Ikerbasqueko ikertzailea

Daniel Chavez: «Ezin diegu gauza bera eskatu Norvegiari eta Nigeriari»

Estatuen menpeko petrolio enpresek trantsizio energetikoan rol garrantzitsua izan dezaketela uste du Chavezek, eta horiek ikertuko ditu datozen bost urteetan EHUn egingo duen ikerketa batean, Europatik 2,5 milioi euro jaso eta gero.

Daniel Chavez, EHUren Bizkaiko campusean, Leioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Daniel Chavez, EHUren Bizkaiko campusean, Leioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
DONOSTIA
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nekatuta eta lanpetuta zegoen Daniel Chavez (Paysandu, Uruguai, 1965) BERRIA hartu zuenean, Kolonbiarako bidaia prestatzen ari zen egunetan. Antropologia ikasi bazuen ere, doktoretza eta ikerketak ekonomia politikoaren alorrean egin zituen, Herbehereetan, eta ikuspuntu horretatik begiratu zion klima larrialdiari. Bere ibilbidearen azken urteetarako, Europako Ikerketa Kontseiluaren 2,5 milioi euroko diru laguntza jaso du, eta Euskal Herriko Unibertsitatean egingo du ikerlana, bost urtez: hain zuzen, aztergai izango du Hegoalde Globaleko estatuen menpeko petrolio enpresek zer rol izan dezaketen trantsizio ekologikoan, uste baitu sektore horretako enpresa publikoak eta pribatuak «ezberdinak» direla.

Ekonomia politikoaren ikuspegitik begiratzen diozu klima larrialdiari.

Bai, baina baita antropologiarenetik ere; horregatik, nire hurrengo ikerketa proiektuaren helburua da ekonomia politikoaren eta antropologiaren ikuspuntuak uztartzea. Lehenik eta behin, makrodatuak erabiliz, sektorearen argazki orokorra nolakoa den jakiteko, baina estatu enpresa horien barruan ere sartu nahi dugu, eta, ikerketa metodo etnografikoak erabiliz, ulertu nola funtzionatzen duten eta zeintzuk diren trantsizioaren inguruko ikuspuntuak.

Nola aldatu da petrolioaren nazioarteko merkatua?

XX. mendearen parterik handienean petrolio merkatua enpresa gutxi batzuek kontrolatzen zuten, oligopolio moduko bat osatuta. Eta enpresa pribatuak ziren denak, multinazional handiak, nahiz eta estatu batzuek parte hartzea izan halakoetan —gutxiengoa ziren—. Munduko petrolio merkatua kontrolatzen zuten Iparralde Globaleko enpresa horiei zazpi ahizpak deitzen zitzaien. Baina hori aldatu egin da. Gaur egun, ikusten dugu hogei petrolio enpresarik handienen artean hortxe daudela oraindik Shell, Exxon Mobile, Total eta halako enpresa pribatuak, baina enpresa publikoek indarra hartu dutela. Orain, munduko petrolio enpresarik handiena Saudi Arabiako Erresumarena da, alde handiz, eta hor daude Txinako Estatuaren enpresak eta Hego Amerikakoak ere, Brasilgo Petrobras, adibidez. Gaur egun enpresa horiek merkatuaren erdia kontrolatzen dute, eta erreserben erdia baino gehiago haien eskuetan daude.

Zer eragin izan du aldaketa horrek?

Enpresa pribatuen inguruko literatura akademiko asko dago, baina enpresa publikoei buruz ezer gutxi dakigu, batez ere Hegoalde Globalekoei buruz. Niri interesatzen zaidana da jakitea zer gertatzen ari den errenta apaleko eta ertaineko herrialdeetako enpresa publikoekin, ziurrenik gehiago sufrituko baitute trantsizio energetikoarekin, haien ekonomiak askoz mendekotasun handiagoa baitu petrolio edo gas errentekin.

«Enpresa pribatuen inguruko literatura akademiko asko dago, baina enpresa publikoei buruz ezer gutxi dakigu»

Zer ezberdintasun dago bi enpresa mota horien artean?

Multinazional pribatu handiek oso epe laburreko ikuskera dute, enpresa pribatu ororen sena dena: irabazi-asmoari erantzun behar diote. Akziodunen artean mozkinak banatu behar dituzte, eta epe motzean, gainera; horregatik, ez dute luzerago begiratzen, eta trantsizio energetikoan ezinbestekoa da aurrerago begiratzea. Enpresa horiek, adibidez, energia berriztagarrietan asko inbertitzen hasi ziren, baina azkar utzi diote hori egiteari, ikusi dutelako jada ez dela horren errentagarria. Repsolek horixe egin du Espainian, adibidez.

Baina enpresa publikoek gehiago begiratzen diote interes orokorrari, akziodunak ez baitira dirua irabazi nahian ari diren norbanako gutxi batzuk, herritarrak baizik. Horregatik, Hegoalde Globaleko enpresa batzuk dibertsifikatzen hasi dira; Pretobras bera eta Kolonbiako Ecopetrol, esaterako. Klima larrialdiagatik kezkatuta gaudenok nahi genuke prozesua azkarragoa izatea, baina, behintzat, badaude seinale batzuk bide hori egiteko aukerak daudela iradokitzen dutenak.

Nola murriztu daiteke petrolio ustiaketa?

Kolonbiaren eredua da onena, Gustavo Petro presidenteak duela hiru urte iragarri baitzuen utzi egingo ziotela petrolio hobiak bilatzeari. Baina uste dut kontuz ibili behar dugula Hegoalde Globaleko enpresei gauzak eskatzeko orduan, errentagarriak izan behar baitute aurrerantzean ere estatuen funtzionamenduari eusteko. Hori dela eta, kontuan izan behar ditugu aipatu ohi ditugun ardura komun baina ezberdinduak: ezin diegu gauza bera eskatu Norvegiari eta Nigeriari.

Zor historikoaz ari zara, ezta?

Bai. Nire proiektuko aholkulari Amir Ledew aljeriarrak indize bat aurkeztuko du Santa Martan: adierazten du zer herrialdek itxi behar duten lehenengo petrolio iturria. AEBak, Norvegia, Errusia eta horrelakoak ageri dira lehen postuetan.

«Errealista izan behar dut: atzerakada nabaritzen ari gara nazioarteko klima eztabaidetan»

Petrolioa diru iturri miragarri gisa ikusi ohi da, baina ikerketa askotan adierazi da herrialdeen garapena mugatu ere egiten duela batzuetan. Zergatik?

Ez dago erregai fosilen ustiaketa eta garapena modu matematikoan korrelazioan jartzen dituen legerik, baina joera bat ikus daiteke, ikertzaile askok baliabideen madarikazioa deitzen dioten hori. Askotan, azaltzen dute behar bezala ez gobernatzea edo ustelkeria dagoela horren atzean, baina ni ez nago oso ados horrekin; izan ere, begirada koloniala iruditzen zait, eta ez ditu kontuan hartzen ustezko madarikazio horretatik ihes egitea lortu duten Hegoalde Globaleko herrialdeak. Herrialde garatu asko ere oso menpeko dira, Norvegia eta Herbehereak esaterako, baina ez da berdin azaltzen; hala ere, Herbehereetan arazoak izan ziren, eta orain horri gaitz holandarra deitzen zaio ekonomian.

Iruditzen zaizu klima arloko elkarrizketen giroa gaiztotu egin dela azken urteetan?

Gustatuko litzaidake naizen baino baikorragoa izatea, baina errealista izan behar dut: atzerakada nabaritzen ari gara nazioarteko klima eztabaidetan. Azken COP biltzarrean ez zen lortu petrolioari erreferentziarik egitea, Saudi Arabia eta beste ekoizle batzuk aurka baitzeuden. Horregatik antolatu dute Kolonbiak eta Herbehereek konferentzia, nahiz eta oso gobernu ezberdinak izan. Espero dut konferentziak eragina izatea datozen COP biltzarretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA