sortu kooperazio klimatikorako forma berriak, erregai fosilak alde batera uztea helburu hartuta».

Erregaien merkatuak

Ikatza, petrolioa eta gas naturala dira erregai fosil nagusiak. Hiruretatik lehena da historian gehien erabili dena, eta, XX. mendetik aurrera petrolioak aurrea hartu ziola bazirudien ere, gaur egun munduan berotegi gasen isuri gehien sorrarazten duen erregai mota da. Hainbat arrazoi daude horren atzean; lehenik eta behin, ikatz erreserbak hedatuagoak daude munduan. Herrialde askok dituzte ikatz erreserbak, eta horiek ustiatzea eta prozesatzea errazagoa da. Beraz, garapen bidean dauden herrialde askorentzat errazagoa, merkeagoa eta eskuragarriagoa da ikatza erabiltzea energia iturri gisa, eta horregatik espero da Afrikan, Indian eta Hego-ekialdeko Asian ikatzaren errekuntzak gora egitea datozen urteetan.

Desabantailak ere baditu ikatzak, noski; batez ere, ez duela petrolioak bezainbesteko energia dentsitaterik —horregatik ez da horren errentagarria ikatzaren nazioarteko merkataritza—, eta proportzioan karbono isuri gehiago sortzen dituela. Petrolioa, berriz, errazagoa da garraiatzeko, hura finduz produktu mota asko lortu daitezke, eta energia asko gordetzen du eremu eta masa txikian. Kontrara, erreserbak mugatuagoak dira, eta munduko leku jakin batzuetan besterik ez daude. Horrek nazioarteko merkatuan tentsioak sortzen ditu, garestiagoa da, eta fintzea prozesu zailagoa eta esklusiboagoa da. Gas naturalaren erabilera asko handitu da azken hamarkadetan. Industrian, argindar ekoizpenean eta etxeen berokuntzan erabiltzen da gehien, eta prozesamendu maila txikiak eta gasbideen bitartez garraiatzeko erraztasunak apaldu egin du prezioa, nahiz eta azken urteetan garestitu egin den, bereziki Mendebaldeko herrialdeek Errusiari jarritako zigorrak direla eta.

Berezitasun horien guztien eraginez, erregai bakoitzaren nazioarteko merkatua berezia eta aparta da. Gas naturala eta petrolioa dira herrialdeen arteko gatazkekiko sentikorrenak; Errusiak Ukraina inbaditu ostean ikusi zen hori gasari dagokionez, eta petrolioarekin ere berdin gertatzen ari da orain, Brent upela 100 dolar baino garestiago baitago eta munduko petrolio eskaintza hilabete batean %10 murriztu baita.

Txina eta AEBak ageri dira hiru erregai merkatuen goiko postuetan, kontsumitzaile handiak baitira. Hala ere, AEBek ekoizpen ahalmen handiagoa dute, petrolio eta gas putzu askoz gehiago baitituzte Txinarekin alderatuta. Txina, beraz, mendekoago da, eta baliteke azken hilabeteetako krisiaren modukoek gogor jotzea. India eta Europako Batasuna ere erregai fosilen inportatzaileak dira, eta Saudi Arabia, Errusia eta Iran esportatzaile handiak dira.

Agintarien ordua

Ostiraletik bihar arte, batez ere zientzialarien eta adituen arteko eztabaidak egiten ari dira, eta asteartetik asteazkenera agintarien txanda izango da. 50 herrialdek baino gehiagok baieztatu dute bertan izango direla; hau da, NBEko herrialdeen laurdenek baino gehiagok. Hala ere, esan bezala, ez dituzte guztiak gonbidatu, konferentzia antzua izan ez dadin. Velezek azaldu du martxan den konferentzian laguntza zientifikorako talde bat sortzea dela asmoa, COPeko bilkuretan IPCC laguntzarako panela den moduan.

«Laguntza talde horrek politikak egiten eta erabakiak hartzen lagunduko die partaideei, batez ere Kolonbiak bezala erregai fosilak erabiltzeari utzi nahi dioten herrialdeei», esan zuen Velez ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA